KRITIKA. Artea

Ulergaitza

Zin Ex. Abstrakziotik algoritmora erakusketako irudi bat, Donostiako Tabakaleran. JON URBE / FOKU.
2020ko urriaren 6a
00:00
Entzun

'Zin Ex. Abstrakziotik algoritmora'

Lekua: Donostiako Tabakalera.Noiz arte: Urriaren 31ra arte.

Lehengo astean Donostiara joan beharra nuen, eta, bidaia aprobetxatuaz, Tabakaleratik pasatu nintzen, beti izaten baita han zer ikusia. Ez nuen, ordea, ezusteko handirik izan erakusketa nagusiaren kartela ikusterakoan: Zin Ex. Abstrakziotik algoritmora. Donostiako Zinemaldiak irauten duen denbora tartean beti jarri izan dute arte lengoaia honi erreferentzia zuzena egiten dion erakusketaren bat, martxan jarri zenetik, eta, itxura denez eta erakusketako harrera testuan ere ipintzen duenez, etorkizunean modu berean jarraitzeko asmoa du instituzioak.

Esperimentaziozko ikus-entzunezkoen historian zehar ibilaldi bat proposatzea du helburu erakusketak, lehen abangoardia garaietatik abiatuta, gaurdaino luzatzen den denbora tartean. Erakusketan, ordea, helburu horretaz gain, bestelako ildo edo lanen arteko kohesiorik ez da inon sumatzen. Askotan hobe izaten da ezustekorik ez hartzea, ezusteko txarrak hartzea bainoago.

Diskurtsorik ezaren sentsazioa gailentzen da aretoetan. Historian zehar egindako esperimentaziozko ikus-entzunezko batzuk daude, baina beste inolako mugatzerik edo definiziorik gabekoa da proposatzen den testuingurua, zabalegia inondik ere zentzua izan dezan: nazioarteko izen ezagunen zerrenda eta ikus-entzunezkoen andana luze bat. Ezkerreko aretora sartzeko pasilloan eta eskuinera sartzekoan, testu berdin-berdina topatzen du bisitariak, eta horrek are eta harrituago utzi ninduen. Ezkerretara eta eskuinetara aurkituko dena berdina da, beraz? Hau da, bi aretoetan ideia berdinak transmititzen dira? Zertarako orduan bi areto? Zertarako bi testu? Non gelditu da, non galdu da instalazioaren logika? Komisariotza lan bat burutzea artelan multzo bat aukeratu eta espazio batean kokatzea baino lan sakonagoa da, eta erakusketak funtzionatzen ez duenean, jarduera hori burutzean izandako gabeziak begi-bistan gelditzen dira.

Ikusteko zaila den erakusketa bat da: bereziki denboraren aldetik, bisita batean bertako ikus-entzunezko guztiak ikustea ezinezkoa baita haien iraupenagatik. Eta, hain zuzen ere, bertako lan guztiak ikusteko ezintasuna dela eta, alde batetik zein beste aldetik, lanen arteko edukien lotura falta dela-eta, haien artean bisitariak sor ditzakeen harremanak esparru formalera soilik mugatzen dira. Honela, hausnarketa sakonik burutzeko espaziorik ere apenas eskaintzen duen erakusketak, anekdotikoa den horretan soilik geldituaz bisitarion begirada. Begirada indiferentea gailentzen da, eta, ondorioz, erakusketa hermetikoki ixten da bere baitan.

Norentzat eginiko erakusketa da honako hau? Donostiarrentzat? Publiko orokorrarentzat? Ezetz esango nuke. Tabakalerako zuzendaritza arrazoi hori zela-eta aldatu omen zuten. Bertako erakusketak publiko espezializatuarentzat bideratuak omen ziren, konplexuegiak, eta hiritarrei zuzendutako proiektuak, ulerterrazagoak direnak ekoizteko eraldaketa baten beharra omen zegoen. Hura baldin bazen arrazoia, horrelakorik ez da ageri oraindik. Erakusketa aretoetan Zinemaldira etorritako atzerritarrak zebiltzan: ingelesa, frantsesa... entzuten zirenhaien ahoetan. Horiek ez ziren donostiarrak, eta publiko orokorrarentzat zuzendutako erakusketa ulerterraza ere ez da oraingoa.

Zinemaldiaren testuingurua aukera ona izan daiteke atzerritar espezialistentzat bertako erakusketak eta ekoizpenak ikusteko. Ados. Baina haiek erakusketan dauden egile internazional entzutetsuen lanak ederki ezagutzen dituzte. Ezagutzen ez dutena bertakoa da. Urtean behin programazioan parentesia ireki eta bertako publikoari begiratu beharrean, atzerrikoari zuzendutako erakusketa bat proposatzea baldin bada helburua, zergatik atzerritarrari atzerrikoa eta, gainera, ezaguna zaion hori eskaini, gainera inolako diskurtso sakonik gabeko paperez bildutako kaxan? Agian, aukera ona litzateke, parentesia egiten hasita, bisitari horien jarioa bertako ikus-entzunezkoen historia aurkezteko eta, era berean, hura berrikusteko erabiltzea. Izan ere, Sistiagaren lanez gain, euskal ikus-entzunezko esperimentalaren bilakaerak askoz ere ibilbide luzeagoa eta sakonagoa izan du, baina mota honetako proiektuak egiten jarraitzen baldin badugu, ez atzerrian soilik, bertan ere besterik izan ez dela sinesten jarraituko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.