KRITIKA. Artea

Kontrasteen kontrastea

Roger Grasas argazkilariaren Suite Máshreq erakusketako argazki batzuk. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
2022ko otsailaren 8a
00:00
Entzun

'Suite Máshreq. Visiones de Oriente Próximo'.

Artista: Roger Grasas. Non: Iruñeko Ziudadelako Mistoen Eraikinean. Noiz arte: Martxoaren 13ra arte.

Ziudadelako Mistoen Eraikinera joan, eta, egurrezko atea zeharkaturik, beheko pisuan barneratzen naiz. Hasiera-hasieran, horman, mimo askorik gabe itsatsitako testu elebakar bat aurkezten zait, Suite Máshreq. Visiones de Oriente Próximo titulupean; halatan, elebakartasun hori mostra osoko informazio iturrietan mantentzen da.

Roger Grasas argazkilariaren proiektua dugu hau, zeinetan Ekialde Hurbilera hurbilduz bertako gizartearen egiturak aztertzen eta ikusarazten dituen; era berean, Persiar Golkoko testuinguruarekin kontrajartzen ditu.

Proiektua urte luzez egindako bi argazki seriez osatuta dago. Min Turab, alde batetik, eta Ha Aretz, bestetik. Lehena 2008. urtean hasi zen egituratzen, eta, urteen poderioz, Persiar Golkoko paisaiak pairatu izan duen eraldaketa katartiko eta masiboaren testigantzak biltzen dituen proiektu bihurtu da. Bigarrena 2010. eta 2017. urteen bitartean izan zen sortua, gaur egun Lurralde Santuko lurrak osatzen dituzten estatuetan barrena: Egipto, Jordania, Israel, Palestina, Libano eta Siria.

Halatan, oso era interesgarrian ehuntzen dira bi serieak, era xume eta leunean hitz egiten diguten irudi isilen bidez, kapitalismo basatiak izan duen prozesuaren bi aldeak aurkezten baititu. Mostra bi espaziotan dago banatua, eta bertan argazkiak dira nagusi. Alabaina, bigarren gunean Min Turab-eko irudiei mugimendua ematen dien bideo dokumentala dugu. Hain zuzen, bertatik helarazten diren soinu, doinu eta ahotsak izanen dira espazioan murgildu bezain pronto blaituko gaituztenak.

Tamaina handiko argazkiak txikiagoekin tartekatzen dira, mostrari erritmoa emanik. Handiek gai nagusiak azaleratzen dituzte, eta txikiek, berriz, horien ñabardurak aurkeztuko dituzte. Geruzak bailiran, irudiekin dugun lehenengo harremana azalekoa dela adierazten digute hala. Bada, argazki txikiak zenbaitetan ikusezin bihurtzen dira, haiek biltzen dituzten marko lodiek jaten baitituzte.

Bestelako hizkuntza bat entzuten da zenbaitetan, eta, horrekin batera, musika, soinuak... Horren parean Iruñetik urrunduko gaituen irudi huts eta bakartia dugu, bidaia honen lehenengo aztarnak, alegia. Desertua, irudi hondoak, ia monokromatikoak... Konposizioak ez dira horretara mugatzen, urrun hartzen gaituen gizarte baten irudi idilikoak aurkeztu ezean, kolore bakunen apaltasuna urratzen baitute objektuek, haien sinbologiek, aztarnek, arkitektura ahantziek eta pertsonek.

Izan ere, mostran kontrasteak dira nagusi. Bai, kontrasteak. Koloreen kontrasteak, paisaien kontrasteak, pertsonen kontrasteak, eredu ekonomikoen kontrasteak, politikoak, klase kontrasteak... Azken finean, kontraste horretan, orain dela gutxira arte xumeak ziren espazio horietan, kapitalismo basatiaren ereduak barneratzen dira guztiz. Horrela, gaurko gizartearen sintomak aurkezten dituzten ereduaren nolabaiteko mugak aurkezten dira, alde batetik bestera.

Ez dira irudi goxoak, ezaguna eta ezezaguna egiten zaigunaren artean kulunkatzen baitira argazkiak. Testigantza gordinak dira, alegia. Inolako apaindurarik gabe errealitatea aurkezten baitigute. Horrela, zuzen eta irmo, begiak ziztatzen dizkigute. Dirdiratsuak eta arrotzak dira, aldi berean. Koloretsuak bezain ilunak: errealak.

Hain zuzen, hori da sortzen diguten kitzikatzearen arrazoi nagusia. Arroztasun horrek errealitatea aurkezten baitigu, ingurua, espazioa, pertsonak husten dituen gizartearen sintomak azaleratuz. Gutxiren ongizateak besteengan eragiten duen zapalkuntzaren aztarnak, hain zuzen. Onirikoa dirudien arren, kontrasteak kontraste, erreala den panorama.

Ezin dugu ahaztu nondik egiten dugun guk interpretazioa, distantzien distantzian perspektibak ezberdinak baitira. Alabaina, distantziak ez dio hurrenkerari men egiten, eta, ordena zehatz bat mantendu ezean, irudi bakan goxo horiek geure inguruko aztarnetan bilatzeari ekiten badiogu, gertutasuna sumatzeko aukera izanen dugu. Kontrasteak kontraste, errealitatea hura baita, inguru, pertsona eta espazio guztiak blaitzen eta zipriztintzen dituena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.