KRITIKA. Artea

Begirada deskolonizatuz

Filipa Cesar artista (ezkerrean), bere lana erakusten.
Filipa Cesar artista (ezkerrean), bere lana erakusten. GORKA RUBIO / FOKU

Jone Rubio Mazkiaran -

2020ko urtarrilak 14

'Kotoiaren algoritmoak'

Artista: Filipa Cesar. Non: Donostiako Tabakaleran. Noiz arte: Otsailaren 16ra arte.

Kolonizatuak izan diren herrialdeen lengoaia plastikoak, istorioak edota bizimodua ulertzeko orduan, Mendebaldeko begiradaren ardatz kolonialetik askatzea beharrezkoa da guretzat. Aipatzekoak dira zenbait artistek lantzen dituzten irakurketak. Desagertutako istorioak lurpetik aterata, itxuraz ezagutzen dugunaren arrakalak ireki eta birpentsatzen dituzte artista horiek, ofizialtasunak uztartzen duen homogeneizazioa urratuz eta, azken finean, haren kontraesanak argitara ateraz. Hain zuzen, perspektiba horren magalean daude Donostiako Tabakaleran, Filipa Cesar. Kotoiaren Algoritmoak erakusketa eta bertan aurkezten diren hiru bideo instalazioak.

Ginea Bissauko deskolonizazio prozesuak utzitako oinatzei jarraitzen die Filipa Cesarrek bere lanean, eta arrasto horiek dira erakusketan ikusleari azaleratzen zaizkionak. Halatan, aurkikuntza prozesu bat izango balitz bezala, Cesarrek haritik tiratzera gonbidatzen gaitu, kolonizazioaren ezbeharrak pairatu zituen herri honen ezaugarriak kolonizatuak izan direnen ikuspuntutik aurkeztuta. Bertakoei ematen die hitza, bai solasaldien bitartez, baita artxiboak arakatzean azaleratutako frogekin ere. Modu honetan, Ginea Bissauko iraganaren eta orainaren arteko harremanak ehuntzen dituzte piezek. Eta horren inguruan izan genitzakeen aurreiritzi edota ikuspuntuak kolokan jartzen dizkigute bideoek; hasieratik, erakusketako azkeneko espaziora ailegatzen garen arte. Ibilbidean zehar bideo instalazioak aurkezten zaizkigu, bata bestearen atzetik, arazoaren hondora iristen diren geruzak izango balira bezala.

Hasiera-hasierako geruza horretan, sabaian zintzilikatutako pantaila handiak atzeko espazioaren ikuspegia mozten du, bertan proiektatzen denari inolako eragozpenik gabe zuzenean begira diezaiogun. Baina zer da bertan proiektatzen dena? Argazki liburu bat eta bi esku agertzen dira. Eskuek liburuaren orriak pasatzen dituzte, eta liburuaren argazkiek igortzen ez dizkiguten azalpenak eskaintzen ditu argazkiak erakusten dizkigun eskuen jabeak. Ginea Bissauko artxibategi nazionaletik ateratako argazki album koloniala da. Begirada kolonialaren ardatzaren menpean egindako argazkiak dira, garai hartako paisaia, pertsona, arkitektura eta monumentuen irudiak biltzen dituen liburuxka, gaika katalogatuak denak. Zeintzuk dira katalogazio horren parametroak? Esaterako, geure Mendebaldeko ikuspegitik landaretza ikusten dugun horretan, bertakoa den narratzaileak bere kulturan zentzu sakratua duten zuhaitzak ikusten ditu.

Horrela, bideoak aurrera egin ahala, irudiek esaten ez digutena helarazten digu kontalariak, gugan, pixkanaka, ikuspuntu berritu bat sortuz. Artxiboaren deskolonizazioak ondare koloniala eta botere harreman neokolonialak zalantzan jartzen ditu hein handi batean, haien birmoldaketa eta deseraikitzea bideratzen baititu. Instituzioek artxiboen inguruan egindako erabilera deigarria da, gune inperialen menpe egon zirenek haien ñabardurak mantentzen baitituzte, eta ikuspuntu kolonialistaren iraupenaren eredu dira. Begirada kolonialistak irakurketa zehatz bat eraikitzen du, instrumentalizazio politikoaren nahietara moldatuz, alegia. Albumak badauka artean zentratutako sail bat, baina bertan kolonizatzaileen monumentuak agertzen dira soilik.

Beraz, zeintzuk izan daitezke Ginea Bissauko adierazpen kodeak?

Erakusketaren bigarren geruzak izanen du auzi honen giltzarria. Zuri-beltzeko argazkietatik aldentzen da topatuko dugun hurrengo instalazioa. Atariko pantaila zeharkatzean, kolore anitzeko oihal brodatuz hornitutako mahaitxoak eskaintzen ditu jarraian topatuko dugunaren pistak. Hainbat patroi daude oihaletan brodaturik, kreolerazko hitzez apainduak, irudi geometrikoz hornituak, zuriak, urdinak, laranjak... Panu di Pinti da oihalen izena. Esklabotzaren hastapenetatik Ginea Bissaun dirauen ehuntze teknika da, eta Looming Creole bideo saiakerak azaltzen duenez, bertan brodatutako patroiek oharrak, mezuak eta diskurtsoak eraikitzen dituzte. Bideoan oihalen patroiak gainjartzen dira etengabean, nolabait gure begietan ulertezina den mezu subliminala bidaliko balute bezala. Egungo multinazionalen esplotazio proiektuekin tartekatzen dira kode horiek eta, horrela, neokolonialismoaren itzalaz ohartarazten gaituzte.

Hainbat filmetako pasarteen bidez, hasierako bideoan aurkeztutako eskulturak lekualdatuta, hondatuta eta ahaztuta erakusten ditu azken geruzak. Kolonizatzaile edota esklabo saltzaile horien irudiak Cacheu izeneko gotorlekuan ahantziak agertzen dira, eta irudiok aurreko mendean jazotako askapen iraultzen ikurrak dira nolabait. Dena den, kutsu espektrala duten horiek ez dute kolonizazioaren amaiera adierazten, haren transformazioaren seinale bihurtu baitira denboraren poderioz. Horrela, bada, erakusketak, geruzaz geruza, ikuspuntua eraldatzen digu, denborak mozorrotu duen arazo baten kodeak deseraiki eta begiratzeko modua birmoldatzen baitigu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna