KRITIKA. Artea

Koreografia berriak

Patricia Esquivias, Artiumen jarritako pieza atzean duela. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
2021eko ekainaren 8a
00:00
Entzun

Patricia Esquivias. 'Cardón Cardinal'.

Non: Artium museoa, Gasteiz.Noiz arte: Ekainaren 27ra arte.

Ikus-entzunezko produkzioek erakusketa aretoetan jorra ditzaketen rolak askotarikoak dira, bai eta horiek erakusteko erak ere. Baina, prozesu horretan zalantzak sortzen dira: zer da erosoena erakusketa jakin bati lotutako ikus-entzunezko bat muntatzerako orduan? Zinema aretoen parametroetara egokituz filma ordu jakinetan proiektatzea, eta publikoa isil-isilik eta gorputzarekin mugimendu minimoak eginik proiekzio aretoko besaulkietan esertzera gonbidatzea/behartzea?

Egia da, zinema zirkuitu tradizional eta komertzialetan ikus genitzakeen film asko arazorik gabe dasta ditzakegu parametro horietara egokiturik. Alabaina, ikusizko parametro tradizionaletatik aldendu eta bestelako lengoaiekin esperimentatzen duten egileen lanak kolokan geratzen dira. Horiek aurkezteko erak ez baitatoz bat zinema areto tradizionalek zehaztutako arauekin. Halatan, auzi horrek sortzen dituen hausnarketak azaleratzeko, Artiumek erakusketa proiektu berri bat aurkeztu du, Garbiñe Ortegaren komisariotzapean: Z aretoa.

Artiumeko Z aretoa hibrido bat da, erakusketa aretoaren eta zinemako gelen artean kulunkatzen den espazioa. Beraz, orain arte erakusketa espazio izandako gune horren arauak ez dira ez batean ez bestean jarraitu beharrekoak. Alabaina, ba al dago araurik? Filmaren proiekzioak ez du ordutegi jakinik. Bertaratzean, tramaren hasiera, amaiera edo erdialdea aurkeztu ahal zaigu. Inolako etenik gabe filma behin eta berriz errepikatzen baita. Bada, filmak zinema areto tradizionalek ezarritakoen bestelako eretan aztertu, begiratu eta ulertzeko aukera ematen du.

Proiektu berri horren lehenengo erakusgaia Patricia Esquivias artistaren Cardón Cardinal filma dugu, zeinak, ikus-entzunezko lengoaien bidez, Kalifornia Behereko basamortutik Sevilla 92ko Erakusketa Unibertsalera eramandako kaktus erraldoiaren istorioa azaleratzen duen.

Espazioa bi gelatan banatzen da. Lehenik, erakusketa gela dugu, eta bertan, filmarekin lotutako hainbat eta hainbat dokumentu aurkezten dira. Nolabait ere, hurrengo espazioan aurkeztuko zaigunaren aztarnak: kaktusaren irudiak, gutunak, antzinako liburuetan margotutako landareak... Gure gorputzaren koreografia ez da ohikotasunetik aldentzen: minutu pare bat testuak irakurtzeko, beste tartetxo bat geldi-geldi bitrinan ezarritako objektuak begiratzeko...

Baina, egoera guztiz aldatzen da hurrengo espazioan sartzen garenean. Gela hibridoan barneratzean gure gorputzak bereganatu ditzakeen posizioak askotarikoak dira: zutik, besaulkietan eserita, zoruan eserita... Erakusketa areto batean eskegitako pintura balitz bezala, pantailara gerturatu gaitezke, proiekzioa era zehatzagoan aztertzeko helburua izatekotan.

Filmean irudi asko tartekatzen dira. Eta, tartekatze horretan, irudiekin bat, istorioak zein datuak ere uztartzen dira. Baina, muinean, aretoaren pantaila erraldoira egokitzen den ordenagailua dugu, kontakizuna teklen klikatzeaz arduratzen diren eskuek eta off-eko ahotsak zuzentzen duten heinean. Hain zuzen, Esquiviasek Sevillan ahantzitako kaktusaren presentzia ulertzeko helburuarekin egin zuen ikerketaren berri ematen du ahotsak. Zein izan zen 17 metrotik gorako eta 18 tonako landare erraldoia Sevillara eramateko arrazoia?

18 tonako kaktus erraldoia Sevillara eramateak sor dezakeen nahasmenaz aparte. Kontuan hartzekoa da hura bere espaziotik atera zuten momentuan jatorrian izan zuen sinbologia galdu zuela, eta, gaur egun, Sevilla 92ko dekadentziaren nolabaiteko ikur bihurtu dela esan genezake. Aitzitik, mendeetan zehar emandako kolonizazioarekiko paralelismoak ukaezinak dira. Baina, kasu horretan, globalizazioaren mesedetan kolonizazioak bestelako moldeak bereganatu ditu.

Halaber, kontakizunaren muinetik sustraiak ateratzen dira eta istorioak beste gertaera historikoetarantz garamatza prozesuan. Eta horrela, kaktusak bere jatorrizko testuinguru kulturalean bereganatzen duen zentzu etnologikoa ulertzeko aukera ematen digu Esquiviasen lanak. Momentu berean galdera bat sortzen zaigu: jatorrizko espazioetatik hartutako ondorea bestelako testuinguru batean ezartzean, nork du haren jatorrizko balio eta zentzu sinbolikoa errespetatu, zaindu eta mantentzeko ardura?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.