KRITIKA. Artea

Bigarren eta azken atala

Bisitari bat, Donostiako Tabakaleran ireki duten Zinex erakusketan. J. URBE / FOKU.
2021eko irailaren 28a
00:00
Entzun
'Zinex. Gorputza eta arkitektura'

Non: Donostiako Tabakaleran. Noiz arte: Urtarrilaren 9ra arte.

Aurten ere Zinemaldia iritsi da gure egutegietara, eta dakarren alfonbra gorriak Donostiako kale eta barrenak zipriztindu ditu ohiko legez. Zipriztin horietako zenbait Tabakalerako erakusketetan ere jausi dira. Instituzioan aurreko urtean martxan egondako Zinex erakusketak, urtebetera, bigarren atal bat ere izango zuela iragarri zuten. Eta urtebete hori ere, Zinemaldiarekin batera, iritsi da: Zinex. Gorputza eta arkitektura da bigarren atal berri horren izena.

Biak ala biak Florian Wüst komisario entzutetsuak egindakoak izan dira, eta nahiz eta bien artean urtebeteko tarte luzea igaro, lehen erakusketa hark utzitako oroitzapenak eta memoria-argazkiak bat egiten dute erakusketaberri honetan topatzen denarekin. Erakusketaren tituluak bi atalen artean sortzen duen loturaz gain, espazioaren antolamenduak eta erabilitako materialek hari horiek estutu eta indartzen dituzte. Wüsten lorratza agerikoa da. Bigarren zati honetan, ordea, badirudi komisariotza lan nagusiak berak hartu dituen arren, Tabakaleran kokatutako Elias Kerejeta zine eskolako hainbat ikaslek ere -Wüstek emandako seminarioan parte hartu dutenek- bertan aritzeko aukera izan dutela. Txalogarria.

Erakusketa bat bisitatzea, gai baten inguruko bestelako ikuspegi bat jasotzeko modua izan daiteke, gozatzekoa… Baina erakusketak egiterako garaian ezin da inolaz ere termino horietan soilik pentsatu. Nondik eta norentzat egiten den kontuan hartzeaz gain, nola egiten diren ere garrantzitsua da: nork ontzen du erakusketa hori? Ze lanekin? Noren lanekin? Nondik? Nora eta nori begira? Azken finean, erakusketak burutzea saretze modu bat ere bada, sareak sortu eta indartzekoa; harreman berriak sortu eta sendotzekoa. Erakusketa aretoetan objektuak ikusten ditugu, baina horietako bakoitzaren atzean artistak daude, pertsonak, eta haiekin egiten da lan, ez soilik instalatzen diren objektuekin; pertsonekin egiten da lan. Euskal testuinguruko ehun artistikoa ez da sendoa; instituzio garrantzitsu gutxi daude eta erakusketak burutzeko areto eta baliabideak ere justuak dira. Ehun artistiko hori zaindu egin behar da, eta zaintze horretan ez du laguntzen kanpotik ekarritako komisario-izar batek kanpoko artistekin osatutako erakusketak egiteak.

Ez gaizki ulertu: ez diot inondik ere kanpoko komisarioek bertan lan egin behar ez dutenik; ezta kanpoko artistek erakusketetan parte hartu ezin dutenik ere —biak ala biak ezinbestekoak dira testuingurua aberasteko—, diodana da kanpoko eta bertakoaren orekaren bilaketa beharrezkoa dela. Oreka falta hori da aurreko urteko Zinex erakusketan kritikatu nuena. Eta arrazoi beragatik, aurtengoan, Elias Kerejeta zine eskolarekin egindako elkarlana txalotzen dut. Zerbait utzi, zerbait eman eta zerbait jasotzen da behintzat honela.

Aurreko urtean, gaizki gogoratzen ez badut behintzat, artisten artean, bertako testuinguruarekin lotuta, Jose Antonio Sistiaga eta Javier Agirreren lanak soilik zeuden. Aurten ere bi dira: Sergio Pregoren instalazioa eta Pepe Espaliuren marrazkiak eta Carrying performanceko dokumentazio argazkiak. Azken argazki hauek, Artiumeko erakusketa iraunkorrean daudenak izanik… nire buruari zera galdetzen diot: Gorputza eta arkitektura azpititulua duen erakusketa baterako ez ote dago, bada, bestela ere modu iraunkorrean ikusteko aukerarik ez dagoen euskal testuinguruari lotutako beste artistaren baten lan interesgarririk? Are gehiago, nahiz eta erakusketaren azpititulua gorputza eta arkitektura izan, aurreko urtean bezala binomio hau erakusketan zehar erabat zabaltzen denean.

Berriz ere badirudi ia edozerk izan dezakeela lekua areto horietan. Erakusketetan hari solteak uztea eta topatzea interesgarria da, bestelako loturak eta hausnarketak bideratzeko aukera eta espazioa sortzen dutelako. Hari solte gehiegi uzteak, aldiz, konfusioa sor dezake: baliteke erakusketaren bidez transmititu nahi den hori jasotzeko zailtasunak sortzea, eta anabasa sentsazioa gailentzea. Agian hori da Wüsten egiteko modua, bere zigilua. Badirudi, ordea, egiteko modu honen amaiera iritsi dela Tabakalerara. Aurreko urtean ez bezala, oraingoan ez baitago inon datorren urterako beste atalen baten iragarpenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.