KRITIKA. Artea

Urte eroak gurean

Bisitari bat, Guggenheim museoan ikusgai den erakusketan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
2021eko maiatzaren 18a
00:00
Entzun

'Urte eroak. 1920ko hamarkada'

Non: Guggenheim museoan, Bilbon. Noiz arte: Irailaren 19ra arte.

Aspaldi da halako erakusketarik ikusi gabea nintzela, bereziki ikusteko eskatzen duen denborari lotutako sentsazioari erreparatuta. Erakusketa txikiagoetara ohituta gaude normalean, nolabait, denbora edo tamaina hartua diegun horietara. Gorputza ere horretara ohituta dago, eta neurrian gozatu eta disfrutatzeko aukera ematen dute gehiegi nekatu gabe. Luzeetan, aldiz, ohikoagoa da astuntasun sentsazioa sumatzea, gehiegikeriarena, eta, ondorioz, erakusgai dauden artelanen arteko selekzioa eginez amaitzea, nekea gorputzean gailentzen den neurrian.

Guggenheimeko Urte eroak. 1920ko hamarkada, tamainaz, azken tipologia honetan sartzen da. Hainbat aretok osatzen dute; zehatzago esanda, instituzioaren 2. solairu guztia erakusketa honi eskainitakoa da. Beraz, tamaina imajinatu dezakezue. Hala ere, ez da inolaz ere erakusketa astuna; alderantziz, neurrian gozatu eta disfrutatzeko aukera ematen duten horietakoa da, eta hori, neurri handi batean, Calixto Bieitori eskertu beharrekoa da, erakusketaren diseinatzaileari.

Oso diseinu freskoa da, are gehiago, atrebitua; arte garaikideari ustez dagozkion kodeekin apurtzen eta jolasten duena. Horma zuriak, adibidez, ia desagertu egin dira, eta aretoen ustezko neutraltasuna albo batera utzi du, areto bakoitzari pertsonalitate propioa atxiki diolarik, ez soilik hormetako kolore bizi zoragarrien bidez, baizik eta baita testuetan erabilitako tipografia ezberdinei esker ere. Aretoan bisitariek topatuko duten gaiarekiko hurbilpena egiten laguntzen dute, edukien transmisiorako euskarri bilakatuz. Era berean, areto batetik bestera sortzen diren haustura estetikoek erritmo propio bat atxikitzen ere lagundu diote erakusketari, espazio batetik bestera igarotzerakoan bisitaria aktibatuz eta gai berrien inguruko interesa berpiztuz; bizigarri moduan funtzionatzen dute.

Aretoetako instalazio ezberdinak ere oso txukunak eta interesgarriak dira, arte garaikideko instituzioetan normalean egiten ez diren loturak burutuz, besteak beste. Horren adibide garbietako bat erakusketako bigarren aretoaren erdian kokatzen diren bi objektuen artean sortzen diren harremanak eta loturak dira: bata, Brancusiren Pájaro en el espacio eskultura; bestea, berriz, garaiko lurruna —biak idulki banatan ipini dituzte—. Sabaira proiektatuta ikus daitekeen filmarena ere aipagarria da. Errekurtso oso eraginkorrak guztiak.

Zalantzarik gabe, aurten bisitatu beharreko erakusketa bat izan daitekeela iruditzen zait, ez soilik aurretik aipatutako kontu horiengatik guztiengatik, baizik eta baita bertan erakusgai dauden artelanengatik ere. Hain ezagunak egiten ez zaizkigun hainbat artista oso interesgarri ezagutzeko aukera bermatzen du Zuricheko Kunsthausarekin elkarlanean egindako proiektuak: Jeanne Mammen edo Xanti Schawinsky, besteak beste; baita orain arte ezezagunak zitzaizkidan beste batzuk ere, Elisabeth Karlinsky eta Marianne Ullmann, esaterako. Hala eta guztiz ere, erakusketan lantzen dituzten gaiekin lotuta, zenbait artistaren falta ere sumatu dudala esan gabe ezin naiz geratu; hutsunerik argienak, agian, bigarren aretoan egon daitezke, zeinetan emakumearen irudi berriari buruz hitz egiten den. Aretoaren izenburua: Rol berriak, eredu berriak. Non gelditu dira, ordea, Tamara Lempicka, Romain Brooks edo Claude Chaun, gai honekiko erakusgarri argienak izan daitezkeen artistak? Emakumezkoaren irudia berriz ere gizonezkoen eskutik sortua aurkezten da, oro har.

Egia da, erakusketan aurrera joan ahala, hasierako aretoen bikaintasuna galtzen hasten dela, bereziki espazio ezberdinetan landu nahi diren gaiekiko proposatzen diren artelanen aukeraketak ez direlako hasierakoetan bezain finak. Hala ere, hasierako aretoetako indarrak nolabait gainontzeko aretoetan ikus daitezkeen gabeziak osatzen ditu, eta horretan, erakusketa historikoetan hain ohikoa ez den beste elementu batek ere laguntzen du: ekoizpen garaikideen tartekatzeak. Lan hauek 1920ko hamarkadarekiko bestelako begirada bat eskaintzea ahalbidetzen dute, distantzia historikoak soilik sor dezakeena. Zenbait ikaragarri ongi ekarriak eta uztartuak dira, besteak beste, lehenengo aretoan ikus daitekeen Kader Attiaren Open Your Eyes lana; beste zenbaiten kasuan, loturak bilatzea ez da hain erraza, edo lan garaikide gehiegiren pilaketa ere sumatu daiteke. Hala ere, zalantzarik gabe, txalotzekoa da garai ezberdinetako lanen uztarketa hau proposatzea.

Hitz gutxitan, ez Guggenheimen, ez eta gure testuinguru gertukoan ere, ikustera ohitu gabe gauden erakusketa mota bat dela esango nuke; ikusgarria, baina, era berean, eduki mamitsuz betea. Horregatik, bederen, bisita bat merezi duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.