Musikaz omenduko dute Iparragirre, jaio zeneko bigarren mendeurrenean

Jose Mari Iparragirre gogoan, Gontzal Mendibilek kontzertua egingo du Bilboko Arriaga antzokian, hilaren 29an. Beste hainbat musikari batera ariko dira oholtza gainean Donostian, Eibarren eta Urretxun

Arriaga antzokiko emanaldia atzo aurkeztu zuten sustatzaileek. M. RAMIREZ / FOKU.
Maialen Arteaga.
Bilbo
2020ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Jose Mari Iparragirre jaio zela bi mende bete ziren joan den abuztuan. Musikaria omentzeko hainbat ekitaldi izan dira ordutik, eta, asmo berarekin, kontzertu sorta bat ere egingo dute datozen egunotan. Batetik, Gontzal Mendibil Bilboko Arriaga antzokian ariko da hilaren 29an, musikariak berak sustatu duen kontzertuan. Eta, bestetik, hainbat musikarik beste hiru emanaldi egingo dituzte Gipuzkoako beste horrenbeste udalerritan, foru aldundiak sustatuta. Denetan Iparragirreren musika izango dute gogoan.

Mendibil Iparragirre gisa karakterizatuta igoko da Arriagako oholtzara, eta haren hainbat kantu interpretatuko ditu. Ez da, ordea, bakarrik egongo: beste 46 musikariren laguntza izango du. Bilboko Musika Banda eta Bilboko Koral Elkartea ez ezik, Marife Nogales eta Ainhoa Tabuyo abeslariak nahiz Gorka Hermosa akordeoi jotzailea ariko dira kontzertuan, besteak beste.

Beste berezitasun bat ere izango du Arriagako kontzertuak: Iparragirrek Bilbori eskainitako Bilbao eta fueruak pakearentzat poema musikatua lehen aldiz plazaratuko dute. Izan ere, autorearentzako berezia zen Bilbo, Mendibilek azaldu duenez: «Lotura handia izan zuen Bilborekin. Euskaldunon ikur bilakatu den Gernikako Arbola kantuaren lehen notak bertan eman zituen. Hirian hainbat lekutan kantatu zuen, eta oso famatu egin zen. Bilbori poema eder asko eskaini zizkion».

Efemeridetik harago, Mendibilek uste du Iparragirre omentzeko arrazoi bat baino gehiago dagoela. Haren iritziz, Euskal Herriko aldarrien eta kulturaren aitzindaria da:«Euskal Herriko lehenengo kantautorea izan zen. Ikur bat da; gure kantuak munduratu zituen. Garai bateko askatasunari eta bakeari kantatzen zion». Iparragirre Euskal Herrian jaio eta hil bazen ere, Madrilen eta Parisen urte asko eman zituen, besteak beste, eta haietan ere famatu egin zen. Hori dela eta, euskal kulturaren erakusleiho izan zela iruditzen zaio Mendibili: «Oso ibiltaria izan zen. Haren izena asko zabaldu zen, eta Madrilen euskal kulturaren bozgorailu izan zen; beti zuen Euskal Herria bihotzean».

Haren kantak eta olerkiak oraindik ere presente daude euskal kulturan. Mendibilen iritziz, oso adierazgarria da iraupenaren fenomeno hori: «Esanguratsua da duela 150 urteko artista baten kantuak gaur egun abesten jarraitzea. Ez da ohikoa. Nondik gatozen ulertzeko, garrantzitsua da Iparragirre ezagutzea»

Gipuzkoan, hiru geltoki

Gipuzkoan, hiru udalerritan ekarriko dute gogora Iparragirre, aldundiak sustatutako hiru emanalditan. Donostiako San Telmo museoan izango da lehena, igande honetan; Eibarren hurrengoa, hilaren 25ean; eta Urretxun, haren sorterrian, azkena, abenduaren 8an. Aldundiak azaldu duenez, proposamen eszenikoak Iparragirreren «nortasuna, ibilbidea eta garaia» islatuko ditu, bere zazpi abesti ezagunen bidez.

Saioetan zuzeneko musika, ikus-entzunezkoak, errezitatzeak eta dantza uztartuko dituzte. Hala, Olatz Beobide aktorea, Amaia Elizaran dantzaria eta hainbat musikari izango dira oholtzan, tartean, Lide Hernando, Beñat Axiari, Sorkunde Idigoras, Josetxo Silguero, Xabi Zeberio eta Arkaitz Miner.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.