KRITIKA. Erakusketa

Zilegi al da?

Vivian Maierri buruzko erakusketa, Tabakaleran. ANDONI CANELLADA / FOKU.
2019ko irailaren 17a
00:00
Entzun

'Vivian Maier. Argazkilari errebelatua'

Non: Donostiako Tabakaleran. Noiz arte: Urriaren 20ra arte.

Bizitzak batzuetan sorpresak ematen omen ditu. Onak izan daitezke, edo txarrak. Eta artean ere izaten dira sorpresak. Onak direnean, nola ez, bereziki pozten dute bat. Vivian Maierren bat-bateko agerpena ere sorpresa hutsa izan zen. Orain dela urte gutxi batzuk, inork ere nahi ez zuen kutxa batean, oraindik ere errebelatu gabeko argazkiak topatu izanaren ondorioz gertatutakoa. Ezagutarazi egin ziren, ordea, eta jendea argazkiak gozatzen eta miresten hasi zen, hasi ginen, Interneten lehenik, erakusketen bidez jarraian. Eta Donostiara ere iritsi da, Tabakalerako Kutxaren aretora, Vivian Maier. Argazkilari errebelatua izenburupean. Oraindik ere, haren lana ezagutarazteko xedean dihardute, eta, horretan, guk haren lanaren zatitxo bat ikusteko aukera ere badugu urria bitartean.

Inork ez du zalantzan jarriko ederra dela Maierren lana, landutako eta zaindutako konposizioak, zenbaitetan bereziak direnak, jostagarriak, itzalarekin, argiarekin eta islarekin jolasean. Ederrak dira egindako erretratuak ere, kalean, pasieran edo egonean zebiltzan anonimoei egindakoak, monumentalak, duinak eta indartsuak. Ederrak dira, oro har, ia modu oldarkor batez, behin eta berriz, behin eta berriz, bata bestearen atzetik ia etengabean ateratako irudiak, New York edo Chicago hirietako bazter, biztanle, espazio, txoko, pauso, oin eta itxaroteenak. Maierren lan osoa osatzen duten 150.000 negatibok baino gehiagok bestela ikusi ezin izango genukeen iragan batera garamatzate, atzera, eta behatxulotik begiratzeko aukera dakarkigute.

Donostian ez ditugu argazki guztiak, erakusketek beti baitute beren baitan hautaketa bat, aretoan ahalik eta modurik txukunenean eta egokienean, irudi bakoitza bere espazioarekin erakusgai ipintzeko beharrezkoa dena, diskurtso jakin bat eratzeko ere nahitaezkoa dena. Komisarioak hautatutakoak dira beti bai lehena eta baita bigarrena ere. Batzuk konplexuagoak dira, hermetikoagoak; besteak, berriz, arinak dira, jarraitzeko zailtasun handirik eskatzen ez dutenak. Horrek ez du esan nahi, ordea, beti lehenak bigarrenak baino hobeak direnik. Hermetikoak diruditen diskurtsoek hutsa izan baitezakete atzean, eta erakusketa bera katramila horretan gal daiteke; aldiz, jarraitzeko errazak direnek lanen estetikaz gozatzeko aukera zabalagoa eta askeagoa eskain dezakete, lasaitasun gune bat, oasi txiki bat izan egunerokotasuneko kezka, larrialdi eta konplexutasun guztien erdian. Diskurtso konplexuko erakusketak beharrezkoak dira, baina honelako oasiak ere tarteka gustura hartzen dira.

Horrelakoxea da Vivian Maierren argazkiez osatutako erakusketa. Dibulgaziozkoa erabat, gogoeta handirik bultzatzen ez duten azpigai tematikoz antolatua, hurrenkera ia kronologiko baten bidez ordenaturik dagoena. Argi dago erakusketako lanei zuku gehiago ateratzerik bazegoela, baina erakusgai dauden lanen kalitateak bisitak merezi izatea eragiten du.

Hala ere, erakusketako aretoetatik biraka, autorretratuak ikusterakoan, eta argazkien atzean zegoen emakumearen begiradan pentsatzerakoan, behin eta berriz zetorkidan galdera bera burura: Zilegi al da? Zilegi al da Vivian Maierrekin gertatutakoa? Familia xumeko emakumea, bere aurrezkiekin argazki kamera erosi eta bere argazkiak errebelatzeko ere dirurik ez zuena. Oraindik ere bizirik zela, bere gauzak gordetzen zituen biltegia ordaintzeari utzi, eta dirudienez beretzat hain garrantzitsuak izandako argazkiak galdu zituena. Zenbait eskutatik pasatu ostean, gizon batek Maiarren lanak hartu eta saltzeari ekin zion, kritikari eta teorialari ospetsu batek —inork dudarik balu, Allan Sekulaz ari naiz— lanen kalitatea berretsi ostean. Eta guztia Vivian Maier ezertaz ere jabetu gabe gertatu zen. Beti marjinetan lan egindakoa, eta bera ohartu ere egin gabe, bere lanak publikatzen eta haren harira etekina ateratzen ari ziren besteak. Eta nahita aukeratu izan balu bide horri jarraitzea, zer?

Geurekoiak izanda, ikaragarrizko sorpresa eta zorte ona izan zen guretzat Maierren lanak egun hartan John Maloofen eskuetara iristea, bestela haren argazkiez gozatzeko aukerarik ez genukeelako izango inondik ere. Hori argi dago. Baina, era berean, badut halako erruduntasun sentsazio bat, gorputza goitik beheraino zeharkatzen didana; egilearen baimenik gabe haren unibertso intimora, haren begietara, sartu izanarena. Zilegi al da?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.