Tabakaleran beteko ditu 10 urte Eremuak arte garaikideko programak

Gasteizko Artiumen eta Bilboko Alondegian antolatu izan dute lehenago. Asteburuan jardunaldi publikoak egingo dituzte egoitza berrian

Eremuak programaren aurkezpena, atzo, Tabakaleran. JON URBE / FOKU.
Ane Eslava.
2020ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bultzatzen duen Eremuak programak hamar urte bete ditu, eta, urtemugarekin batera, aldaketa bat iragarri du: Donostiako Tabakalera izango du aurrerantzean egoitza. Egitasmoaren helburuak, ordea, berberak izango dira aurrerantzean ere: «Artistentzako eta sortzaileentzako plataforma bat eskaintzea, eztabaidarako eta topaketarako giroa bultzatzea eta egungo errealitate artistikoaren behatoki gisa funtzionatuko duen lan espazio bat egokitzea».

2010. urtean abiatu zuen bidea Eremuak-ek, Gasteizko Artiumen, «euskal esparruan praktika artistikoetarako testuingurua sortzeko» asmoarekin. Ondoren, Bilboko Alondegira aldatu zuten, eta atzo jakinarazi zuten aldaketa berria. «Aberasteko eta hazteko bide berriak aztertzeko» xedez eraman dute Tabakalerara, adierazi dutenez.

Heldu den ostiralean eta larunbatean Eremuak-en urteroko jardunaldi publikoak egingo dituzte Tabakalerako Z aretoan, programaren aurtengo jarduera ildoak aurkezteko. Espazioaren aldaketa ez da izango berrikuntza bakarra: jarduera artistikorako beste bi laguntza jarri dituzte martxan, sorkuntza prozesuak bultzatzeko; Laida Lertxundik eta Tripak taldeak jasoko dituzte.

Horrez gain, berria ez den arren proiektuarentzat funtsezkoa den ildo bat da arte sorkuntza, bitartekaritza eta interpretazioa bultzatzeko deialdi jarraitua: 2010etik etenik gabe gauzatu dute eta aurten ere antolatuko dute. Beste hanketako bat Harriak programa da: horren barruan, arte garaikideko erakusketak eta bestelako jarduerak eramaten dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kultur etxeetara, artistei beren lana erakusteko guneak eskaintzeko eta hartzaile berriak lortzeko xedez; aurten, sei zentrok parte hartuko dute. Bestalde, bi egoitza artistiko eskainiko dituzte, Bartzelonako Halfhousen eta New Yorkeko Art Omi zentroetan. Azkenik, Eremuak-ek aldizkari bat argitaratzen du urtero, programaren proposamenak erakusteko, eta ikerketak eta eztabaidak zabaltzeko, eta zazpigarren zenbakia kaleratuko du aurten.

Ibilbide bat

Asteburuko jardunaldietan, azken bi urteetan praktika artistikorako laguntzak jaso dituzten zein Harriak programan parte hartu duten hainbat artistak parte hartuko dute. Halaber, epe horretan babestutako proiektuetako batzuk azalduko dituzte, eta aldizkari berria ere aurkeztuko dute.

Hamar urteko ibilbidean, Eremuak-ek ehun proiektu baino gehiago babestu ditu deialdi jarraituarekin, 90 artista baino gehiagoren lanak jarri ditu ikusgai, hamar argitalpen baino gehiago plazaratu ditu, eta zortzi jardunaldi publiko antolatu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.