KRITIKA. Artea

Gaua, Kuba eta Salazar

2019ko abenduaren 17a
00:00
Entzun

'Benetako gaua'

Artistak: Lester Alvarez eta Jose Ramon Ais. Lekua: Azkuna zentroa, Bilbo. Noiz arte: Urtarrilaren 26ra arte.

Artisten karreren garapenerako hiriburu paradigmatikoak markatu izan ditu akademiak artearen historian. XVII. mendean jada, Erroma artisten ikaskuntza gune garrantzitsua izan zen, denboraren poderioz haien ezinbesteko geltokia bilakatu zena. XIX. mendean, Parisek Erromaren pisua bereganatu zuen, mendebaldeko kulturaren gune paradigmatikoa izanik. Eta Parisek galdu zuenean, New York bihurtu zen arte garaikidearen gune. Gizartea aldatu den heinean, foku artistikoak eraldatu, eta leku batetik bestera egin dute salto. Egun, hiriburutza artistikoak lausotu egin direla esan dezakegu, nahiz eta akademiak markatutako gune artistiko paradigmatikoak egon, bidaiak eskaintzen duen saretze kulturala esperimentatzeko prozedurak aniztu egin baitira. Aniztasun horren guztiaren artean egonaldi artistikoak badu bere lekua; luze eraldatutako prozesu honen arbasoa dela esan genezake. Betiere sortzaileak beren egunerokotasunetik aldentzen ditu, eta inguruak eskaintzen dizkien faktoreek eraginda aritzen dira, errealitate berrietan murgilduta.

Artisten trukatze geografikoa bideratzen duen Artista X Artista egonaldi programak uztartutako sinbiosiaren emaitza da Bilboko Azkuna zentroan aurkeztutako Benetako gaua erakusketa. Lester Alvarez eta Jose Ramon Ais dira partaideak. Artista euskalduna Kuban eta artista kubatarra Euskal Herrian, bata bestearen testuinguruaz blaituz. Benetako gaua tituluak bi sortzaileen egonaldi artistikoen emaitza diren produkzioak biltzen ditu. Alvarezek Euskal Herriko egonaldian garatutako bi serie piktoriko eta Ais euskaldunak Habanako egonaldiaren eraginez ekoiztutako bideo instalazioak dira mostraren osagaiak.

«Bi aberri dauzkat nik: Kuba eta gaua», adierazi zuen Jose Martik. Ildo berean, gauaren terminoak presentzia argia izanen du mostran aurkituko ditugun piezetan, Alvarezen eta Aisen lanen arteko giltzarri izanik. Lausodura erromantikoaren oinatzak argituz, gauak eta ametsek hartaratzen duten atmosfera onirikoa arnasten da erakusketa aretoan. Errealitatetik aldentzen den mundu irrazionala aurkeztu ez ezik, Kubako iragan hurbilarekiko diskurtso kritikoa sortzeko abiapuntua da. Nahiz eta artista bakoitzak bere ikuspuntu eta mezu propioa aurkeztu, piezen arteko elkarrizketa deigarria sortzen da, eta bata bestearen osagarri bihurtzeko aukera ematen du.

Erakusketan barneratzean, Alvarezen Gaua Kuban seriea dugu, literatura kubatarraren arkeologia eginez tradizio literario kubatarraren sintesia bideratzen duena. Aretoko hormari erritmo bizia ematen dioten hamarnaka akuarelen bidez egiten du hori: figuratiboak, ez-figuratiboak, argiak, koloretsuak, ilunak. Bata bestearen atzean daude, segidan zintzilik. Irudi bakoitzak dagokion testua du alboan. Fernando Ortiz, Nivaria Tejera, Ernesto Santana, Reina Maria Rodriguez... ametsa ardatz duten autore kubatarren obren pasarteak, alegia. Literatura ahaztua, zentsuratua edo gobernu castristak goretsitakoa. Kartelak pinturari erreferentzia egin ezean, irudiak dira testuari erreferentzia egiten diotenak. Malenkonia ametsetan islatu ohi den moduan, idazleek egiten dituzten aipamenak irudi bihurtzen baititu Alvarezek.

Istorio hauek biltzen dituen arkitektura onirikoa balitz bezala, Aisen Diz-diz egiten dute gauez instalazioak guztiz harrapatzen gaitu, aretoaren hondoan islatzen den panoramikoan. Aurreko irudiek aurkeztutako giro urbanoa atzean utziz, Kubako landaretzaren oparotasunean murgiltzen gaitu. Eszena idiliko horrek zerbait ezkutatzen du. Pantailak eskaintzen dizkigun mendi eta oihanak osatzen dituzten landareak, intsektuak, zuhaitzak, hausnarketa estetiko zein kontzeptual zehatz baten emaitza dira. Naturako elementuak oinarritzat hartuz, Aisek Kubako istorioak eta historia elkarrekin ehuntzen baititu. Oraingoan ere, gauari erreferentzia eginez, pixkanaka mugitzen den eszena hau ilunduz doa eta, iluntasunak paisaia setiatzen duen heinean, kokuioen distira da gaua argitzen duena. Kubako iraultza garaiko paisaien bitartez, bertako kontakizun herrikoiei dei egiten die.

Gauari erreferentzia egiten dioten bi pieza horiek Kubarekiko lotura argia azaltzen badute ere, Alvarezek garatutako Alonso de Salazar inkisidorearen bidaia serieak botere politikoaren handinahia dakarkigu gogora. Inkisidoreak sorginen ehizarekiko izandako duden hausnarketa bideratzen dute seriea osatzen duten hiru akuarelek. Alabaina, aurreko piezekin alderatuz, lotura falta deigarria da. Besteak gune geografiko eta testuinguru berean oinarritzen dira, baina azken honek handik urruntzen gaitu. Bideo instalazioak eta Gaua Kuban serieak elkar sostengatzen dute, gogoeta sakona uztartuz eta batak besteari hitz eginez. Salazarren bidaia isolatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.