KRITIKA. Artea

Goian behean eta zarra-zarra

Mona Hatoum artistaren Still Life instalazioa, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
2022ko azaroaren 29a
00:00
Entzun

'Indésirables. Bonbardaketatik esparrura. Erbesteratzearen ibilbideak'

Non: Donostiako San Telmo museoan. Noiz arte: 2023ko urtarrilaren 29ra arte.

Euria goian behean ari du. Azkenean, iritsi da hainbeste desiratutako udazkena; negu tankerakoa. Eta horrelakoetan, bi motatako planak izaten dira gorputzak gehien eskertzen dituenak, normalean: etxean gozo-gozo egotea kaleko ur putzuak eta euria zarra-zarra nola erortzen den ikusiz, ala kanpora joateko gogoz baldin badago inor —asteburua dela nabaritzearren edo— aterpe lekuren batera joatea, han ere gozo-gozo egoteko. Horrela, tankera honetako egunetan, ez da plan txarra museoetara joatea—museoetara joatea inoiz plan txarra bada—.

Donostiako San Telmo izan da aukeratua, eta bertaratze hutsa nahikoa odisea izan da. Halako egunetan, museoaren aurreko plaza ingurua zeharkatzea guda-zelaia zeharkatzearen modukoa izaten baita, euriarekin nahastuta itsasotik sartzen diren haize bolada bortitzak direla eta. Museo barneko erakusketaren oihartzuna izan zitekeen lasai asko: Piedad Solansek komisariatutako Indésirables. Bonbardaketatik esparrura. Erbesteratzearen ibilbideak mostrarena zehazki.

Museoak badu ohitura, erakusketaren preludio gisa, komisarioaren hitzak biltzen dituen sarrera bideo bat ipintzekoa. Aretoaren atarian egon ohi da; iraupen egokia izaten dute, eta ikuslea kokatzen laguntzen dute, bisitatuko duen horretara egokitzen. Beraz, ikusi dut. Komisarioak historian hainbat gizataldek jasotako errepresioez hitz egiten duen erakusketa aurkezten du hartan, eta horixe bera da mostran topatzen dena.

Espazioa hainbat gunetan egituratuta dago; errepresio mota ezberdinak multzokatu, eta haietako bat azpimarratzen da bakoitzean: arraza-nagusitasuna (kolonialismoak eragindakoa, bereziki); erbesteak; esparruak; eta gerrak. Zalantzarik gabe, azkena da espazio gehien hartzen duena.

Erakusketa luzea da, edo luze egiten da, behintzat. Lan asko daude. Lan gehiegi. Hitz asko daude. Hitz gehiegi. Goian behean eta zarra-zarra, kanpoko euri jasen gisan. Gainera, tamaina oso txikian idatzita daude. Eta, gainera, aretoan ez dago argi askorik.

Oso deserosoa da; gainezka egitearen sentsazioa izan nuen, eta nekagarria da. Nekeza. Gogorra. Edonola ere, gaiarekin bat egiten du erakusketa taxutzeko erabilitako errekurtsoen hautaketak eta haien baturak. Gaia bera ere nekeza, deserosoa eta gogorra baita, zalantzarik gabe. Komisarioak, agian, nahita bilatu ditu efektu eta sentsazio horiek. Baina, hala izanik ere, akaso, gehiegizkoa izan da emaitza.

Egun, moda-modan dauden idazle, filosofo, soziologo, antropologo nagusienen zitak nonahi daude aretoetan, biniloetan zein txarteltxoetan. Ez diot testuek interesik ez dutenik, baina agian ez zegoen guztien beharrik, katalogorako zenbait utz zitezkeen, arazorik gabe —aretoetan adierazi nahi den hura berdin-berdin ulertzen baita guztiak irakurri gabe ere—. Eta zenbait artelanekin ere sentsazio bera izan dut, bereziki esparruei dagokien atalean: hainbat marrazkik estaltzen zituzten hormak, ia horror vacui-aren moduan, eta guztiak oso-oso antzekoak dira. Kantitateak ez du kalitatea bermatzen.

Dena den, lan oso interesgarriak ere badira erakusketan, adibidez, eta guztien artean gehien txunditu ninduena, Mona Hatoumen Still Life instalazioa. Gerrari dagokion espazioan dago kokatua, baina gerrarekin lotzen dugun estetikatik urrun dirudi lanak, lehen begiradan behintzat. Mahai gainean ipinita, kolore dirdiratsu eta erakargarrizko zeramika lanak dira. Dekoraziozkoak dirudite, inuzenteak eta kaltegabeak. Hurbiltzean, ordea, oharkabean, eztanda egiten dute: granadak dira, armarik egongaitzenetarikoak. Zorionez, ordea, lanaren izen ironikoak aipatzen duen moduan, ez nago benetako gerra-zelaian, eta oraindik bizirik nago.

Erakusketaren amaieraraino iritsi naiz, eta beste sentsazio bat ere izan dut: kontatzen den guztia atzerrian gertatzen dena da, nolabait, hemen, Euskal Herrian, guztiaren behatzaile soilak izango bagina bezala, edo, asko jota, horren pairatzaile, biktima. Eta zalantza honekin irten naiz azkenik museotik: proposatutakoa baino, ez al litzateke interesgarriagoa izango, euskal herritar gisara, historian eta egun, errepresioari lotuta bertakook izan dugun rola bistaratzea eta horren inguruko hausnarketa bultzatzea?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.