KRITIKA. Artea

Euskarrietatik ihesi

Jutta Koetherren obra handietako bat. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
2022ko abenduaren 6a
00:00
Entzun

Jutta Koether

Lekua: Gasteizko Artium museoa. Noiz arte: apirilaren 26ra arte.

Artium museoak Jutta Koether artista alemaniarraren lana biltzen duen erakusketa egituratu du, Black Place titulupean. Pinturaren inguruko hausnarketak bideratzen dituen mostra da Koetherrena, museoaren bi gelatan egituratzen dena. Nolabait ere, 80ko hamarkadatik eguneraino artistaren lanaren bilakaera ikusarazten du erakusketak. Bada, artistaren helburua pinturaren mugak berrantolatzea da, betiere irudiaren kritika eta epistemologia feministatik abiatutako hausnarketak aldarri izanik.

Erakusketa espaziora murgiltzean, dei ematen dit aztarna ezak: lehenengo espazio luzearen hormak biluzik daude, hondo-hondokoa izan ezik. Kutsu liturgikoa arnasten da nolabait, espazio luze eta huts horren amaierako pieza identifikatu gabeak bertara gerturatzera bideratzen gaituelako.

Bertara abiatzeko beharra sumatzen dut, aurrera egin ahala pieza horren materialak, formak eta testura identifikatzeko gai naizen heinean. Oraingoan, ez dago pinturarik, aluminiozko xaflaz egindako pieza baita. Alabaina, aluminiozko xaflak emakume baten aurpegia egituratzen duten ingerada zurrunak dira. Pinturaren eta eskulturaren arteko mugak berregin, uzkurtu eta berrantolatzen dituen irudi bihurtzen da pieza. Alegia, hurrengo espazioan aurkeztuko zaigun sinbiosiaren prestakuntza estetikoa.

Izan ere, mostraren bigarren espazioan barneratzen garenean, begietatik gorputzera barneratu eta barrenetan eztanda egingo digu aurkeztuko zaigun aniztasun homogeneoak. Irudiak, formak, euskarriak, pinturen instalazioa... plurala da guztiz, baina konposizioen belztasunak bateratzen ditu, eta osotasun bat sortzen du espazioan.

Espazioan sortzen den atmosfera horretan instalazioak paper erabakigarria jorratzen du, formatu askotako piezak baitaude: monumentalak, txikiak, ertainak, serieak... Baina, bakoitzak bere espazioa du, eta ezinezkoa da pieza bakoitza banan bana ez aztertzea.

Bigarren espazio horretara barneratzean eta lehenengo piezekin topo egiten dugunean, artistaren lan ildoaz ohartzen gara. Tamaina ertaineko pintura bat dugu, beltza, zikina, eta aldi berean leuna, zeinaren gainean dirdiradun triangelu bat aurkezten den, zientzia fikzioa gogora ekartzen duena. Pinturak mihisetik ihes egin nahi du, bertatik isuri, desagertu... Bada, ihes hori muturrera doa erakusketa espazioan aurkeztuko diren beste zenbait piezatan, artistak erabilitako beira urtuarekin: pinturak, azkenik, euskarritik ihes egiten du, eta izaera eskultorikoa bereganatzen du.

Erakusketaren nagusitasuna pintura monumentalek bereganatzen dute espazioarekin dugun lehenengo begi kolpean. Esaterako, Touch and Reisist 5 piezak, hondoko espazioko horma hartzen du oso-osorik. Baina, ez da pintura monumentalen genealogia tradizionalean oinarritutako konposizioa bere osotasunean, markoak atzean utzirik mihisea malgu geratzen baita. Malgutze horrek pinturari bestelako identitate bat bereganatzen diola sentitu dezakegu, nolabait ere, atzean zerbait ezkutatzen duen teloi erraldoi bat ekartzen baitigu gogora.

Alabaina, konposizioaren edukia da artistak, erabilitako pintura ilunen bitartez, ezkutatzen duena. Bertara gerturatzen garen heinean, eszenografia zehatz batean kokatuak dauden figura batzuen zertzelada mardulak identifikatzen baitira. Bada, hura Peter Paul Rubens (1577-1640) margolariaren pintura baten berrinterpretazioa da. Jatorrizko egitura mantentzen da, baina teknika, testurak eta bertan igortzen dena bestelakoa da, guztiz.

Ildo berdina mantentzen du Leibhaftige Malerei pinturak, Sandro Botticelli (1445-1510) margolari italiarraren lana oinarritzat harturik. Halaber, kasu honetan, jatorrizko pinturan igortzen ez den bortizkeria, azkartasuna eta estatismoa dira nagusi.

Nolabait ere, pinturaren tradizio kanonikoen inguruko hausnarketa zuzenak bidaltzen ditu artistak. Onartua dagoenaren eta ez dagoenaren arteko mugarriak berreginez eta horri lotutako ildoak mahai gainean jarririk. Koetherrek egindako konposizioek harrapatzen gaituzte. Halaber, mostraren egiturak horretan laguntzen du, erritmo dinamikoen bitartez pieza bakoitzari espazioa eskaintzen baitio. Eta, era berean, espazio ireki batean kokatutako piezak izanik, loturak askotarikoak izan daitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.