KRITIKA. Artea

Azken joerak

Azken bost urteetan Tabakaleran lanean aritu diren 35 sortzaileren piezak biltzen ditu erakusketak. GORKA RUBIO / FOKU.
2021eko martxoaren 9a
00:00
Entzun

'Estudiotik at. Bost urtetako sorkuntza'.

Non: Donostiako Tabakaleran.Noiz arte: Maiatzaren 9ra arte.

Tabakalera maiz plaza publiko gisara aurkeztu izan da, espazio publiko gisara, guztientzat irekia, guztiei ongietorria egiten diena; partekatzeko, disfrutatzeko, hausnartzeko eta ikasteko gunea. Baina, nahiz eta izaera irekia izan oro har, badira itxita dauden zenbait ate ere; bereziki goiko solairuetan kokatzen direnak, espazio pribatuak, lanerako espazioak, sorkuntza espazioak.

Bosgarren urteurrena igaro dela aitzakia gisara hartuta, hormen artean edo hormen barnean eginiko zenbait prozesu bistaratzeko parada ikusi dute; azken urte hauetan Tabakalerako alderdirik garrantzitsuenetarikoa izan dena, nahiz eta hiritarron begiradatik kanpo buruturikoa izan. Baina badirudienez ikusten ez den hori ez dela existitzen, emaitzak ikusgarri bilakatu eta sorkuntza prozesuetatik kanpo egon garen guztiontzat Tabakaleraren alderdi hau ere izatedun bilakatzeko aprobetxatu dute. Urte hauetan zehar egindako lanaren erakusgarria eta Tabakalerak arte garaikidearen ekoizpen gune gisara duen garrantziaren erakusle da Estudiotik at. Bost urtetako sorkuntza erakusketa.

Egindako lan eskergaren adierazgarri da erakusketa aretoetan ekoiztutako proiektu guztien artetik hautaketa bat burutu behar izan dela, guztien artean —ia 100 sortzaile igaro dira bertatik— 35 lan ikus daitezkeelarik, Tabakalerak eskaintzen dituen baliabide eta programa ezberdinetan eginak: artisten espazioak erabiliaz, erresidentziei esker, estudioen erabileren bidez edo ekoizpen artistikorako laguntzak direla eta, besteak beste. Berezitasun honek erakusketari ezaugarri jakin bat atxikitzen dio, eta hori zera da: haren bisita, bisita konplexua bilakatzen duela. Proiektu eta egile ezberdinen lanen anabasa bat da, diskurtsorik gabeko erakusketetan gertatu ohi den moduan. Estetikoki ere lotura gutxi daude, eta guzti honek, hain zuzen, lan bakoitza eta proiektu bakoitza bere indibidualtasunean ezagutzeko beharra sorrarazten dio bisitariari, proiektuen arteko loturak burutzea posiblea den arren. Baina, azkenean, euren artean sor daitezkeen lotura ezberdinak ere lan jakin batzuen arteko harreman jakin batzuk besterik ez dira, eta esan bezala, denen arteko ildo komunaren faltak denbora eta murgiltze maila altuagoa eskatzen dio halabeharrez bisitariari.

Dena den, konplexua bezain interesgarria eta freskoa da erakusketa. Hain zuzen ere, une honetan bertan, artista gazteak—bertakoak zein kanpokoak—jorratzen ari diren azken ildo zein ikerketa esparruak eta joera estetikoak ezagutzeko balio duelako. Orainetik eraikitako 35 begirada eta hausnarketa berri dira, orainari lotutako gai eta esparru ezberdinen gainean egindakoak, Tabakalera beratik hasita. Laura Maioz eta Manu Muniategiandikoetxea izan ziren instituzioko publikoaren bestelako azterketa burutu zutenak, Zer dago kaxabarruan? proiektuaren bidez: irudi bilakatu zituzten bisitariek eraikinaren barnean egiten dituzten ibilbideak, pertsonek espazioekiko harremanean sortutako lorratzak identifikatu eta materializatuz. Harremanekiko interesa beste hainbat proiektutan ere topatzen da. Eszer Katalinen I hold you and you hold me proiektuaren muina ere halakoa da: gorputz harremanean eta konfiantzan oinarritzen da. Eta Ainara LeGardon eta Ignacio Cordobaren elkarlanaren oinarria ere ildo honetan kokatu behar da: Simbiosis sonora. Respirar y contrarrespirarjuntos lana, aretoetako baten soinu banda bilakatzen den audioa.

Izan ere, ekoizpenen artetik, artistek elkarlanean burututako proiektuak dira agian azpimarra nagusia merezi dutenak. Artistak bere bakardadean sortu behar duenaren ideia tradizionalarekin apurtzeaz gain, argi uzten dute elkar eraginak eta elkarlan prozesuak guztiz aberasgarriak izan ohi direla, hori lanen emaitzetan islatzen baita zuzen-zuzenean: Alberto Lopez Baena eta Manuel Pradosen El jardín invasor (Psidium hortus), Milena Rossignoli eta Mikel Escobalesen Proyecto eta Sahatsa Juaregi eta Julia Panadesen Mecheros de gasolina sinbiosi horien bidez sortu diren emaitza interesgarrietako batzuk dira. Artista bakoitzaren lan egiteko modua sumatzen da horietan, baina elkarren artean oso modu organiko batez kohesionatu eta lan egiteko ariketa huts izatetik urrun dauden emaitza esanguratsuak dira ikus daitezkeenak.

Hau esanda, azken joerak ezagutzeko interesa duen ororentzat denbora tarte bat hartu eta bertaratzea merezi duen proposamen bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.