KRITIKA. Artea

Erretratu hutsak baino askoz gehiago

Bisitari bat Alice Neelen koadro bati so, Guggenheim museoan. A. LOIOLA / FOKU.
2022ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
'Alice Neel: pertsonak lehenbizi'

Non: Guggenheim museoa,Bilbo. Noiz arte: otsailaren 6ra arte.

Gabonetako deskantsuaren ostean, erakusketa bat lasai ikusteko gogoa nuen: datorren urte berri honi egoki heltzeko asmoak-edo izango ziren, agian. Eta horrelako une baterako erreserbatua nuen Guggenheimeko Alice Neel artistaren bakarkakoa izan zen aukeratua. Erakusketaren inguruan oso iritzi onak nituen entzunak, eta, beraz, gozatzeko aukera ematen duten horietakoa izan zitekeela iruditzen zitzaidan; erakusgai dauden lanez, eskaintzen den proposamenaz eta hura ikusteko beharrezkoa den denboraz disfrutatzekoa. Eta hala izan zen.

Euskal Herrian eta Espainian egin zaion lehenengo atzera begirakoa da erakusketa hau; oso ezaguna ez den artista da oraindik, baina ezagutzea benetan merezi duena.

Erakusketaren planteamendua ere nahiko interesgarria da. Izan ere, atzera begirakoaren tradiziozko egitura kronologikotik aldentzean datza proposamena, eta artistaren lanera bestelako hurbilketa bat aurkezten du, gaiei edo eta generoei loturikoa. Honela, proposamen kronologikoak maiz lotzen diren garapenaren ideia positibistatik urruntzeko aukera eman, eta Neelek bere ibilbidean jorratutako lanaren koherentzia eta kohesioa azaleratzea lortu da.

Lehenengo aretoan bere ibilbideko lehenengo lanak topatzen dira, ikuslea kokatzeko balio dutenak. Halako estilo propio baten bilaketa antzematen da bertan, esperimentazioarena, baina bere lanen ezaugarri nagusiak bistaratzen hasten dira. Begiradek garrantzi handia hartzen dute, biziak dira, sutsuak, barneragarriak, ikusleari gehienetan zuzen-zuzenean begietara begiratzen dietenak, tinko. Emozionatu egiten dute; sentsazioak transmititzen dituzte. Eta hauen indarra lanen enkoadraketa itxiak areagotu egiten du, askotan erretratatuen ilea ere mozturik agertzen delarik aurpegiari atxikitako interes fokua azpimarratuz. Ingeradak ere oso markatuak dira, kolore beltz edo urdinez eginikoak gehienetan, irudien espresibitatea dramatizatuz.

Zenbaitetan badirudi errealaren eta errealitatetik kanpo kokatutako elementuen arteko uztartzea ere egiten duela, 1933ko New Yorken sintesia. Depresio handia lanean bezala, haragirik gabeko gizakiak irudikatuz kaleetan, eta maniki hegaldun irribarretsuak zeruan daudela; baina azken emaitza hau zer da, bada, bere begiradaren bitartez ikusten duen errealitatea ez bada?

Hain zuzen ere, hori da bere artelanek komunean duten elementu garrantzitsuenetariko bat: Neelen errealitatearen hautemate subjektiboa; izan bertan irudikatutakoa paisaia bat, izan hiriko kale bat, barne espazio bat edo pertsona bat. Irudikatutako oro bizidun eta sentsazio sorreren etengabeko iturri bilakatzen da Neelen begirada eta eskuetatik pasatu ostean. Eta ildo honetan oso deigarri egin zaizkit bodegoiak, natura hilak. Etxe barnean eskura dauden elementuak izateaz gain, eta pintaketarako eskaini ditzaketen aukera ezberdinez gain, gizarteari buruzko begirada ironiko bat eskaintzeko elementu bilakatzen baititu artistak hauek ere. Honela, eskerrak emateko eguneko indioilarra ia oso-osorik harraskan behera botata agertzen da Esker emateko eguneko koadroa-n (1965), edo eta Natura hila. Siriako Arrosa lanean, berriz, tituluak izendatzen duen arrosa etxe barneko loreontzian agertzen da, atzealdean, leihotik bestaldera, naturan bizi-bizirik dagoen zuhaitz ederra bistaratzen den heinean.

Dena den, bere lan ekoizpenean protagonismo nagusia erretratuek hartzen dute, eta erretratuen artean denetariko tipologiak daude. Oso interesgarria da, besteak beste, gorputz biluziarekiko egiten duen tratamendua, erabat modu naturalean. Eta naturaltasun hau, adibidez, bere autorretratuan modu argian islatzen da, oraindik ere ikustera hain ohituta ez gauden biluztasuna bertan aurkeztuz: zahartzaroarena. 1980an egindako autorretratua da; Alice Neel besaulki batean agertzen da jesarrita, biluzik, bere haragi eroriekin, baina begirada zuzen eta irmoarekin, eskuetan pintzela tinko hartuta duela. Lan ederra da benetan. Baina Tizianoren Venusa balitz bezala irudikatutako John Perreaulten erretratua ere, 1972koa, ezin aipatu gabe utzi. Izan ere, aurreko lana subertsiboa bada, hau ez da atzean gelditzen. Bertan, artearen historian sortu eta finkatutako begirada maskulinoen baitako emakumezko biluziaren tipologian generoei esleitutako rol eta botere mailak bistaratzen baitira.

Amatasunaren gainean eskaintzen dituen begirada ezberdinak ere azpimarragarriak dira erabat, bereziki Nancyri eginiko erretratuak: amatasun idilikotik urrun, begirada galdua eta bularrak hain puztuta edukitzeagatik nabaritzen zaizkion zainak irudikatzen dira haietan. Urte askoan ezkutatu den amatasunaren errealitate bat.

Espero bezala, gozatzeko erakusketa bat da, lan bikainez osatua... baina ateratzean ernegatua nintzen: nola da posible emakume honen lana orain arte ezagutu ez izana?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.