KRITIKA. Artea

Denak ez du balio

Iruñeko Ziudadelako erakusketan dauden obretako batzuk. IDOIA ZABALETA / FOKU.
2021eko azaroaren 2a
00:00
Entzun

'Audiovisiones'



Non: Ziudadela, Iruñea. Noiz arte: 2022ko otsailaren 13ra arte.

Audiovisiones, hori da hurrengo urteko otsailera arte Iruñeko Ziudadelako Arma aretoan erakusgai dagoen mostraren izena. Bada, mostra Iruñeko Udalak 9915 Arte Garaikideko Bildumagile Pribatuen Elkartearekin elkarlanean egituratu du. Horrekin bat, Iruñeko Udalaren arte bildumaren zenbait pieza garaikide bilduma pribatuetako parte diren piezekin artikulatzea da erakusketaren helburua. Mundu garaikideari zuzendutako hausnarketak azaleratzeko asmoz, garaikideak diren adierazpen eta euskarri artistikoak erakusten ditu.

Komisarioak azaldu duenez, hainbat bildumak arte garaikidearekiko apustua egiten dutela erakutsi nahi du erakusketak. Bilduma pribatuek ikus-entzunezko piezak erosten dituztela adierazi nahi du? Mostra Arma espazioaren bigarren solairuan egituratu dute, eta bertan, osotara, 27 sortzaile garaikidek egindako 27 bideo, eskultura, instalazio... kokatu. Zehazki, hogei artelan 9915 elkartearen kideen bilduma pribatuen parte dira, eta Iruñeko Udalaren bildumakoak zazpi dira.

Kontuan hartzekoa da espazioa zabala dela; alabaina, piezak pilatzen dira bata bestearen aurrean, ondoan, atzean, gainean... Hori bai, panelek nolabaiteko zirkuitu zirkularra sortzen dute gai ireki batean oinarritzen den erakusketan. Izan ere, helburua artelanak ikuslea zeharkatzea eta hausnarketa propiora bideratzea baita. Baina, erakusketa espaziora barneratzean esperimentatzen den sentsazioa hurrengoa da:

Alegria eta Piñero Eugenio Ampudia Manu Arregi Jaime de la Jara Juan del Junco Karin Dolk Nezaket Ekizi Pep Fajardo Fiumfoto Paco Guillen Cao Guimaraes Fermin Jimenez Landa, Glenda Leon Ignacio Llamas Mario M. Martinez Begoña Montalban Coco Moya eta Ivan Cebrian Angel Núñez Jacco Oliver Sergio Prego Samuel Orti eta Nelo Vinuesa Eder Santos Karina Skvirsky Tim White-Sobieski. Ez dago etenik, punturik, ezta komarik. Ez dakigu non hasten eta non amaitzen den artelan baten eta bestearen arteko lotura. Eta, era berean, ez dakigu zein den lotura. Kontuan hartzekoa baita pieza gehienek arnasa eskatzen dutela beraien artean, soinuagatik, tamainengatik... eta hori ez da mostran ematen. Barneratzean hamarnaka soinu entzuten dira: ahotsak, musika, motor zaratak... Ezinezkoa da artelan bakarrean zentratzea, ezinezkoa baita pieza zehatz batek esaten duena entzutea; batak bestearen mezua jaten du. Bada, artelanak era bateratuan ulertzeko ezintasunaz gain, ez dago artelan bakoitza era autonomoan aztertzeko aukera handirik ere.

Erakusketa esparruetan ikus-entzunezko piezak egituratzerako orduan denborak nahitaezko papera jorratzen du. Piezen luzerak erakusketaren erritmoa markatzen baitu gehienetan. Bada, ildo hori mantentzen duten hamarnaka pieza espazio berberean sartzean, erritmoak konpasa galtzen du.

Egia da erakusketa kolektiboak ehuntzeak zailtasunak dituela, ahots ezberdinak kontakizun baten pean bildu behar direlako gehienetan. Halatan, komisarioaren papera ez da erraza guztiz. Alabaina, haren lana ahots horiek publikoarengan eragina izatea da, nolabait.

Artearen autonomian zentratzen diren ideietatik at, arteak inguruan eragiten du, inguruari buruz hitz egiten baitu. Halatan, artelanek testuinguru batean zerbait esan dezakete, eta beste batean bestelako mezu bat igorri. Baina, espazioetan integratu behar dira, ehuntze bat behar dute, zeinetan espazioa, ingurua, publikoak... aztertu behar diren. Integrazio horretatik abiaturik diskurtsoak sortzen dira. Bestela, Lisa Rosendahlek aurreko larunbatean Eremuak-en jardunaldietan argi eta garbi azaldu zuen moduan: distantziak sortzen dira.

Audiovisiones mostran ez da sumatzen komisarioaren esku-hartzerik. Eta kezka bat azaleratzen zait ildo horretan: komisariorik ba al dago Iruñean? Hirian arte komisariotzarekin lotutako bi master daudela kontuan izanik, komisarioak badirela ondorioztatu dezaket. Bada, galdera bestelakoa izan beharko luke. Iruñean komisariotzaren ildoak lantzen dituzten ikasketak daudela kontuan izanik, zergatik ez dago haien lanak azaleratzeko laguntza eskainiko lukeen inolako programa publikorik? Ziudadelan badira hainbat eta hainbat erakusketa espazio. Beraz, non daude komisarioak?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.