KRITIKA. Artea

Superposizioan

Bisitari bat Mikel Erkiagaren Amu bakoitzean erakusketan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
2022ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun

'Amu bakoitzean'

Artista: Mikel Erkiaga.Non: Rekalde aretoan, Bilbon.Noiz arte: maiatzaren 29ra arte.

Argazki, margolan edota bestelako irudi mota bat ikusterakoan, kontzienteki edo ez, imajina horren baitan kokatzen dugu geure burua. Begiratzeko ariketa horretan nolabaiteko desplazamendu bat gertatzen dela esan daiteke, ikusten denarekiko distantzia aldaketa bat. Izan ere, geure buruak ikusle soil gisa irudikatu arren, begiratzea ez ohi da ekintza pasiboa izaten, eta horren kontzientzia har dezake ikusleak erakusketa honen barruan.

Amu bakoitzean mostran, Barriek programaren baitan antolatuan, Mikel Erkiaga artistaren hainbat obra ezberdin topatuko ditu ikusleak. Erakusketa espazioan, lanek tamaina aldetik kontrasteak sortu eta zenbait gai errepikatu islatzen dituzte; hala nola paisaiak, loreak, eraikinak eta arkitektura modu ezberdinak. Gaiak beti berdinak direla dirudi. Aitzitik, esango nuke, artistaren begirada aldakorra denez gero, aldiro gaien trataera eta hauekin interakzioa ezberdina suertatzen dela.

Erkiagaren lanek agerian uzten duten pintura eta argazkiaren arteko muga zeinen lausoa izan daitekeen. Izan ere, obra guztiek medio gisa argazkia eta pintura uztartzen dituzte, pinturaren definizioa bera eta pintura egiteko ekintza eremua hedatzea lortuz. Erakusketan, interbentzio piktorikorik gabeko polaroid argazkiak, zein argazkia abiapuntu eta euskarri duten pintura bilakatutako lanak ikus daitezke.

Erakusketa aretoa txikia den arren, lehengo sentsazioan hustasuna nabaritzen da, kopuru aldetik ez baitira pieza asko erakusten. Hala ere, sentsazio horrek pieza bakoitzean arreta gehiago jartzera bideratzen gaitu. Sartu bezain pronto, alde batera, segidan kokaturiko sei argazki polaroid txiki ikus daitezke, markoarekin, askotariko paisaia motak islatzen dituztenak, batzuk eraikinekin eta beste batzuk natura eszenekin. Alboan beste bederatzi polaroid argazki daude paretan lerroan kokaturik, hauetako bi besteak baino beherago jarrita. Multzo honetako argazkietako batzuk pintura arrastoekin interbentzioak dituzte, gero handiago ikusiko ditugun lanekin lotuta.

Alboko pareta zurian argazki txiki bat ikus dezakegu, marko barik jarrita. Argazki gaineko lana dela suposatu daiteke, baina aurreneko aldiz ikustean, pintura lan gisa irakurtzen dugu, euskarriari erreparatzeke. Gainontzeko lanak markoarekin ipinita agertzen dira, eta hauek erakusketa orrian argazki-objektu edo argazki-pintura gisa definitzen dira. Argazki-pintura hauek, nolabait, argazkian ikusten denaren abstrakzio piktorikoa islatu nahi dutela dirudi. Esaterako, arkitekturaren geometria baliatuz sortutako pintura lanek figuraziotik abstrakziora doan bidearen zati bat erakusten digute, hainbat geruzadun konposizio konplexuekin.

Nolanahi ere, piezotan gauzaturiko interbentzioen ondorioz, lanek euren izaera plastikoa areagotu eta era indartsuagoan gorpuzten dute. Halaxe, irudia osatzen duen gainjartze ekintzak argazkiaren transformazioa eragiten duela esan daiteke. Era berean, pinturaren birkonfigurazioaren eta bilakaeraren bidez, harrapaturiko paisaia eta objektuen izaerak eraldatzen dira.

Aipatutako argazki-pintura hauek Bergerrek Ikusteko moduak lanean iradokitako hainbat ideia dakarzkigute gogora. Izan ere, hark adierazi zuen legez, irudia (izan argazkia, pintura edo teknika hibrido bidezkoa) irudipen berregin eta erreproduzitua da, begiratzeko era bat islatzen duen itxura multzo bat. Irudia, hortaz, ilusioa, fikzioa edo tranpa dela esan daiteke, baina baita ere hainbat esanahi geruzen gainjartzea. Bestetik, irudia begiratzeko era baten isla izateaz aparte, lan-prozesua ere bada esperimentatzeko modu zehatz baten ondorio, mostran topatuko ditugun lanek aditzera ematen duten moduan.

Erkiagaren lanak argazkilaritzaren eta pinturaren arteko elkarrizketan oinarritzen dira, irudiak sortzeko bi era ezberdin bateratzen diren korapiloan. Lotura horretan, irudia ikuslearen zein artistaren begiradarako amu, amarru edo trompe-l'oil gisa uler daiteke. Halere, irudiaz aparte, hura lortzeko teknika bera ere bihur daiteke tranpa, zeina artistarentzat baliabide eta ikerketa-bide ere baden. Hortaz, erakusketan ikus daitezkeen piezak abiapuntu, interpreta dezakegu pintura eta argazkilaritza diziplinak amuak izan daitezkeela, errealitatearen zati bat harrapatu eta hura baliatzeko parada luzatzen dutenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.