KRITIKA. Artea

Sinpletasunaren edertasuna

Gizon bat Donostiako Tabakaleran, Aitor Ortiz artistareen Gaudi. Inpresio intimoak erakusketan. ANDONI CANELLADA / FOKU.
2020ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun

'Gaudí. Inpresio intimoak'

Artista: Aitor Ortiz. Non: Donostiako Kutxa Kultur Artegunean.Noiz arte: Otsailaren 16ra arte.

Zuri-beltzezko argazkiek badute beti kolorezkoek ez duten beste irakurketa bat. Nostalgia ukitua izan dezakete alde batetik; eta, bestetik, agian iraganaren isiltasunari lotuta daudelako, zarata eta soinu falta. Geldoak dira. Edo geldoagoak behintzat. Aitor Ortizen argazkietan ere, gehienak zuri beltzean inprimatuak izanik, antzeko ezaugarriak topatzea ez da zaila, eta Tabakalerako Kutxa Kultur Arteguneko Gaudí. Inpresio intimoak erakusketakoak ez dira salbuespen.

Badira zenbait artista eta arte lan bazkariko zopatan ere aurkitzen direnak. Ezin uka beraien lanak interesgarriak eta ikusgarriak direnik, baina askotan gehiegizko ikusgarritasun horrek enpatxua sorrarazteko arriskua ere izaten du. Halakoxe sentsazioa da, bereziki Katalunian, Gaudirekin gertatzen dena. Gaudi imanetan, Gaudi postaletan, Gaudi aterkietan, Gaudi fularretan, Gaudi, Gaudi, Gaudi, Gaudi eta Gaudi. Aitor Ortizen erakusketa honetako titulua ikusterakoan ere ezinbestean pentsatu nuen: berriz ere Gaudi?

Ez nuen erakusketa ikusteko asmo handiegirik, bisitatzeke nituen proiektuen listan baziren aurretik zeuden beste titulu batzuk. Baina Donostianarratsalde euritsu batek harrapatu ninduen, hotz egiten zuen kalean, eta nire zitara joateko denbora egin beharra nuela eta, bertan sartu nintzen. Kutxa Kultur Arteguneko erakusketa izanik, nahikoa arin ikusteko erakusketa izateko itxura zuen, arratsalde pasa batean ikusteko modukoa, eta niretzat kaleko euriteetatik babestuz bazkalosteko digestioa egiten nuen bitartean paseatzeko leku aproposa.

Sartzean hartu nuen lehen sorpresa. Aretoa zeharo eraldaturik zegoen. Erakusketa areto honetan egindako erakusketa guztietan espazioaren erabilera oso antzekoak ikusi izan ditut, zutabeen artean altxatutako murruen arabera antolaturikoak, espazio zatikatuak osatuz. Oraingoan, ordea, espazioak goitik beheraino ixten zituzten horma horiek falta ziren. Guztia irekita eta zabalik zegoen, eta bertan, horizontalki sabaitik zintzilik erortzen ziren panel zuri batzuk ikusten ziren, bata bestearen atzean, paraleloan jarriak, kaleak osatuz beraien artean. Eta kaleen artean pasieran gu, bisitariak. Eta kaleak inguratuz, arkitektura. Eraikin zatiak argazkitan. Pausoa moteldu eta gerarazten duten begiradak.

Maisuki pentsatutako instalazioa da horma paraleloetan zehar luzatzen dena. Orain ezkerrerantz daramatenak bisitaria, eskuina zuri, huts utziz, eta alderantziz. Beti aurrera daramate ikuslea, kale bakoitza norabide bakar batean gurutzatuz. Kaleen amaieran eskailerak eta goiko pisua. Konturatu gabe zeharkatzen da aretoa; bertako argiztatze ñabarrak ere izan dezake horretan eragina. Erakusketaren tituluari jarraituz, inpresio intimoa, goxoa, lasaia sortzen da. Pena harrerako testuan aipatzen diren Frederic Mompouren musika doinuak ez aditzea megafonoetatik. Imajinatu egin beharko ditugu, eta norberak berekiko kantatu.

Izan ere, Mompouk nota musikalen sinpletasunaren edertasuna bilatzen zuela esan baldin badaiteke, Ortizek, era berean, azalera handietako egitura arkitektonikoen detaileetan topa daitezkeen oinarrizko forma eta konposizioen sinpletasunean bilatzen du edertasun bera. Egia da zenbait argazkitan Gaudiren eraikinen hainbat ezaugarri tipiko antzematen direla, eta, nahi gabe, burmuinak horretara garamatzala. Baina, dudarik gabe, Gaudi aitzakia soila da hemen. Berdin izango zukeen Ortizen begiradaren bestaldean izenik gabeko arkitektoren baten eraikinak egon balira. Interesgarri direnak argi-ilunekin lortzen dituen kontraste horiek dira: argiak espazioetan sortzen dituen diagonal perfektuak, beirateetako burdinen angelu zuzenak, lerro kurbatuak eta sakontasunak. Perfekzioz zaindu eta bilatutako konposizioak guzti-guztiak.

Pauso bat. Eta beste bat. Argazkien tamaina txikiak haietara hurbiltzera behartzen du aretoetako kaleetan dabilen bisitaria. Eta espazioaren iluntasunak bere begia Ortizenarekiko mimesian urtzen du. Haren inpresio intimoak gure inpresio intimo bilakatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.