KRITIKA. Artea

Menderatuak

Zuhar Iruretagoienaren erakusketako argazki batzuk. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
2021eko ekainaren 1a
00:00
Entzun

'Si cae caballo, cae imagen'



Artista: Zuhar Iruretagoiena. Non: Montehermoso kulturgunea, Gasteiz. Noiz arte: Ekainaren 20ra arte.

Badira jada urte batzuk Montehermoso kulturguneak arte ekoizpenetarako diru laguntzak eskaintzen dituela. Urtero lau proiektu izaten dira hautatuak programa horren barruan, eta, proiektuen ekoizpen kostuen ordainketaz gain, haien emaitza kulturguneko programazioa osatzeko erabiltzen da erakusketen bidez. Zuhar Iruretagoiena izan zen aurreko urteko programako hautatuetariko bat, eta, urtebete beranduago, behin proiektua ekoizteko aukera izan ostean, haren emaitza aurkezten digun erakusketaz gozatzeko aukera dugu besteok.

Si cae caballo, cae imagen: hori da erakusketaren izenburua. Deskriptiboa da, zehatza, erreferentzia argiekin. Zaldi bat dago, eta irudi bat; eta biak elkarrekiko erlazioan, elkarrekiko loturan daude, ia menpeko ere esan liteke. Bata gabe, ez dago besterik; bata erortzen bada, bestea ere bai.

Bost aretok osatzen dute erakusketa, eta hasierako izenburuak ematen dituen pista horien osagarri funtzionatzen dute. Geruza gehigarriak dira, oinarrizko ideiari esanahi berriak atxikitzen dizkiotenak, ikuspuntu ezberdinetatik, begirada berrietatik. Zenbaiten irakurketa berehalakoa da, oinarrizko irakurketak egiteko aukerak eta tresnak eskaintzen dituelarik artistak; beste zenbaiten irakurketa burutzeko, berriz, denbora edo hausnarketa gehiago behar da, eta azken batzuek irakurketa pertsonal hertsiak apurtu, eta arrazoiaz haragoko lekuetara eramaten dute.

Si cae caballo, cae imagen. Erakusketari izenburua osatzen duten elementuek ematen diote sarrera. Irudien proiekzio bikoitz bat dago hormaren izkina aprobetxatuta. Baso bat ageri da. Baso berbera behin eta berriz. Baina ikuspuntua ezohikoa da, ez da gizakion altuerari dagokiona; baxuagoa da. Tarteka, ile adats luze eta beltzak ikusten dira, eta gorputz zati beltzak. Animalia-gorputz baten zatiak dira, eta animalia adatsa: Zaldia eta irudia.

Ondorengo espazioetan elementu eta material berriak agertzen hasten dira. Zaldiaren adatsaren irudia azaltzen da horman, diapositiban, eta zaldiaren adatsa berriz lurrean. Ez da, ordea, benetako adatsa; fikziozkoa da, beste irudikapen bat, hein batean. Atzera, honek berriz ere diapositibako irudia zalantzan jarraraztera garamatza. Zer da fikzioa eta zer benetakoa? Berunezko zaldiak —edo metalezkoak behintzat— agertzen hasten dira.

Lehen espazioak lehen inguratzeak besterik ez dira. Erakusketaren muina hirugarren aretoan, aretorik handienean, topatzen da. Bertan proiektuaren irakurketaren konplexutasunak areagotu egiten dira; ez soilik edukiagatik, baizik eta baita bertan jokoan sartzen diren bestelako elementu eta materialengatik ere. Tartean Velazquezen Bredako errendizioa-ren pinturaren argazki bat dago, artearen historia liburu batetatik ateratakoa. Liburua, ostera, erretxinez inguraturik agertzen da aretoko beste espazio batean, iraganeko fosila balitz bezala; intsektuak anbarretan egoten diren moduan. Pinturaren protagonistak zaldiak dira, besteak beste, adats luzeko zaldi dotoreak. Gudarako erabilitako zaldiak, hezi eta otzandutako zaldiak, gizonen men, haien aginduak jarraitzeko moldekatuak izan direnak, bortxaz edo biolentziaz.

Eta menderatutako izakiaren ideiaren kontzeptua begien aurrean dugula irakurri daitezke espazioko gainontzeko elementuak ere: menderatutako natura, lurrean, eta menderatutako emakumeak, horman. Hormako hauek tapizak dira, ia estandarte gisara funtzionatzen dutenak, hitz jokoen bidez, modu jostagarri baina zorrotz batez emakumeak eta ehungintza ardatz hartuta haien inguruko erlazio historikoaren gogoeta bultzatzen dutenak; espazioan artearen historiarekiko dituzten harremanak eta keinuak ere presente daude etengabe. Zalantzarik gabe, erakusketako piezarik interesgarrienetarikoak dira hauek.

Erakusketa in crescendo etengabekoan egituratuta dago, eta artelanik indartsuena agian azkeneko bideo proiekzioa da. Zaldia agertzen da berriz ere bertan; orain, ordea, osotasunean ikusten da. Naturaren pertsonifikazio gisara ere irakur daiteke, edo emakumezkoaren irudikapen metaforikoa balitz bezala. Basoan dago, baina ez bakarrik. Bere arnasa sumatzen da, lehen plano hurbilek ia bere azala ferekatzera garamatzate, zaldiarekin identifikatzeraino. Zaldia ederra da, boteretsua, librea, askea, basatia. Hezten ari dira, ordea, otzantzen. Gizon batek bere esanetara du, bere mendeko. Lurrean etzanarazi du, eta zaldia erori egin da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.