KRITIKA. Artea

Atzerako kontua hasi da

2019ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun

'Landa Lan. A Documentation of Darcy Lange'

Non: Tabakalera, Donostia. Noiz: Martxoaren 19ra arte.

Erakusketa honek beste askok izan ez zuten zurrunbiloa sortu zuen nire inguruan. Iritzi asko jaso nituen erakusketari buruz, pertsonalak, ezagunenak, baita zenbait anekdota ere. Epel, hotz utziko ez ninduen komisariotza proiektua izango zela ondorioztatu nuen haietatik, behintzat. Eta hala izan zen.

Tabakalerako Landa Lan. A Documentation of Darcy Lange erakusketak, denbora falta dela-eta batez ere, gutxitan gertatzen zaidan egoera batera bultzatu ninduen: aretora bi aldiz joatera. Orain dela hilabete inguru izan zen lehen aldia, inauguratu eta aste pare batera. Badakizue, zurrumurruak berehala hasten dira eta. Aretora sartu eta entzundakoaren zati bat berretsi nuen: ezohiko erakusketa bat zen hura. Izan ere, arte erakusketetan normalean objektu estetiko anitz egoten dira, behatu, loturak egin eta hausnarketak planteatzeko, baina oraingo honetan ez zegoen ia deus ere soilik behatzeko edo, hobeto esanda, kontenplatzeko. Eta, beraz, bi aukera posible zituen bidegurutze batean topatu nuen neure burua: handik atera, frustratu eta zurrumurruak elikatzen jarraitzea; edo erakusketak berak eskatzen zuen denborarekin beste egunen batean joan eta hangoaz disfrutatzen saiatzea zinez.

Ez dakit zergatik izango zen, Darcy Lange artistaren izena behin ere entzuna ez nuelako eta horrek kuriositatea sortzen zidalako; zurrumurruen azalkerian ez erortzeko asmoa nuelako; edoeta artxiboen inguruan egiten diren lanek interes berezia sortzen dutelako nigan; baina, azkenean, patxada hartu eta berriz ere joatea erabaki nuen.

Bigarren ikustaldian berretsi egin nuen hura ez zela arratsalde-pasa, aretoetatik bueltatxo bat egiteko, erakusketa. Aretoan sartu, eta, lehenik eta behin, bata bestearen gainean pilaturiko telebista pila ikaragarria aurkezten zaio bisitariari, pantaila bakoitzean bideo lan ezberdin bat ikus daitekeelarik. Haien kaskoak topatzean izan nuen lehen arazoa; erabat nahaspilaturik zeuden guztiak, zein norena zen jakiterik ez zegoen inolaz ere. Probatzen hasi nintzen, beraz, asmatzen saiatzen. Batzuetan, nahikoa erraza izan zen; besteetan, dona-dona-ra jokatzeko zorian izan nintzen. Une horretan pentsatu nuen egia izango zela hura erakusketa benetan hermetikoa zela: digeritzea benetan kostatuko zitzaidanaren mamua nitaz jabetu zen. Eta, orduantxe, topatu nuen gakoa eta erakusketaren ateak parez pare ireki zitzaizkidan, bat-batean.

Denbora eskatzen duen erakusketa da, eta, detaileetan arreta patxadaz jarriz, hura ulertzeko erremintak eta engranajeak martxan jartzen hasten dira pixkanaka. Zenbakiak ikusi nituen dokumentu eta bideoetan, baina txarteltxorik ez inguruan. Orduan konturatu nintzen, aretoaren sarreran, atearen ondoan, liburuxkaren bat egongo zela ziur asko. Eta hala izan zen. Denbora eskatzen du mekanismo horiez denetaz jabetzeko, eta denbora eskatzen du liburuxkako edukia irakurri eta ondoren erakusketako dokumentu eta bideo bakoitza ikusteko ere, baina merezi du denbora hori—izanez gero, behintzat— hartzeak Darcy Langeren irudien eta ekoizpenaren erraietara garamatza, haren konplexutasun osoaren jabe eginez erakusketako bost eremuetan zehar.

Work studies deitu zituen proiektuetan, lan ezberdinen ikerketak egin zituen artistak. Haren interesa, soldata bat biltzeko asmoz egiten den horretan baino, lanaldian bertan zegoen gehiago, eta hortik dator izenburua bera ere: Landa Lan. Landa eremuan egiten den jarduerari ere erreferentzia egiten dio izenburu horrek.

Denetarik jaso zituen bideoz Langek, haren ustez horixe baitzen memoria gordetzeko erremintarik eraginkorrena. Erakusketan ikus daitekeenez, meategietako lana, etxekoa, irakaskuntzakoa, nekazaritzakoa eta Zeelanda Berriko maoriek beraien lurraren alde eginiko mugimenduen memoria jaso zuen, besteak beste.

Azken mahaian, Langeren ezusteko aurpegiaren inguruko hainbat zertzelada ere topa daitezke. Musikaria ere bazen, izan ere; flamenkoaren jarraitzailea.

Dokumentu eta dokumentazio horiekin guztiekin tartekatuz eta elkarrizketan, beste zenbait artisten lanak ere aurkezten dira erakusketan: batetik, agerian utziz garaiko testuinguruan izan zuen eragina; baina, bestetik, haren ekoizpenaren egunerokotasuna azpimarratuz.

Berriz diot: ezohiko erakusketa bat da, baina, denborarekin hartuz gero, merezi du ikusteak. Aprobetxatu beharreko aukera da, dudarik gabe, Tabakaleraren lan ildoa zoritxarrez eta dirudienez aldatzera doan honetan —zuzendari kulturalaren agurra dela eta—, horrelako proposamenak ikusteko azken aukeretako bat izan baitaiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.