KRITIKA. Artea

Azaletik barruraino

Jumana Manna artista estatubatuarraren eskulturetako bat, Donostiako Tabakaleran. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
2019ko ekainaren 25a
00:00
Entzun

'Jumana Manna'

Non: Donostiako Tabakaleran.Noiz arte: Urriaren 6ra arte.

Ezaguna egiten zait erakusketa aretoan harrera egiten duten horman eta pasilloan agertzen diren collageen materiala. Itxura plastifikatua duten paper zatiak dirudite, kolore saturatuz eta bibrazioz betetakoak guztiak ere. Eta zatitxo horien batuketak sortutako mendi, paisaia edo natura hila bera ere ezagunak egiten dira. Badute, ordea, ezinegona sorrarazten duten zerbait: aratzegiak, garbiegiak dira. Naturaren izaera inperfektu eta organikoaren aurrean, irudi artifizialak dirudite, plastikozkoak. Gizakiak bere eskuen arabera irudikatutakoak dira, bere ustezko perfekzioa proiektatzean sortuak; zenbaitetan naturan bertan egiten duen moduan, haren orografia aldatuz, espezieak alde batetik bestera mugituz, beti bere komenentziara.

Botere harreman bat da gizakiak naturaren gain duena. Baita beste herrialdeetako lurren eta landareen gainean duena ere; botere harreman hori gizaki eta naturaren artekoa izatetik, gizarte baten eta bestearen artekoa izatera iritsi izan dena. Eta, hain zuzen ere, honetaz eta beste botere harreman batzuez hitz egiten du Jumana Manna artistak, Tabakalerako bere erakusketan.

Aretoko lehenengo zatia, collageen antzera, aratza da, garbia, monokromatikoa, ia zuria izaterainokoa; eta zuritasun horretan biluzia, gardena, gertukoa eta beroa da. Eskultura organikoak dirudite, abstraktuak, baina testuradunak, lerro txikiak dituzte, zimurduratxoak. Gorputz azal zatiak dirudite; azalen azalak dira, baina tamainan biderkatuak. Batetik, besape inguruneak agertzen dira: babestuak, toallen artean, sauna bat gogorarazten digun egurrezko egitura gainean, azpitik argia, beroa dariola; nolabait, beso azpiak izerditan blai jartzeko asmoz edo. Piezen araztasunak gizartean gorputz atal hauekiko sortutako konbentzioekin talka egiten du; zati zikinak, usain txarra botatzen dutenak, eta, hori dela eta, beti lurrin ezberdinekin ezkutatuta doazenak, eta, nola ez, emakumeen kasuan depilatuta eraman beharrekoak. Gorputzarekiko ditugun harremanak ere ez al dira, ba, nolabait, naturaren gainean ditugunen parekoak? Horren gainean ere ez al dugu inolako kolonizaziorik jaso? Eta kurioski, nahita edo nahi gabean jarrita, behatz baten itxuraz seinalatzen duen antropomorfo formako eskulturaren parera iritsitakoan, leihoaz bestalde, barrokoan edo rococo garaian eraikitako emakume biren irudia ikusten da —Tabakalerako beste erakusketa bateko irudia da—: muxu gorri eta begirada eztizko emakume baten aurpegia dago lehen planoan, bularra bistan duela. Botere harremanen adibideak nonahi.

Instalazioa, oro har, bikaina da, ez kasualitateak eraikitako modu honetako sorpresengatik bakarrik, baizik eta aretoan pasieran ibiliaz, alde batetik bestera mugituz, eskulturen arteko harreman ezberdinak eta ustekabekoak sortzen direlako begien aurrean. Azalak hezurrekin nahasten dira, gorputzaren estalkia gorputzaren egiturekin; eta hauek, halaber, gorputz artifizialen azal eta hezurdurekin: horma geruza eta aldamioekin. Iraganarekiko dugun ikuspegia bera ere beste eraikuntza bat besterik ez baita... Zaharraren eta berriaren arteko lotura; objektu zaharretatik irakurketa berriak egiten omen ditugu, eta objektu zaharrek beti omen dute ezer kontatzeko, apurtuak edo zaborrontzietan egonagatik ere.

Erakusketa osatzen duten bi film ikusgarriak ere ezin dira inolaz ere aipatu gabe utzi: A Magical Substance Flows Into Me eta Wild Relatives. Bietan, modu batera edo bestera, mendebaldeko gizonak Levante deritzogun lurralde geopolitikora joaten dira, eta bertan antzinako ekialdeko ikuspegi kolonialistaren gainean historikoki mendebaldetik eratu ditugun eta oraindik ere eratzen jarraitzen dugun narrazioak eta klasifikatzeen gaiak jorratzen dira; ezagutzaren gaineko botere harremanak, izan tradizioaren eta ondare musikalaren gainekoak, izan naturaren eta hazien ingurukoak.

Denbora konturatu gabe joaten da erakusketan, bai eskulturen artean zirrikituetatik begira, baita bankuan edo egurrezko bestelako egituretan eseri eta filmak ikusten hasiz gero ere. Gozatzeko erakusketa da estetikoki, baina baita hausnarketa sakonetara eramaten duena ere, gai interesgarriak eta sakonak jorratzen dituena, aretoa utzi eta ikusitakoaren itzalak etxeraino laguntzen dizuten horietakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.