Malandain balletak 'Marie Antoinette' obra emango du Viktoria Eugenian

Bihartik abuztuaren 3ra bitarte izango da ikusgai Donostian. Versaillesen aurkeztu zuten obra estreinakoz, joan den otsailean

Donostia
2019ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
«Maria Antonietaren bizitzaren lekukotza da». Hitz horiekin definitu du Thierry Malandain koreografoak Marie Antoinette obra. Malandain Ballet Biarritzek Versaillesen (Frantzia) aurkeztu zuen estreinakoz lan hori, EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren laguntzaz, joan den otsailean. Eta estreinaldiaren ondotik, Euskal Herriko eta nazioarteko beste hainbat hiritan erakutsi dute, besteak beste, Donostian, Iruñean eta Anberesen (Belgika). Bihartik abuztuaren 3ra, egunero emanaldi bat egingo du balletak Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, 20:00etan.

Ordu eta erdian, Maria Antonietaren bizitza kontatzen du obrak. Musikari dagokionez, alde batetik, Joseph Haydn konpositore austriarraren lau sinfonia aukeratu ditu Malandainek —6.a, 7.a, 8.a eta 73.a—; eta, bestetik, Christoph Willibald Gluck musikari alemaniarraren Orfeo eta Euridize operaren zati bat. Haydnen lanak hura austriarra zelako eta Maria Antonietak ezagutzen zuelako aukeratu dituela azaldu du koreografoak; eta Glucken operaren zatia, berriz, konpositorea Vienan Maria Antonietaren musika irakaslea izan zelako.

«Historiari gertutik jarraitzen ahalegindu naiz», azaldu du Malandainek. Kontatu du hasieran ez zekiela gauza handirik Luis XVI.a eta Maria Antonieta errege-erreginei buruz, baina ikertu ahala jabetu dela zerbait okerra gertatzen zaienean bihurtzen direla «interesgarri» pertsonaiak: «Horren zoritxarreko heriotzarik eduki izan ez balute, seguruenik, ez ziren izango egun diren bezain nabarmenak».

Jantziak eta dekoratua «ederrak» direla ere azpimarratu du. Aurreko emanaldietan, Kursaalekoan kasurako, EOSekin batera aritu zen balleta; oraingoan, berriz, dantzariak bakarrik taularatuko dira. Malandainen ustez, hala ere, obrarentzat egokiagoa da Viktoria Eugenia, lana «bilduta» gelditzen delako antzokiak duen forma borobilduagatik.

Obrak Frantzian izan duen oztopoetako bat argumentua dela esan du, historia lantzen delako, eta denek ez dutelako ikuspuntu bera: «Baliteke publikoak Luis XVI.ari eta Maria Antonietari buruzko beste irudi bat edukitzea, eta irudi hori ez etortzea bat nik obran azaltzen dudanarekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.