KRITIKA. Artea

Silueta ahantziak

Estibaliz Sadaba Murgiaren Desdoméstica erakusketa. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
2021eko martxoaren 16a
00:00
Entzun

'Desdoméstica'

Non: Bilboarteko Urazurrita Aretoan. Noiz: Martxoaren 18ra arte.

Tuk, tak, tak, tak... entzuten da Bilboarteko Urazurrita aretoaren atea zeharkatu bezain pronto. Estibaliz Sadabaren Desdoméstica mostrari dagokio soinua, eta, hein batean, hura izango da erakusketa dastatzen dugun bitartean gure erritmoa zehaztuko duen pauta. Prozesu horretan, emakumeek tradizionalki espazio publiko zein pribatuekin izandako esperientzia intimo, indibidual edota kolektiboen inguruko hausnarketa bisualak helaraziko dizkigu.

Mostra bi espaziotan egituratzen da. Lehenengo espazio irekian, collageak, argazkiak eta bideoak aurkeztuko zaizkigu. Halatan, lehenik bideo batekin egingo dugu topo, non zapata takoidun oinak pertsonaia printzipalak diren, haiek baitira bidearen mugimenduak zuzentzen dituztenak. Ez dago gorputzik, takoidun hankak baizik. Espazio domestikoak zapaltzen dituzte zapatek, nolabaiteko kontrastea sortuz. Publikotasunak eskatzen duen dotorezia eta edertasun kanonaren baitan erabilitako horiek, espazio pribatu eta itxiaren itzaletan baitaude oraingoan. Kaleko zoru gordina izango balitz bezala, zapatok sukaldeko gainazalak zapaltzen dituzte, besteak beste, eta publikoa denaren eta pribatuaren arteko arrakala urratzen dute.

Espazioko eskailerak igo eta galeria zabalean barneratzen garenean, feminitate kanonikoari esleitutako espazio ereduen ezaugarriak dituzten irudiak sumatzen dira. Hormetan daude ezarriak irudi gehienak, alde batean eta bestean, aurrez aurre eskegiak. Modu horretan, irudien arteko elkarrizketa interesgarria sortzen da.

Horren eredu dira Subversiones domésticas eta Las sobrantes. Emakumeen siluetak ageri dira bietan, baina batak identitaterik gabeko silueta arinak aurkezten dituen bitartean, besteak harrizko eskultura klasiko mardulen irudiak erakusten ditu. Horrela, konposizioen arteko tentsioa sortzen da hein batean, eta, era berean, haien arteko lotura estua ehuntzen da. Harrizko emakumeek historiak ahantzitakoei erreferentzia egin liezaieketen bitartean, besteen kasuan, etxekotasunari lotutako objektuek betetzen dituzte identitaterik gabeko silueten hutsuneak. Alegia, espazio publiko patriarkalak sistematikoki ahantzitako pertsonaia zein jarduera femeninoen sintesi izan daitezke horiek.

Jarraian, irudiek atzean uzten dute aurreko kutsu onirikoa: egunerokotasunetik gertu dauden argazkiak biltzen ditu gehien bat. Halaber, aurkeztutako instalazioak ildo bera mantentzen badu ere, ikuspegia zabaltzen digu, Sadabak urteetan zehar egindako lanen irudiak baitira bertan. Murru zuriari erritmo bizia ematen dion mapa bat da, zeinetan argazkiak edukiaren arabera ordenatuak dauden.

Kaleak, aulkiak, harrien artean utzitako sukaldeko tresnak... erakusten dizkiguten argazkiak ditugu. Hutsik daude, aurretik bertan egon zirenen arrastoak baitira; baina ez dago gorputzik. Argazkiotan agertutako elementuak geure iruditeria kolektiboarekin konektatzen dute. Eta, atlas ikonografikoan aurrera egin ahala, emakumeen gorputzak etxeko tresnekin fusionatzen dira, material bizigabeak pertsona eta objektu arteko hibrido bihurtzen direlarik. Performanceranzko progresioa sumatzen da konposizioetan, non gorputzak objektuei eta irudiei zentzu bat ematen dieten ikur politiko bihurtzen diren.

Tuk, tak, tak, tak... hasieratik entzundako soinu gordina zabaltzen duen gelarantz bideratuko gaitu espazioak; bideoaren barne soinua da bertara gerturatzen gaituena. Kaos orekatu baten bitartez, emakumeen eta eremu publikoen arteko erlazio historikoa islatzen da espazioan. Murgiltzean instalazioarekin egingo dugu topo, zeinak hainbat euskarri eta irudi aurkezten dituen: planoak, pinturen detaileak, performanceak, testuak...

Era honetan, Sadabaren lanak erakusten digu emakumeek espazio publikoetan jorratutako bidea jan egin zuela historiaren ikuspegi androzentrikoak. Beraz, gertaera horiek ikusezin bihurtzeak eragin zuzena du emakumeek kaleetan, herrietan edota hirietan bizitzeko moduei lotutako genealogia ahantzietan. Baina, pixkanaka-pixkanaka, hegemonikoki gorputz femeninoei esleitutako domestikazio prozesuak deseraikitzen dituzten lengoaia plastikoek gorputza, begirada eta pentsamendua zeharkatzen dizkigute. Alegia, genealogia ezkutu horiei jarraipen bizi bat ematen die mostrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.