KRITIKA. Artea

Gorputzetik gorputzera

Bisitari bat Juncal Ballestinen Artiumeko erakusketan. JAIZKI FONTANEDA. / FOKU.
2021eko otsailaren 9a
00:00
Entzun

'Juncal Ballestin. Bizitza ariketa gisa'.

Non: Gasteizko Artium museoan.Noiz arte: Maiatzaren 23ra arte.

Artiumek Juncal Ballestinen erakusketa inauguratzeko zain nintzen, gogoz. Eta, nahiz eta atzerapentxo bat jasan duen egungo egoera dela eta, azkenik, eta seguruenik esfortzu asko tarteko, badugu haren lanaz gozatzeko parada.

Erakusketa Ballestinen ekoizpen artistikoaren bi lan esparru nagusitan zentratzen da bereziki: batetik, pinturaren inguruan egindako lanak daude, gehienak 2000. urtearen bueltakoak; eta, bestetik, objektuekin egindakoak, azken hauek 1980ko eta 1990eko hamarkaden ingurukoak bereziki. Modu honetan, artistaren ibilbidearen ikuspegi orokor bat aurkezteko nahia sumatu daiteke, nahiz eta bai erakusketako sarrera testuan, bai eta proiektuaren azpitituluan —Bizitza ariketa gisa—, objektuen inguruan egindako ekoizpenek nolabaiteko nagusitasuna hartzen duten.

Ballestinek berak ere aitortzen zuen moduan, egunerokotasunean zoriz topatutako edo lagunek emandako objektuekin lan egiten zuen garai haietan. Hala ere, kontuan hartzekoa da ez zituela lanak topatutako objektu guztiekin egiten, horien artetik berak hautatzen zituenekin baizik. Ideia hau zeharka soilik irakurri daiteke sarrera testuan, baina lan prozesuaren zati hau, inolaz ere, kontuan hartu beharreko elementua da Juncal Ballestinen lanak interpretatu eta aztertzeko garaian.

Honi loturik, Fernando Illana komisarioak aretoko testuan aipatzen duen moduan, gorputzaren presentzia ere funtsezko elementua da, artistak gorputzetik gorputzera egiten baitzuen lan. Gorputz hori, ordea, testuetan erreferentziarik egiten ez bazaio ere, argi dago ez zela inolaz ere gorputz neutral bat, generoak goitik beheraino zeharkatzen zuen gorputz bat baizik, eta artista erabat kontziente zen hartaz. Ezaugarri hori lan egiteko erabilitako zenbait materialetan ikus daiteke, berak sortutako iruditerian, landutako gaietan, baina baita artearen historiari erreferentzia egiteko moduan ere. Honi lotuta bi lan aurkezten dira, erakusketako azken aretoan kokatzen direnak biak: batak A Meret du izenburutzat, eta besteak A Frida. Zalantzarik gabe, Meret Oppenheimi eta Frida Khalori eskainitako lanak dira, hurrenez hurren; parekidetasunetik eskainitakoak, lagunak, kideak balira bezala, bere burua ere nolabait haien alboan kokatuz.

Baina erakusketako azken areto honetan protagonismo nagusia beira-arasek hartzen dute, Juncal Ballestinen sorkuntzan sakonago barneratzeko aukera eskaintzen dutenak. Illanaren intentzioa, agian, lehen aretoa Ballestinen lanaz gozatzeko gune izatean zetzan, eta azken gune hau, berriz, izaera dokumentalagoa duena, gehigarri moduan, artistaren ekoizpenean gehiago barneratzeko tresna gisa eskaintzekoa. Baina bi guneen arteko tartea zabalegia egiten da —bai espazialki zein estetikoki—; eta, ondorioz, dokumentazioa aurreko aretoko lanarekin batera erakustea interesgarriagoa izan zitekeelako ustea gailentzen zait, nahiz eta azken gelan pare bat artelan dauden, hauek oso modu anekdotikoan funtzionatzen baitute bertan eta beste lanekiko loturak hoztu egiten baitira. Ballestinek beste diziplinetan eta lengoaietan egindako proposamen oso interesgarriak ere aurkezten dira beira-arasa hauetan —hala nola modakoak eta eszenografiakoak—, baina hauek ere beste dokumentazioarekin batera aurkeztuz, bigarren mailako ekoizpen gisa irakurtzen dira.

Dena den, erakusketan Juncal Ballestinen lanaren izaera berezia eta aberatsa argi azaltzen da, baita bere lana orain arte idatzitako euskal artearen historiografiaren ezaugarrien baitan kokatzearen ezintasuna eta zentzugabekeria ere, Illanak aipatzen duen moduan. Honen aurrean, komisarioak, hari kasurik egin gabe, testuinguru jakin bati lotuta ulertu beharreko ekoizpena dela aipatzen du eskuorrian, baina nahiz eta hausnarketaren abiapuntua interesgarria den, ikuspegi honek zenbait arazo ere planteatzen dituelakoan nago. Izan ere, zoritxarrez, emakume artistak artearen historiako kanonekiko salbuespen gisa onartzeak haien salbuespenezko egoera indartzea besterik ez dakar. Euskal artearen historiografiak 1980ko hamarkadako irudi jakin bat sortu du, eta argi dago Ballestinen lana harekin ez datorrela bat. Baina azken urteetan argi gelditzen ari den beste gauza bat zera da: irudi jakin horrekin bat ez datozen artistak hainbat izan zirela, eta ez salbuespen gutxi batzuk. Beraz, ez al litzateke interesgarriagoa izango, hauek guztiak —Juncal Ballestin tartean— salbuespen gisara planteatu beharrean, historiografiak eraiki duen 1980ko hamarkadako irudia bera zalantzan jartzea? Erakusketa hau horretarako aukera polita izan zatekeen. Hala ere, ziur naiz horretarako aukera berriak ere iritsiko direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.