Albistea entzun

KRITIKA. Artea

Eraldatzearen immanentzia

David Bestue artistaren <em>Azaleratu</em> izeneko erakusketa, Altzuzako Oteiza museoan.
David Bestue artistaren Azaleratu izeneko erakusketa, Altzuzako Oteiza museoan. IÑIGO URIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jone Rubio Mazkiaran -

2022ko maiatzak 24

'Azaleratu'

Artista: David Bestue. Non: Altzuzan, Oteiza museoan (Nafarroa). Noiz arte: Urriaren 15era arte.

Azalak eraldatu, urratu, higatu edota desagertzen dira denboraren poderioz. Ildo horretan, objektuen materialtasuna iragankorra dela esan genezake. Artearen historia zeharkatzen duten sorkuntza eskultoriko kanonikoei so egitean, haien materialtasunak zurruna, higiezina izatea helburu duela ondorioztatzen dugu: harria, burdina, egurra... Irmoa, eraldaezina, gogorra... Bada, tradizio eta logika horietatik aldentzen da David Bestue artista, Oteiza museoan mustu berri duen Azaleratu erakusketan aurkezten duen lanean. Irmotasun horretatik aldendurik, objektuen, materialen, gainazalen eraldatze gaitasunak bereganatzen baititu.

Uharte zentroak eta Oteiza museoak elkarrekin garatu duten Hazitegia programaren parte da proiektua; egin duten bosgarrena da. Haren bitartez, Jorge Oteizaren lanaren inguruko hausnarketak bideratzen dituzten erakusketa proiektuak garatzea da helburua. Halatan, Bestueren proposamenak artistaren lanarekiko loturak eta hausturak ikusarazten ditu. Prozesu garaikideen bitartez, Oteizaren produkzioko eta idatzietako hausnarketak eta birformulazioak ikusarazten baitira.

Aurkezten diren piezen nortasuna etengabeko eraldaketan murgiltzen da, eta, prozesu horretan barrena, denboraren menpe geratzen dira. Halatan, Oteizaren lanarekiko loturak eta hausturak arnasten dira espazioetan barneratzen garen heinean. Betiere, modernitateko eskulturen ildoekiko perspektiba kritiko bat zabalduz.

Materialak birplanteatzea du oinarri proposamenak, eta, beraz, aurkeztuko zaizkigunek azukrea, gantza, gatza, fruituak, arrosak eta beste izanen dituzte osagai nagusi. Horietatik abiaturik, artistak forma irmo eta zurruneko eskultura iragankorrak sortzen ditu.

Erakusketa, ibilbide lineal batean oinarriturik, hainbat espaziotan egituratzen da. Alabaina, artelanen antolaerari dagokionez, bi espazio uztartzen dira: Trastelekua eta Arasa. Lehenak kontserbazio espazio bati egiten dio erreferentzia, zeinetan piezak gorde eta mantentzen diren, iraganetik orainera. Arasa, kontrara, elikagaiak gordetzeko espazioa izanik, etengabeko aldaketan dagoen gune bat izanen da. Bada, piezak konposatzen dituzten materialak daude bereizketa horren erroetan; batzuk orainaren itzal eraldagarriak baldintzaturik daude, eta besteak irmotasunaren nolabaiteko aldarri bihurtzen dira.

Materialen iragankortasunak erakusketaren pisua bereganatzen duela kontuan izanik, eta hari loturik, Bestuek Samuel Luiz gaztearen hilketa eta memoria hartzen ditu prozesuaren aldarritzat. Nolabait ere, gertatukoaren oroitzapena bizirik mantentzeko saiakerak proposatzen dituzte hainbat piezak.

Loreak, gantza, gatza, fruituak... espazioak zeharkatzen ditugun heinean, eskulturaren alor formalaren eta poetikoaren arteko tentsioak sumatzen dira. Forma, edo edukia, mezua edo materiala, istorioa edo irudia...

Eta, aldi berean, galerari, desagerpenari egiten diote erreferentzia; horietako batzuk denborak aurrera egin ahala desagertuko baitira. Izan ere, artistak azaltzen duen eran, eskultura errealitatearen filtro bihurtzen da. Horrela, artistak eskulturaren galeraren eta heriotzaren arteko zubi bat eraikitzen du, eta espazio guztiak blaitzen ditu ikuspuntu horrek.

Azkenean, moldearen barneko edukiak moldea bera gainditzen du, eta materialaren nortasunean zentratzera bideratzen gaitu. Prozesu horretan murgiltzen garenean, zentzumen guztiak pizten zaizkigu, eta piezen gaitasunak areagotzen direla sumatzen dugu: usaina, zaporea, testurak... Begietatik sartzen zaigun hura barrenetan aztertu, ulertu eta konposatzen baitugu.

Denbora da ezaugarri horien guztien biziraupenaren arduradun nagusia, eta orain ikusi, dastatu eta aztertu dugun hau eraldatu, mugitu, higitu eta urratuko da. Amaieran, inguratzen gaituen guztia desagertzen den arte.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Musika estilo askotara zabaldu da trikitia azken urteotan. Irudian, Neomak taldearen kontzertu bat, Durangon (Bizkaia). ©RAUL BOGAJO / FOKU

INFERNURAINOKO SUSTRAIAK DITU

Olatz Enzunza Mallona

Euskal kulturan errotuta dauden musika tresnetako bat da trikitia. Euskal Herriko plazetan zein musika eskoletan bizi-bizirik dago oraindik ere, eta, tradizioa alde batera utzi gabe, musika estilo gehienetara ere zabaldu da azken hamarkadetan. Transmisioan dago gaur egun kezkarik handiena.
 ©IRATXE ETXEANDIA

«Trikitiaren errealitatea ez dator bat gizarteak irudikatzen duenarekin»

Olatz Enzunza Mallona

Trikitiaren ibilbidea eta iruditeria kolektiboa ari da ikertzen Gontzal Carrasco bere doktoretza tesian. Tradizioaz gainera, instrumentuaren «beste errealitate batzuk» erakusteko beharra dagoela nabaritu du.

 ©ANE GARCIA
Duvravka Ugresic, Bartzelonan, 2011n. ©ORIOL CLAVERA

Bueltarik gabeko erbestearen letrak

Andoni Imaz

Historiaren eta politikaren koordenatuetatik irakurri ohi da Dubravka Ugresic hil berriaren lana; izan ere, gai horiek erabat blaitzen dituzte Jugoslavia ohia desegin ondoren handik ihes egin zuen idazle kroaziarraren nobelak eta saiakerak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...