KRITIKA. Artea

Sistema kapitalistaren bazterretatik

Lastesis kolektiboko kideak. SEBASTIAN LEIVA ARIAS.
2021eko azaroaren 16a
00:00
Entzun

'Patriarcado y capital es alianza criminal'

Artista: Lastesis kolektiboa.Non: Iruñeko Gaiarre antzokian. Noiz: Azaroaren 10ean.

Iruñeko Gaiarre antzokiko ateak zeharkatu, eta, jendeak gidatuta, areto nagusirantz bideratzen ditugu geure hankak, buruak, eskuak, gorputzak... geldo-geldo, inguruko pertsonekin talka ez egiten saiatuz. Publikoaren ahotsak pilatzen dira aretoan barneratzean. Ahotsen pilatze horrek, estetika guztiz klasikoa mantentzen duen antzoki dotorearekin egiten du talka.

Pare-parean dudan agertokian ez baita operarik, antzerkirik, monologorik eta abarrekorik egongo; Lastesis kolektibo txiletarraren performancea baizik. Jada, titulua irakurri bezain pronto, goitik behera eta alde batetik bestera zeharkatzen nauen ekintza da Patriarkatua eta kapitala, aliantza kriminala izenekoa.

Espazioaren handitasunarekin kontrastean, agertokia hornitzen duen instalazioa xumea da guztiz. Alabaina, mikroerakusketa baten moduan uler genezake: mahai bat dago erdi-erdian, eta haren gainean bi makina, bata bestearen aurrean kokatuta. Bada, bertan kokatutako bi makinek, iruditeria patriarkalari men eginik, nolabaiteko mezu dikotomikoa sortzen dute mahaiaren bi bazterretan. Bata inprimagailua da, bestea josteko makina; lan tresnak dira, eta lanaldi femeninoarekiko lotura zuzena adierazten du azkenak. Ikuspuntu horretatik aldendu, eta bi makinen funtzioak aztertzen badira, mugak desagertu eta funtzioak ehuntzen dira: bi makinek irudiak, mezuak, testuak... sortzeko ahalmena dute.

Mahai azpian kolektiboko lau kideek egindako kartelak daude zintzilik: «Kapitalismoa emakumeen gizarte- eta ugalketa- esklabotasunean oinarritzen da» irakurri daiteke haietan.

Bat-batean aretoko argiak itzaltzen dira, eta hondoko pantaila pizten da. Segur aski, mila milioi aldiz entzun eta ikusi duzun abesti baten bideoa proiektatzen da: Milikiren Los días de la semana delakoa.

Arretaz entzuten dut pailazoak dioena, neskatxa bati buruz hitz egiten du. Neskatxak astean zehar ez du jolasteko inolako aukerarik, astelehenean lisatu, asteartean josi, asteazkenean erratza pasatu, ostegunean kozinatu, ostiralean arropa garbitu, larunbatean arropa eseki eta igandean otoitz egin behar duelako.

Martha Roslerrek Semiotics of the Kitchen performatzen zuen hamarkada berean sortu zen abestia. Bada, hori da 1970eko hamarkadan helarazten zen mezua, ez Roslerren parodia, eta esparru askotan gaur egun dirauena. Neskak ez du inolako espaziorik, bere lekua zaintzara dago bideratua, ez aisiara, are gutxiago hausnarketara. Alabaina, zaintza lan horiek ez dute inolako legitimaziorik merezi?

Eta, orduan... Tuntun pa! Tuntu pa! Tuntun pa! Tuntun pa! Abesti beldurgarri hori desagertzen da, espazio osoan erritmoa hedatu, eta Lastesis kolektiboko lau kideak agertzen dira. Mahaiaren bi bazterretako bakoitzean esertzen dira bi, eta fabrika batean egongo balira bezala, makinak martxan jarri, eta mugimendu mekanikoak egiteari ekiten diote. Bitartean, beste bikoteak mikrofonoak hartu, eta, eserita dauden kideen antzera, kutsu mekanikoa mantentzen du. Mugimendu zehatzak eta mezu zuzen-zuzenak sortuz, gorputzen zein ahotsen adierazkortasuna bigarren planoan utzirik. Silvia Federici autorearen lana hartzen dute oinarritzat, eta, handik abiaturik, teoria marxistaren kritika feminista sustatzen dute, jatorrizko teorien hutsuneak osatzeko helburuarekin. Kritika esparru estetikora eramanez, logika kontsumistaren metodoak bereganatzen dituzte, eta espazio guztietan harrapatzen gaituzten iragarkien zuzentasuna, bat-batekotasuna, abiadura jartzen dute ekintzaren erroan.

Hori da kolektiboaren helburua, performancearen leitmotiv bihurtzen den mezua helaraztea: «Ezin da ulertu klase borroka, bi azpiklasetan banatzen dela kontuan hartu gabe. Emakumeak eta gizonak. Eh! Zu jabetza pribatua! Nire gorputza ez da gehiago izango sostengu kapitalista». Aldi berean, atzeko pantailan mezua osotzen duten collageak eta irudiak agertzen dira; musikak markatzen duen erritmoa mantentzen dute.

Performancea esparru eta momentu ezberdinetan gauzatu dute artistek. Errepikapenean oinarriturik, mezua ahalik eta urrutien irits dadin. Ekintzak barrenak urratzen dizkit, hein handi batean. Baina argi geratzen zait gure posizioa erosoa dela.

Ekintzak xamurra ez den testuinguru batean du jatorria, 2019ko testuinguru txiletarrean. Bada, artistek azaltzen duten eran, nahiz eta hedabideek ez duten egungo egoerari buruz hitz egiten, ezinegona, jazarpenak eta abortuaren legearen auzia mantentzen dira. Eta, haiek artistak diren heinean, beren buruei galdetzen diete: nola borrokatu zerbaiten alde, sistemaren begietan ez baduzu inolako eraginik, eginkizunik, balorerik...? Artearen botere eraldatzailearekin, arteak gorputzak zeharkatzen baititu; emozioekin konektatzen du, eta barrenak urratu ondoren hausnarketara bideratzen gaitu, prozesu haren azkeneko pausoa ekintza izanik. Beraz, azkeneko ekintza performancea ikustera joan garenon esku dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.