KRITIKA. Artea

Harribitxiak

2019ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun

Elena Mendizabal. 'Ugaritasuna'

Non: La Taller galeria, Bilbo. Noiz arte: Maiatzaren 30a arte.

Behin eta berriz defendatzen dudan ideia da erakusketen eta proiektuen kalitatea ez dela tamainagatik neurtzen, nahiz eta badirudien gizarte kapitalista honetan, beti garestiena den hori onena den neurri berean, tamainaz handiagoa den etabisitari gehiago dituen hori gero eta hobea izango dela. Erakusketen arloan, premisa horrekin apurtzen duen espazioetariko bat, dudarik gabe, La Taller da, eta Elena Mendizabalen lanak biltzen dituen Ugaritasuna erakusketak agerian utzi du berriz ere ekuazio horren zentzugabekeria.

Bertan, azken aldian ikusitako erakusketaren eta lanen aurrean izandako esperientzia guztiz ezberdina izateko aukera izan nuen. Badirudi egun, oro har, lanen estetikotasunaren atzean diskurtso garatu bat izatea ezinbestekoa dela ikuslearekin behar bezala konektatzeko, eta hala ez bada lengoaia figuratiboarekiko edo objektu errealekiko keinu esplizituak behar direla. Badirudi, egun 70eko hamarkadako euskal artista jeinuen itzal luzea lausotzeko inoiz baino intentzio handiagoa dagoenez, ezinbestekoa dela abstrakzio geometriko puruaren estetika baztertzeko joera. Elena Mendizabalen lanek, berriz, estetika horretara hurbiltzeko beste ate bat irekitzen digute, eta ikuslea liluratzeko aukera bermatzen dute, artelanak ikusi eta sentsazio zein zentzumen soilen bidez gozatzekoa.

Harribitxiak dira. Kartoizko, plastikozko eta egurrezko harribitxiak. Tamainaz txikiak izanagatik ere —eskuekin eskuen neurrira egindakoak baitira—, trinkoak, eta distira berezia jariatzen dutenak. Ikuslea, guztien erdian kokaturik, ezker, eskuin edo aurrera, nora begiratu ez dakiela ipini, eta, era berean, guztiz babestua sentiarazten dute. Pello Mitxelenaren laguntzaz Mendizabalek eskultura txiki hauekin eginiko instalazio bikainak ere, dudarik gabe, horretan bete-betean laguntzen du. Horman barreiatuta, eskulturak multzokatze ezberdinetan daude, tipologia zabalago baten barneko barietate ezberdinetan zehaztuta baleude bezala: hemen ametistak, han diamanteak, eta, bien artean, zafiroak.

Arteari doiago dagokion hizkuntza ere erabil nezake erakusketari buruz hitz egiteko, eta deskribatu plano ezberdinen jolasen bidez osatutako egitura tridimentsionalak direla, zeintzuetan koloreak plano ezberdin horien arteko elkarrizketak bideratzen dituen. Horrela, uztarketa bat gertatzen da, formen aldetik Errusiako abangoardien estetikarenak diren eta koloreen aldetik pop-ari dagozkion kolore saturatu eta pastelen artean. Baina, modu horretara, alde batera geldituko lirateke erakusketaren beraren eta erakusgai dauden piezetako bakoitzaren xarma, poetikotasuna eta haien multzokatzearen bidez sortzen den atmosfera berezi horrek merezi duen aitortza, eta ez litzateke zilegi inolaz ere.

Hala ere, eskultura txiki hauek ez dira erakusketa osatzen duten pieza bakarrak. Horiekin elkarrizketan, eta La Taller gisako espazio batean egonik hari ere keinua eginez, hainbat fotolito aurkeztu ditu artistak. Hizkuntza geometriko bera dutelarik oinarri, zenbait gertuago daude suprematismoaren eta konstruktibismoaren hizkuntzatik; beste batzuk, berriz, diamanteen forma fazetatuetatik hurbilago; eta beste hainbat, aldiz, tradiziozko euskal elementuekin lotu daitezke. Bi hizkuntzen arteko lotura, forma estetikoan ez ezik, sortze prozesuan bertan ere topa daiteke. Izan ere, eskulturak eskuekin moztu eta itsasteko ekintzen bidez —alegia, collage teknikaren bidez— eginak dauden modu berean baitaude eginak fotolitoak ere. Hori dela eta, azken lan horiek eskulturak egiteko prozesuen garapenaren zati gisara uler daitezke, dudarik gabe. Hain zuzen, eta nahiz eta eskultura gehienak egitura trinkoz osaturik egon —badirelako zenbait lan—, tridimentsionalitate trinko hori lore-begi baten moduan loratu eta espazialitate planoago batera igaro direnak. Horrela, fotolitoak garapen horren azken pauso gisara uler daitezke, loratze horien ikuspegi modura, hain zuzen ere.

Erakusketa borobila eta zentzumenen bidez gozatzekoa da, zalantzarik gabe. Formen sinpletasunaren, edertasunaren eta koloreen laguntzaz sortzen diren harmoniez bustitzekoa. Une batez errealitatetik alde egin, eta nolabaiteko lasaitasun goxoz inguratzeko aukera eskaintzen duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.