Inigo Astiz
Durangoko 49. Azoka. ARAZOKA

Oteiza pozik :)

2014ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Ukitzen du zerbait fundamentala Jorge Oteizaren kalkulu zoro hark: 81 amona. Zure amonaren amonari gehitu beste 78 amona, eta kobazuloetan irudika dezakezu zeure burua larruzko trapu ziztrin bat soinean duzula, hormetan bisonte irudiak-edo margotzen. Lerro zuzen bat, pigmentu gorrizta hark blaitutako esku haietatik sakelako teklatuan hatzaz idatzitako azken emotikonora. Oteiza pozik, eta gu ere pozik. Irribarre han:) eta irribarre hemen:)Argi: zientziatik baino gehiago du poesiatik artistaren kalkuluak, baina ederra da irudia transmisioaren metafora gisa. Gehiegizkoa da etenik eta korapilorik gabeko soka, baina deskribatzen du iraupen gogo bat. Eta hor jotzen du muina.

Finean, irudi hori lortu nahi da Durangoko Azokako lehen egunean ere: 9 bat urteko mutiko koxkorra, irekitzear dauden azokako ateen arteko zirrikitutik barruan zer gertatzen den begira. Katea ez dela etengo esan nahi digu; begirada horretan dagoela 81. amonatik 82. amonarako koska. Gustuz errepikatzen dute urtero sekuentzia bera hedabideek. Gustuz errepikatzen dugu. Sartzen dira jauzika eta pozarren ikasleak —bisonteen pare edo?—, eta segundo bakarrean leporaino daude minutu gutxi batzuk lehenago erabat hutsik zeuden stand-en arteetako kaleak. Odol gaztea, zain zaharretan korrika.

Euforia une bat da. Triunfalistegia? Akaso. Merkantilistegia? Agian. Baina zer da, bada, halako euforia une bat urteko? Kuxkuxeatzen dituzte diskoak, ikusi zuzenekoak, agurtu sortzaileak... Une batez, gozatu egiten dute euskal kulturaz. Une batez, euskal kultura dira. Une batez. Ateak ireki eta bost minutura irakasleak pasatutako inkesta bete nahian dabil lehengo 9 bat urteko mutiko koxkorra. «Zein da gehien saldu den liburua?». Akabo idilioa. Akabo irribarrea. :(
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.