KRITIKA. Artea

Gure pausoak eta haien lorratzak

Mariana Castillo Deball artistaren Amarantus erakusketako zenbait obra, Gasteizko Artium museoan. RAUL BOGAJO / FOKU.
2021eko azaroaren 23a
00:00
Entzun

Mariana Castillo Deball. 'Amarantus'

Non: Artium museoa, Gasteiz. Noiz arte: 2022ko martxoaren 13ra arte.

Jada zazpi urte inguru pasatu dira Mariana Castillo Deballen erakusketa Lisboako Kunsthalle Lissabon arte espazioan ikusi nuela. Azken egunak zituen, eta kasualitatez ikusi nuen, zoriz, hala tokatu zelako: espaziora joan nintzen eta bertan zegoen. Ez nuen bere izena aurretik entzuna, baina bertan ikusitakoa begien erretinan zizelkatuta gelditzen den une horietako bat izan zen niretzat. Horma zuri eta altuz beteriko etxe burges batean zegoen kokatua erakusketa, erliebez dekoratutako erlaitz eleganteen eta kalera ematen zuten kristalezko ate altuen artean. Eta horren guztiaren erdian zegoen lan nagusia, gorri kolore biziko gainazal organiko bat, airean oreka mantentzen egongo balitz bezala zintzilikatua. Berriz ere bere lana ikusteko irrikaz nengoen, eta hara non Euskal Herrian bertan dugun parada, Artiumen eskaini dioten banakoan.

Castillo Deballen lana, dena den, ez dut soilik eskaintzen duen gozamen estetikoagatik balioztatzen, estetika eta izaera diskurtsiboaren artean lortzen duen oreka bikainagatik baizik; ezagutzak zalantzan jartzeko ahalmena eta hausnarketarako bideak zabaltzeko duen gaitasuna dela eta.

Artistarekiko gertukoa den historiarekiko hurbilketak dira bere lanaren oinarri nagusia: hain zuzen ere, Mexikoren historiaren eraikuntza, irakurketa eta difusioaren ingurukoa batik bat; nola ez, Mendebaldekotzat hartzen ditugun Europako zibilizaziook garatutako kolonialismoaren eraginak ardatz dituena. Nola eraikitzen da historiarekiko ezagutza, nondik idazten da? Eta kultura batekikoa? Nola irudikatzen dira hauek, eta zein formen bidez zabaltzen dira?

Halako galderetara «objektu deseroso» gisa izendatzen dituen ekoizpenekin inguratzen da artista. Galdera deserosoek erantzun deserosoak soilik izan baititzakete. Objektu horiek zeharkako metodologia batetik edaten dute, eta hor datza, agian, beren izaera deserosoaren gakoa, baina baita bere ekoizpenaren interes arlorik azpimarragarriena ere. Historiaren eraikuntzarako eta transmisiorako hainbat teknika eta metodologia erabiltzen ditu, bereganatu egiten ditu, eta teknika zientifikoak teknika artistiko bilakatzen ditu, teknika horien ustezko izaera objektiboaren izaera subjektiboa guztion begien aurrean ipiniz.

Kodize bat. Mapa bat. Zoriaren bidez iritsitakoak guztiak gaurdaino. Historiaren azalak bilakatzen dira espazioan; gure gorputzak eta haien gorputzak bat egiten duten gainazalak dira; gure pausoak eta haien lorratzak jasotzen dituztenak. Hitzak dituzte izkiriatuta, eta haien hitz egiteko aukera da iritsi zaiguna, mapen bidez, kodizeen bidez, irudien bidez; baina irudi kriptikoak dira asko guretzat, interpretaezinak, ulertzen ez ditugulako; ahaztu egin ditugulako. Errepikatu egiten ditu, beraz, Castillo Deballek bere lanetan, hitzak, irudiak, ekintzak, prozesuak eta egiteko moduak, guztiak. Errepikatzea ere memoria ekintza baita, ikerketa ekintza. Lurra, hautsa eta ura. Zeramika eta zura. Puskak eta aztarnak.

Amarantus da erakusketaren titulua, eta, hain zuzen ere, amarantusa inoiz hiltzen ez den lorea omen da; inoiz hiltzen ez den aztarna biziduna eta Mexikoko elikadura tradizionaleko landarea. Mexikon, ordea, amarantoa deitzen omen zaio, eta amarantus, berriz, grezieraz omen da. Mexiko eta Grezia. Amerika eta Europa.

Tituluak Castillo Deballen lana eta erakusketa ulertu eta interpretatzeko gako garrantzitsu bat eskaintzen digu: begiradaren posizionamendua; historiaren eraikuntza, eta eraikuntza horren legitimazio gunea: Europa. Eta ez dezagun ahaztu: Europaren barnean kokatzen da Euskal Herria ere. Kolonizazioaren arazoa eta haren ondorioak kontu urrunak balira bezala ikusi izan ditugu gure dorre gotortu honetatik, eta ustez inongo arazo etiko eta moralik gabe exotismoaren oihalen artean bilduta iritsi izan diren objektuekin liluratu izan gara, eta El cóndor pasa kantaren melodia izan dugu urte luzez guztien soinu bandatzat, ezertxo ere zalantzan jarri gabe. Bada, Castillo Deballen proposamenak urte luzeotan begien aurrean sortutako lausodura garbitzeko aukera bikaina ematen du: besteak beste, kolonialismoaren ondoriozko Europaren eta Amerikaren arteko harreman eta eragin kulturalen inguruko hausnarketa kritikoak piztekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.