KRITIKA. Artea

Amatzearen zentzuak

Altsasuko Iortia kulturgunean ikusgai dauden hainbat pieza. MANNAIG NOREL.
2023ko martxoaren 7a
00:00
Entzun

'Materialak amatu'

Non: Altsasuko Iortia kulturgunean. Noiz arte: apirilaren 16ra bitarte.

Erakusketa bat komisariatzearen prozesuak amatzearekin lotutako zantzuak dakarzkit gogora. Izan ere, artisten lana zaindu, ikusarazi, espazioa ehundu eta publikoarekiko transmisio bat bermatzearen ardura amatze horrek bideratzen duen afektu sare baten bitartez garatzearekin lotzen dut. Hor kokatzen nau, moduren batean, aurtengo Uholdeak programaren Materialak amatu erakusketak, Natalia Islaren komisariotzapean Amaia Grazia Azketa, Angela Moren, Beruta, Oihane Mcguiness Armendariz, Txaro Fontalba eta Zarys Falcon artisten lanak aurkezten dituena.

Aurreko urteko edizioan bezala, Nafarroako hiru udalerritan egituratuko da erakusketa: Altsasun, Agoitzen eta Tafallan. Halatan, lehenengo egoitza lana Altsasuko Iortia kulturguneari dagokio.

Iortia kulturguneko atea zeharkatu eta erakusketaren espazioan barneratzen naiz. Lehenik, mostraren testua aurkezten zait, abisu baten moduan nolabait: Material amatuak. Hain zuzen, amatutako material horiek espazioari zentzua ematen dioten pieza artistikoei egiten diete erreferentzia: material maitatuak, lokarri afektiboak, zaindutako objektuak, prozesu baten emaitza izan direnak, zaurgarritasunaren aldarriak...

Testuari eusten dion murrua zeharkatzean, erakusketa bere osotasunean arnasteko aukera helarazten zait. Izan ere, mostra espazio ireki batean egituratzen da, eta horrek pieza guztien arteko elkarrizketa gauzatzen du. Euskarriak askotarikoak dira, eta haien irakurketak ere bai, baina elkarrekin ere ehuntzen dira: eskultura, pintura, instalazioak, lokarriak, ikus-entzunezkoak...

Amaia Graziaren pieza eskultorikoek egiten digute harrera nolabait; sabaitik zintzilik daudela, goitik behera eta behetik gora begiratzera bideratzen gaituzte. Sokak, lokarriak, euskarriak... dira piezak, eta moduren batean espazioa goitik behera antolatzen duten lokarrien oihan bat sortzen dute; haren barnealdean, Angela Morena artistaren pintura bat dago. Bada, bertan, lokarriz konposatutako oihan horren erresonantziak sentitzen dira.

Halaber, erresonantzia horiek espaziora hedatzen dira eta Txaro Fontalbak sortutako ohe eskultorikoa harrapatzen dute; oheak ez du koltxoirik, haragi zati bat simulatzen duen lonazko pieza bat baizik. Horri eutsirik, amatasun hegemonikoaren arrastoak zalantzan jartzera bideratzen gaitu. Ohearen goxotasuna urratzen duen somierrak zera esaten digu: Ā«Bestekotasunaren ama, jan nazazuĀ». Bada, deseraikitze horrekin bat eginez, horman zintzilik, artistak berak Ama Birjinaren ikonografia bereganatzen duten horma paperak garatu ditu.

Halatan, mostra osatzen duten zenbait piezaren plastizitatearen inguruan hausnartzera narama horrek. Plastizitate bigun hori ez baita horma paperen mugikortasun hauskorrera mugatzen. Horietan barrena, Berutak garatutako piezatxoak edota oihalezko panpina ere aurkezten baitzaizkit: malgu, gogor, hauskor eta indartsu. Artistak berak azaltzen duenez, horiek dolu edota ontze prozesu baten emaitzak baitira; prozesu horri lotutako euskarri kutunak, moduren batean.

Bada, objektu kutunekiko aldarria, zaintza eta ardura adierazten du Oihane Mcguinesen lanak ere. Alabaina, kasu honetan ere, horien berrantolaketa proposatzen du. Alde batetik, bere piezak egituratzeko hautuaren bitartez; eta, bestetik, horiek aurkezteko moduaren bidez. Bada, artistak aurkezten dituen bi pieza edo instalazioekin batera, bere estudioko materialak ere erakusten dizkigu, material intimoak ikusgarri eginez; eta, era berean, beren lanerako materialen prozesu diren horiek errespetuz ukitu, ikusi eta zaintzera bideratuz.

Mostrarekin izandako lehenengo begi kolpe horretan, piezen instalazio eklektikoak bideratzen duen ibilbideak ikusleengan sortuko dituen mugimendu koreografikoak dakarzkit burura. Piezen kokapenaren ondorioz erritmoak biderkatzen baitira, eta ikusleen gorputzen mugimenduak berrantolatzen baitituzte.

Tamalez, Nafarroan komisarioekiko egiten den apustua eskasa da. Baina komisariotzaren bitartez egituratuko erakusketa kolektiboak eta horiek bideratzen duten ehuntze afektiboaren eraginkortasuna frogatzen du mostra honek. Halaber, komisariotza afektibo bezala definitu genezakeena geure testuinguruan errotzearen beharrak ere ikusarazten ditu Natalia Isla Sarratearen lanak.

Materialak amatu mostran afektu, gorputz eta espazioarekiko errespetu orekatua arnasten da. Azkenik, komisarioaren zaintzaren ardura egoitzarena ere bihurtzen da, giro afektiboei men egin eta mostraren transmisioa bermatzera bideratuta. Erakusketaren espazioak biltzen dituen piezen zaintza afektiboak bideratzen duen ardura, hain zuzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.