KRITIKA. Erakusketa

Neurria neurtzen

Salim Mallaren Desmesura erakusketako irudi bat. MONTEHERMOSO KULTURUNEA.
2019ko azaroaren 5a
00:00
Entzun

'Desmesura.Salim Malla'





Non: Motehermoso Kulturunean, Gasteizen.Noiz arte: Azaroaren 17ra arte.

Sistema metrikoaren pitzaduraz baliatzen da Salim Malla Gasteizko Montehermoso Kulturunean aurkeztutako Desmesura erakusketan. Neurri sistema hamartarretik eratorritako estandarizazioa zalantzan jartzen du. Haren arrakaletan murgilduz, hura definitzeko orduan erabilitako patroiak eraldatzen ditu, perspektiba berriak irekiz. Aurkeztutako lanen euskarriak eta materialak askotarikoak dira; gehienek izaera eskultorikoa bideratzen dute, erakusketa aretoak eskaintzen duen espazio zabala aintzat hartuta. Aipatzekoa da erakusketan aurkeztutako piezak irakurketa kontzeptualean daudela errotuak; beraz, artistak igorri nahi duen mezua zuzen helarazteko, mesedegarriak dira aretoan zehar eskura ditzakegun eskuorri eta eskuliburuak.

Gaur egun kutsu dogmatikoa duen neurri sistema hamartarra Frantziako Iraultzaren magalean izan zen munduratua. Modernitatean bideratutako arrazionalizazio prozesuaren emaitza izan zen, naturatik erauzitako neurtze prozedura, alegia. Xede unibertsal batekin sortu zen, munduko gizon guztiekiko berdintasuna uztartzea helburu izanik. Honela bada, neurri sistema honen hedatzeak lekukotasunera lotutako prozedura ugariak zanpatu ditu. Non geratua da libra frantsesa? Zer da libra gaztelaua? Zergatik dago abian sistema anglosaxoia Ameriketako Estatu Batuetan, neurri sistema hamartarraren ordez? Erakusketak azaltzen duenez, sistema hau ez da zehatza, ezta objektiboa ere, ikerketa zientifiko baten emaitza objektiboetatik eratorritako ideia subjektibo anitzen bateratzearen ondorio baita; betiere bere garaiko testuinguruak baldintzatua.

Erakusketako lehenengo gelara sartzean, material ezberdinez egindako metro ereduekin egiten dugu topo; bata bestearen ondoan, paretan zintzilik. Kolore, testura, luzera ezberdinekoak denak. Paretan zintzilikatutako piezen alboan, artistak haiei forma emateko erabilitako moldea dago. Nahiz eta molde bera erabili, materialen nortasunak moldearen forma gainditzen du, luzera eta testura ezberdineko metroak sortuz. Materialek bideratzen duten luzeren heterogeneotasunaz baliatuta, sistema metrikoaren zehaztasunik ezaren aldarri da hau. Mallak azaltzen duen moduan, neurketa ororen emaitzen balioak ezberdinak izan ohi dira, neurtzen duen pertsonak eta inguruko hainbat faktorek baldintzatuta.

Gaur egungo sistemak bultzatzen duen etengabeko aurrerapen nekagarriak, neurriak geroz eta zehatzagoak izatearen buruhaustean, hainbatetan moldatu du metroaren luzera. Erakusketaren azkeneko gelan kokatua, Argiak neurtzetik argia neurri gisa erabiltzera piezak igortzen duen galdera da: posible al da gaur egungo parametroak zaharkituak geratu izana?

Zaharkituak egon ala ez, argi dago norbanakoaren askatasunerako erreminta gisa sortutako prozedura hau, denboraren poderioz, gizartearen kontrolaren eredu bilakatu dela. Horren seinale dira mediku kontsultetako neurketa tresnez egindako eskulturak. Presioa neurtzeko tresnak, pisua eta altuera neurtzeko tramankulua... Mediku kontsulta simulatzen dute hein batean. Lotura zuzena dute beste gela batean aurkito dugun Opto (proto) tipo piezarekin, ikusmena neurtzeko kutxaz konposatutakoa, alegia. Bortitzak eta arrotzak, mezu argia igortzen dute. Neurtze prozesuetan murgiltzean, subjektu izatetik objektu izatera pasatzen gara, gorputza estandarizatutako zifren arabera gauzatuz. Geure gorputzekiko kontrola sistema metrikoaren baitan geratzen da, beraz.

Gizakiaren eta gizartearen estandarizazio prozesu honek lotura zuzena du gaur egun dirauen sistemaren mesedeekin. Dirugintza metrikoa instalazioak argi igortzen du ideia hau. Sabaian zintzilikatuta, metakrilatozko tutu gardenetan barneratuta daude txanponak. Bi euro, euro bat, berrogeita hamar xentimo... Moneta bakoitza dagokion tutuan sartua eta balioaren arabera ordenatua. Luzera berekoak denak, metro batekoak zehazki. Instalazioari begira, aurreko paretan, kolore ezberdineko hiru koadro daude, altzarien saltoki multinazionalek eskaintzen dituzten zinta metrikoz ehunduak. Globalizazioak bideratzen duen egunerokotasun homogeneoaren adierazle.

Erakusgelan aurkezten diren hausnarketak ikuslearen eskuetan jartzen ditu Desbideratze estandarra lan partizipatiboak. Ikusleak, bere pertzepzioaren arabera, metro bateko luzera izango lukeen zinta itsatsi behar du paretan. Zein da emaitza? Plurala, grafiko baten antzera luzera ezberdineko lerroak aurkitzen ditugu paretan. Nahiz eta norbanakoak pertzepzio ezberdinak izan, gaur egun neurketa parametroak berdinak dira guztiontzat. Premisa unibertsalekin sortutako neurketa sistema, global bilakatu da. Artistak berak azaltzen duenez, ez al da hau politika kolonial ororen amarruetako bat? Gizartearen sektore jakin bat asetzeko izan zen sortua, eta mundu mailan zabaldu zen XIX. mendean. Norbanakoaren lekukotasunak ematen zituen neurtze prozedurak barreiatuz. Azken finean, ingurua eta geure gorputza bera parametro hauetara egokituz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.