KRITIKA. Artea

Iruditeria hibridoak

2022ko otsailaren 15a
00:00
Entzun

Maite Iribarren. 'Gelditzen dena'



Non: Ziudadelako Labean, Iruñean. Noiz arte: Martxoaren 27ra arte.

Testuinguru jakinetan jaio, hazi eta hezten gara, eta horrek eragiten digu. Alabaina, testuinguru horiek ez ezik, hezten gaituztenen ondareak ere gugan memoriak, oroitzapenak sortzeko gaitasuna du, geure arbasoen eta orainaren arteko loturari hari ikusezin batek eutsiko balio bezala. Hari hura geure nortasuna zipriztintzen duen tanta txiki bat da, erabakitzekotan, iragana orainalditik arakatzeko aukera ematen diguna. Eta, hein batean, lekukotasunak eraikitzen gaituela hala bada ere, migratzaileen kasuan eraikitze hori plurala da. Halatan, oroitzapenak, memoriak eta nortasuna zipriztintzen dizkieten tantak biderkatzen dira.

Heterogeneotasun horretan kokatzen dira Maite Iribarren artistak Gelditzen dena mostrarako konposatu dituen piezak, kasu honetan objektu eta irudi hibridoak baitira. Alegia, identitate bataren edo bestearen arten kulunkaturik identifikatu ezin ditugun objektu eta egoera arraroak, satirikoak sortu ditu artistak. Izan ere, haren oinordekoen historiak eta bereak ere horren eredu baitira. Iribarrenen familiak Espainiatik Kubara migratu zuen, frankismotik ihesi; ondoren, Kubatik Miamira migratzeko, eta, azkenik, Miamitik New Yorkera. Testuinguru batetik bestera salto eginez, egoera politikoak zirela medio istorioak ehunduz. Eta, ehuntze horretan, irudiak eta objektuak bildu eta nahasten dira.

Artistaren oinordekoek jatorria Abaurrepean (Nafarroa) dutela jakinik, erakusketaren bitartez prozesua biribiltzen dela esan genezake; erakusketa Iruñeko Ziudadelako Labean baitago egituratua. Hartan, landa eremuko estetika bere lekukotasuna eraikitzen duten bestelako testuinguruen objektuekin nahasten du.

Eraikinaren izaera zirkularrak eta hura konposatzen duten harrizko murruek landa eremuko eraikin batera eramaten gaituztela ondorioztatzen da espazioan barneratu bezain pronto. Orduan, burdin zaharkituak, kateak, behien edota ahuntzen irudiak, larreak, adarra... aurkeztuko zaizkigu. Halatan, espazioa irekia izanik eta bere jatorrizko estetika mantendurik, piezei zuzen-zuzenean integratzeko aukera ematen die, gehienak murruetan kokatzen baitira.

Atearen ondoko horma inguratuz lehenengo pausoak ematen ditugun heinean, horman elizako pontearekin alderatu daitekeen objektua aurkezten da. Honela, eraikina mendiko borda batekin alderatzearekin batera, kutsu liturgikoa duen espazio batekin alderatzeko gonbita egiten duela sumatzen da. Baina ez, hor duguna ez da pontea, behiek erabili ohi zuten edangailua baizik. Eta haren barrenak ez ditu ur bedeinkatuak betetzen, ronak baita. Hala, loturak lotura, artistaren jatorri kubatarra haren Nafarroako iparraldeko arbasoek erabiltzen zuten lanabesean murgiltzen da, bateratze horretatik nolabaiteko objektu liturgikoa sorturik.

Bada, konposizio eredu horiei eusten diete jarraian aurkezten diren piezek. Baina ez dira soilik Iribarrenen jatorriekin kontrastean jartzen, landa eremuko eta eremu urbanoko estetikekiko tentsioak sumatzen batira. Hari hartatik tiraka, deigarria da apain-orrazidun zaldiaren irudia. Hasiera batean, iletik zintzilik herdoildutako objektu bat duela sumatzen baitugu, hartan integratzen da, kontraste askorik gabe. Baina argazkia atzean utzi eta espazioan aurkezten zaigun hurrengo objektuarekin talka egiten dugun momentuan, ile-orraziaren apaingarriez ohartuko gara: plastikozko harribitxiak.

Halaber, ildo bera mantentzen du plastikozko domina mantentzen duen burdinazko kateak; bada, oraingoan behi batek darama lepotik zintzilik. Alabaina, interbentzioak ez dira objektu edota animalietara mugatzen. Paisaian bertan iruditeriak eraldatzeko saiakera aurkezten du, besteak beste gizonezko kubatarretan ohikoak diren ile orrazkerak moztutako larreetan irudikatzen baititu. Honela, iruditerien bereganatzea zein urratzea mugara eramanez.

Artistak, bereetan edota bere arbasoen objektuetan mantentzen diren memoriak eta funtzioak hartu, bereganatu, eraldatu eta birsortzen ditu. Betiere, haien materialtasuna erroetan mantendu, eta paisaia, iruditeria eta ikuskera berriak sortzen ditu Maite Iribarrenek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.