KRITIKA. Artea

Egurra, burdina, harria

Mikel Lertxundi artistaren lanak Bilboko Rekalde aretoan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
2019ko urriaren 8a
00:00
Entzun

Mikel Lertxundi

Non: Bilboko Rekalde aretoa.Noiz arte: Urriaren 13ra arte.

Harria, burdina eta egurra. Herri baten irudimen kolektiboaren gauzatzea. Hau da Rekalde aretoko gela nagusira gerturatzean burura etortzen zaidan lehenengo ideia. Han bertan, erakusketa areto nagusiko sarreran, pareta gris zabal baten kontra, hiru pieza aurkezten zaizkit, harriz, burdinez eta egurrez eginikoak. Horman zintzilik egurra dago, euskal basoak hornitzen dituzten zuhaitzen esentzia. Horren azpian burdinazko pieza astuna, bere purutasunean euskaldunon irudimenean errotutako metalurgiaren oroigarri. Eta, azkenik, lurrean, finko ezarria, harrobitik ia zuzenean aterata ematen duen harrizko xafla. Material ezberdineko hiru eskulturek bat egiten dute, euskal paisaia eta kultura hornitzen duten hiru elementuen sintesia irudikatuz.

Erakusketak egitura lineala aurkezten du. Hasierako hormak zuzen bideratzen nau hurrengo espaziora, eta hark, beste batera; azkenean, atariko lehen espaziora ailegatzen naizen arte. Zail egiten zait erakusketaren egitura hau naturaren zikloarekin ez parekatzea. Nolabaiteko kutsu ziklikoa, amaiezina, iragartzen du bide honek, erakusketa amaitzean hasierako puntuan baikara berriz. Hormak dira aretoa antolatzen dutenak. Espazioaren ikuspuntu orokor bat sumatu ezinean, murru altuz eginiko labirinto batean egongo banintz bezala barneratzen naiz. Jarraian piezekin egiten dut topo, bata bestearen atzetik, espazioak pieza hauekiko eskaintzen dituen perspektiba ugariak nabarituz. Betiere material konposaketa berdina: harria, burdina eta egurra.

Maurice Halbawachs soziologo frantsesak azaldu zuen moduan, talde baten memoria geruza ezberdinen bidez egituratzen da, eta rol erabakigarria jokatzen du espazioak. Talde honen partaideak agertzen eta desagertzen diren heinean, beren bizilekua definitzen duten ezaugarriek espazio jakin horretan irauten dute. Denboraren poderioz, gizartearen identitatea atonduz. Euskal eskultura modernoaren genealogiaren barruan, harria, burdina, egurra eta halako materialen erabilerak honako ñabardura hau dakar. Eskultura euskal nortasunaren ikur bilakatzen da.

Aretoan atmosfera bat sortzen da, materialek elkarrekin hitz egiten dute, pieza bakoitzak bestea elkartzen du, eta, aldi berean, bateratze horren partaide bilakatzen gara. Nahiz eta piezak Bilboko erakusketa areto batean egon, materialen izaera propioa mantentzen duten azalera hauek naturaren esentzia ekartzen didate gogora. Espazioaren neutraltasunak eta soinurik ezak aukera ematen dute piezak bere purutasunean gozatzeko. Esperientzia bikaina izango litzateke denboraren higidura aurkezten duten azalerok ukimenaren bitartez sumatu ahal izatea, eutsi egin behar baitiot harriaren, burdinaren eta egurraren testurak mantentzen dituzten piezak hatzekin laztantzeko bulkadari.

Mikel Lertxundik azaldu ohi duenez, material hauek bere inguruaren behaketatik abiatuz lantzen ditu, naturaren oreka aintzat hartuz eta ikuslea hura hautematera bideratuz. Txikitasunetik handitasunera. Zentzu lokala izan lezakeen lengoaia plastiko honek aiurri unibertsala izatearen premia du. Artistak lantzen dituen piezek lotura zuzena dute lurrarekin, espazioarekin eta denborarekin; eta, aldi berean, hiru kontzeptu hauek norbanakoak munduan daukan bilakaeraren eragile dira. Espazioak eta denborak lurretik ateratako harria, burdina eta egurra higatzen dituzten modu berean, hala eragiten digute guri ere. Aretoan murgiltzen garenean materialekin bat egiten dugu, geu ere naturaren parte baikara.

Beren jatorrizko esentzia mantentzen duten eskulturen jario honetan, piezatxo kopuru zabal batekin egiten dut talka. Lurrean ezarriak, materialen arabera txukunduak: harria —hiruki formakoa—, burdina —karratua— eta egurra —biribila—. Euren artean ezberdinak denak, eta, aldi berean, formen aniztasunak iragartzen duen osotasunaren adierazle. Hiri baten azalera ekartzen dit gogora. Egunerokoan jaso ezin dugun ikuspuntua. Hau kristalezko burbuila bilakatzen da, naturarekiko lotura galtzeko arriskuaren igorle. Gizartearen burujabetasunaren ahultzearen adierazle.

Erakargarria bezain bortitza da ibilbide zirkular honen azkeneko espazioan aurkezten zaiguna: erakusketan zehar dastatu ditugun hiru materialez eginiko hiru kutxa. Oraingoan, objektuaren nortasunak materialaren forma organikoa gainditu du. Memoriaren kutxak dira, esperientziaz, oroitzapenez eta bizipenez hornitzeko sortuak. Ezin dugu ahaztu denborak eta inguruak, Lertxundik landutako materialak eraldatu dituzten era berean, eraldatzen dutela gizakia ere. Espazioa irmo mantentzen da; nahiz eta etengabe eraldatu honek biltzen duen oro. Honela bada, materia etengabe mudatzen den moduan, erakusketaren amaierak haren hasierara garamatza. Heterogeneotasun horrek helarazten duen osotasunean oreka aurkituz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.