Albistea entzun

KRITIKA. Artea

Irudien geruzak

Paula Huarteren <em>Azken eguna parkean</em> erakusketa, Gasteizko Montehermoson.
Paula Huarteren Azken eguna parkean erakusketa, Gasteizko Montehermoson. JAIZKI FONTANEDA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jone Rubio -

2022ko ekainak 7

'Azken eguna parkean'

Artista: Paula Huarte. Non: Montehermoso kulturunea, Gasteiz. Noiz arte: Ekainak 12ra arte.

Zerbaiten amaierak beste zeozeren hasiera ekar dezake; alegia, amaitzear dagoen horrek zerbait berri bihurtzeko arriskua, onura, zoria dakar. Arteak prozesu horiek ikusarazteko onura du zenbaitetan, amaitzear dagoen horren transformazio prozesuaren sintomak kristalduz. Bada, kristaltze prozesu horretan kokatzen dela sentiarazten digu Paula Huartek, Gasteizko Montehermoso Kulturunean dagoen Azken eguna parkean erakusketaren bitartez.

Haurtzaroa samurtasunarekin, goxotasunarekin lotu izan dugu askotan: inozentzia, ezjakintasunak luzatzen duen alaitasun lausotua, etengabeko jolasa... Hortxe kokatzen gaitu mostrak hasieran, Jovellanos erakusketa aretora ailegatzeko zeharkatu behar den pasabide estu, isil eta luzearen iluntasunean barneratu ostean. Espazio ireki, karratu eta txiki hartan, koloreek, marrazki bizidunen iruditeria goxoak eta naturarekin lotutako soinuek zeharkatzen gaituzte: loreak, txorien txioak, haurren barreak... Momentu horretan bertan, erakusketa aretoa atzean utzi dugula, alegiazko ipuin oniriko baten eszenografiak inguratu gaituela sumatzen dugu.

Aretoaren erdigunean, aldare baten kokapenarekin alderatu genezakeen instalazioa dugu, zeinak espazioranzko ongietorria egiten digun: edozein kontakizun tradizionalekin aldera genezakeen piknik baten eszena. Haurrak jolasean, animaliak, kafe pitxerrak...

Espazioa irekia den heinean, ibilbidea askea da. Bada, bertan urperatzen garen momentuan, idulkietan goratutako hainbat zeramika sumatzen dira. Eta horiek dira, nolabait, gorputzak espazioan egituratu behar dituen mugimenduak zehazten dituztenak. Halatan, erritmoak sortzen dira, orekatuak, leunak, lasaiak... eta prozesu hori murruetan esekita dauden artilezko tapizetara hedatzen da. Halatan, prozesua ez da hormetan amaitzen, sabaian zintzilik eszenografia osatzen duten konposizioak baitaude.

Alabaina, lehenengo begi kolpean ikusten dugun horrek bigarren kolpe batean ikusten dugunaren bestelakoa den zerbait adieraz diezaguke. Horrek ez du esan nahi aldaketarik dagoenik, ikuskatze prozesuan informazioa ehundu, lotu eta osatzen dela baizik. Eta hori da, hain zuzen, erakusketa aretoan sumatzen dena. Hasierako poztasun melenga horrek geruzak dituela ondorioztatzen dugu; gozotasuna garraztu, zikindu eta ilundu egiten da.

Horren adierazle nagusia da espazioaren hasieran aurkezten zaigun pieza: loreontzia. Idulkian goraturik zeramikaz eginiko loreontzia ikusten da, zeinetan loreek moduren batean arroztasuna igortzen diguten. Beherantz daude begira. Gerturatzen garen heinean, haren azpian ispilu bat dagoela ikusten da. Eta bertan, loreek ezkutatzen dituzten adierazpenek zeharkatuko gaituzte. Ez baitira ohiko landareak, haien tristurak beheratzen dituen heinean aurpegiak ezkutatzen baitizkigute. Marrazki bizidunetako pertsonaiak balira bezala karakterizatuak baitaude.

Azalak geruzak dituen bezala, baita Huartek ehundutako piezek ere. Iruditeria kolektibotik eratorritako irudiak begiratzen ditugun lehen aldian ondorioztatzen baitugu badakigula zertaz doan gauza: haurtzaroa, marrazkiak, natura... Espazioaren konposizio murgilgarri horri esker figurek harrapatzen gaituztenean, barrenak arrakalatzen zaizkigu.

Eta arrakalatze hori areagotzen da espazioaren azkenengo idulkiak begirada barreiarazten digunean. Neskatila bat dugu bertan, eserleku batean eseria. Patxadaz eta lasaitasun osoz, pospoloz betetako kaxa bat esku artean duela. Eta patxada eta lasaitasun horrekin ingurua erretzen du, desagerrarazten du, inguratzen duen oro eraldatuz eta osotasun hori su bihurtuz. Orduan, goxotasuna mikazten da, indartzen da, erretzen da.

Tentsioak sortzen dira ezagutzen dugun eta ezagutzen ez dugun horren artean, iruditeria oniriko eta errealen artean, denaren eta ez denaren inguruan... Halaber, tentsio kontraesankor hori materialetara ere hedatzen da. Artistak artilezko ehungintzaren biguntasuna zeramikaren hauskortasun zurrunarekin uztartzen baitu. Betiere, dena elkarrekin ehuntzen duen instalazio bateratu baten bitartez.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Joseba Sarrionandia idazlea, Meaberen liburua irakurtzen, Arriaga antzokian ©Foku

Literatura, azal eta mami

Amaia Igartua Aristondo

Miren Agur Meaberen ‘Kristalezko begi bat’ irakurri dute ahots goran Bilboko Arriaga antzokian, Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatutako Irakurraldi Jarraituan. Meaberen berbak gorpuztu dituzte irakurleek.

 ©JON URBE / @FOKU

«Orkestrak etxean egin duen lanaren ondorio da nazioartean egindako bira»

Miren Mujika Telleria

Arrakastatsua izan da Euskadiko Orkestraren 2022-2023ko denboraldia, eta halakoa izan dadin prestatu dute datorrena ere, sona handiko zuzendari eta musikariak izango baitituzte lagun.
Ibon Aranberri, Asier Mendizabal eta Itziar Okariz, JAI Jardun Artistikoen Institutuko 2023ko tutoreak; artxiboko argazkia. ©Gorka Rubio / Foku

Hamasei sortzailek parte hartuko dute Jardun Artistikoen Institutuaren udako eskolan

Iraia Vieira Gil

Laugarren aldiz egingo dute aurten, eta arte ikasleek nazioarteko profesionalekin egoteko aukera izango dute. Ibon Aranberri, Asier Mendizabal eta Itziar Okariz izango dituzte tutore.

Xabier Gantzarain, Itziar Ugarte eta Harkaitz Cano, gaur, Azpeitian eginiko aurkezpenean. ©Gorka Rubio / Foku

Formatua berrituta egingo dute Hitzaren Eskolaren laugarren aldia, Azpeitian

Mikel Lizarralde

Amets Aranguren, Irati Gorostidi, Joseba Sarrionandia eta Itziar Ugarte ariko dira irakasle, eta bakoitzak beste irakasle bat gonbidatuko du. Hiru hilabete iraungo du aurten eskolak, irailaren 2tik azaroaren 18ra.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.