KRITIKA. Artea

Gehiegi eta gutxiegi

Yayoi Kusamaren instalazioaren irudi bat. YAYOI KUSAMA / GUGGENHEIM MUSEOA.
2023ko ekainaren 6a
00:00
Entzun

Yayoi Kusama. 'Infinituaren ispilu-gela - Gizakientzako zorion-guraria unibertsoaz harainditik igorria'

Non: Bilboko Guggenheim museoan.

Aurreko batean ere aipatu nuen azkenaldian erakusketetara konpainiarekin joan ohi naizela. Eta azkena bisitatutako mostran ere hala egin nuen. Lana dela eta, zortea dut, museo gehientsuenetara sartzeko ez baitut ordaindu beharra izaten. Nirekin datozenen kasua, aldiz, ezberdina da, haiek beti ordaindu behar izaten dutelako sartzeko, ordaindu beharreko sarrerarik baldin bada behintzat. Gehientsuenetan nahiko kopuru sinbolikoak izaten dira, ordaingarriak. Azken honetan, ordea, Guggenheim museora joan ginen: 18 euroan sarrera. Eta horri gehitu beharrekoak joan-etorriko gastuak, bereziki Bizkaitik kanpo bizi garenontzat merkeak ere ez direnak.

Jakin bagenekien aspalditik Guggenheim museoa ez dela bertako herritarroi begira funtzionatzen duen instituzioa, baina arrakala hau gero eta handiagoa den sentsazioa dut. Eta museo honen barnean gauzatzen diren erakusketen inguruko kritika idaztearen inguruko hausnarketak, kezkak eta zalantzak ere sorrarazten dizkit horrek: norentzat idazten dut, testu hau irakurriko duen gehiengo handi batek ziurrenik bertaratzeko aukerarik izango ez baldin badu? Zilegi da termino hauetan Guggenheimeko erakusketa batez idaztea?

Kezka eta zalantza hauen artean, azkenean baiezkoari heldu diot, nahiz eta oraindik kontu eztabaidagarria izaten jarraitu niretzat, hari buruz ez idazteko erabakia hartuta ere museoaren politika hauek bere horretan jarraituko baitute, eta honela, berriz, ikusgarritasun apur bat behintzat hartuko du kontuak. Bestetik, gainera, erakusketen aldi baterako izaera dela eta, ohikoa da hainbat mostraren berri murmurio, zurrumurru eta xuxurlen bidez soilik izatea. Hala bada, honakoa ere izan dadila beste murmurio, zurrumurru edo xuxurla bat.

Izatez, Lynette Yiadom-Boakyeren banako erakusketa ikustera joan ginen museora, baina sarreraren 18 euroak ahalik eta gehien amortizatu behar zirenez, bertako gainontzeko proposamenak ere ikusteko aprobetxatu genuen. Batzuk interesgarriagoak iruditu zitzaizkidan besteak baino, baina guztietan arreta gehien eman zidana Yayoi Kusamaren Infinituaren ispilu-gela- Gizakientzako zorion-guraria unibertsoaz harainditik igorria instalazioa izan zen. 103 gelan dago, ikus-entzunezkoak egon ohi diren horretan, eta ia inertziaz hurbildu ginen, museoan bisitatzea falta zitzaigun azken aretoa zelako, baina esperantza handirik gabe. Izan ere, Interneten martxan zeuden erakusketak ikusteko orduan, Kokoscha, Miro eta Yiadom-Bakyeren banakakoak soilik ematen ziren jakitera. Zer pentsatua ere ematen du.

Aretoaren atarian Kusamaren bizitzari buruzko hainbat zertzelada agertzen dira alde batean, eta bestean, instalazioari sarrera ematen dion testua dago. Baina bertan ere, artistaren bizitzaren halako laburpen bat soilik biltzen da, instalazioari buruz apenas deus esan gabe. Aitortu beharra dut ez naizela bereziki Kusamaren lanen zalea, baina museo barnean ginenez, eta dena ikusteko hura bakarrik falta zitzaigunez, barnera sartu ginen. Espazioaren erabilera dela-eta bideo-instalazio bat topatzea espero nuen, baina horren ordez, ikaragarrizko ilara izan zen aurkitu genuena: gela ilun batera barneratzen zihoana eta, bertan, tamaina handiko kutxa bat inguratzen zuena.

Ilara txikitzen zihoan heinean, instalazioa ikusteko kutxara sartu beharra zegoela ulertzen joan ginen. Sartu eta atera. Sartu eta atera. Minutu baten bueltan, pauso bat ematen genuen aurrera. Ia 20 minutu egongo ginen ilaran museora etorritako turista atzerritarrez inguratuta. Luze egin zitzaigun itxarotea. Kuriositatea areagotuz zihoan. Azkenean, iritsi zen gure txanda, eta instalazioaren zaintzaileak kuboaren atea ireki zigun.

Han hasi zen kolore festa, kolore zaparrada. Instalazioaren izenaz ez nintzen akordatu ere egiten, baina haren beharrik ere ez zegoen. Ez da arrazoimenaren bidez hurbiltzeko proposamena, baizik eta gorputz-esperientziatik gozatzekoa. Ispiluzko hormetan islatzen diren kolore bizietako argiek liluratu egiten dute, baina haren kontzientzia hartu baino lehen ireki du berriz ere zaintzaileak kuboaren atea. Kanpora joateko ordua da. Eraginkortasunaren izenean, ilaran dauden gainontzeko turistak ere instalazioan sartu ahal izateko bakoitzaren esperientzia murrizteko erabakia hartu dute. Murmurio, zurrumurru edo xuxurla hutsa izan da azkenean gorpuztutakoa, beste ezertarako aukerarik ez dut izan, tamalez; ez instalazioan lasai egotekoa, ez eta instalazioaz lasai gozatzeko ere.

Irteerara jo dugu, eta 18 euroek eskainitako goiz gazi-gozoari amaiera eman diogu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.