KRITIKA. Artea

Gure begiradatik

Evil Eye erakusketa, Tabakaleran. MAIALEN ANDRES / FOKU.
2023ko apirilaren 25a
00:00
Entzun

'Evil Eye'

Non: Tabakaleran, Donostian.Noiz arte: ekainaren 4ra arte.

Orain dela gutxi idatzitako kritika bat konfesio batekin hasi nuen: zenbait erakusketa haien hurbiltasunagatik ikusten nituela. Oraingoan, bada, konfesio beraren parte izan zitekeen bigarren zatiarekin jarraituko dut: gertuko erakusketak, eta ordutegiz ere, bateragarri zaizkidanak dira ikusten ditudanak, oro har. Museo, galeria eta arte erakusketak ipintzen dituzten instituzioen ordutegiak ez dira beti guztiz erosoak izaten. Batzuetan, aurrekontu falta dela eta, irekiera oso ordu eta egun murritzak izaten dituzte, eta ez da beti erraza izaten ordutegi horiek lan orduekin bateratzea. Batzuetan, halako puzzle jokoak egiten ditut nire ordutegiarekin erakusketa horietara joateko. Bestetan, ordea, irekiera ordu zabalak dituzten instituzioetako erakusketak ikustea beste aukerarik ez da izaten.

Aukeren artean, Tabakalerara jotzea erabaki nuen orduan, denbora nahikotxo pasea baitzen instituziotik bertatik sortutako erakusketaren bat ikusten ez nuela. Hala, bada, erakusketara bertaratu nintzen; edo hobe esanda, bertaratu ginen. Behin, konfesioak egiten hasita, esan beharra baitut erakusketak ikustera maiz jendez lagunduta joaten naizela; horrela beti baita aberasgarriagoa eta dibertigarriagoa.

Erakusketa hitz batez deskribatu beharko banu, denaren gainetik, konplexua dela esango nuke. Ez da edonorentzat egindako mostra —nirekin etorritakoak behin baino gehiagotan aitortu zidan moduan—. Kontzeptu eta ideia askoren nahasketak biltzen dira bertan, interesgarriak, zalantzarik gabe, baina askotan, erakusketaren ildoa jarraitzeko arazoak sortzen dituztenak. Mostran barneratu ahal izateko ez da nahikoa izaten, inondik ere, sarrerako testua irakurri eta artelanak ikustea. Artelan bakoitzak gauza oso zehatz, espezifiko eta ezberdin bati egiten dio keinu, erakusketan lantzen diren ideiez gain, beste hainbati ere erreferentzia egiten dietelarik; beraz, hauek erakusketan egotearen zergatia ulertu ahal izateko, beharrezkoa da, nahitaez, proiektu bakoitzaren alboan agertzen den txarteltxoko informazioa irakurtzea. Txarteltxo horiek, ordea, txikiak dira eta informazio kantitate handia jasotzen dute irakurtzeko bat ere erosoa ez den tamaina oso txikiko letretan. Horrek guztiak kontzentrazio maila oso altua eskatzen dio bisitariari erakusketa aretoetan; ia deskantsurako aukerarik ere eskaintzen ez zaiolarik. Zalantzarik gabe, aste osoa lanean pasa ostean, ez da ostiral arratsalde batean ikusteko erakusketa.

Testuen artean hala nolako hierarkiaren bat egon izan balitz, sikiera tamaina ezberdinak erabiliaz, erakusketa ulertzeko nahitaezkoak diren batzuk hautatu edo sortuaz, zenbait artelanen multzokatzeekin batera, erakusketa atseginagoa izango zatekeenaren sentsazioarekin gelditu nintzen; maiz, komisariotzan bigarren mailan gelditzen diren egin beharrak dira hauek —aretoetako testuen antolaketaz pentsatzeaz ari naiz—, baina ezinbestekoak dira transmititu nahi den diskurtso hori bisitariengana eraginkortasunez iritsi dadin, eta bereziki, hain diskurtso konplexuko erakusketetan.

Txarteltxoetako testu bakoitza irakurtzeak denbora eskatzen du; denbora asko, eta honi erakusketan dauden ikus-entzunezko kopuru handia gehitzen badiogu, ia ezinezkoa bilakatzen da erakusketa osoa arratsalde batean ikustea. Beraz, ikus-entzunezko askoren kasuan, txarteltxoko informazioa irakurri, minutu batzuez pantailaren aurrean egon, eta aurrera egin beharra tokatzen zen. Bai, egia da erakusketara beste egun batean bueltatu zaitezkeela osorik ikusteko denborarik izan ez duzun ikus-entzunezkoak ikustera. Baina egiaz, oso jende gutxik egiten du halakorik. Ni, adibidez, Miranda Pennellen Strange Object osorik ikusteko gogoz gelditu nintzen, oso itxura interesgarriko lana, baina ez dakit horretarako aukerarik izango ote dudan tamalez. Dena den, honez gain, azpimarra berezia merezi duten beste hainbat lanez disfrutatzeko aukera izan nuen; hala nola, Kapwani Kiwangaren eskultura bikainez eta Euskal Herriaren iragan kolonialista bistaratzen duen Kiluanji Kia Hendaren La conquista del reino sin memoria (Jeanne Rolande) lanaz.

Amaitzeko, erakusketan lantzen den gaira itzuli nahiko nuke bisitaren gortasuna albo batera utziz eta bertan lantzen diren begirada eta ikusgarritasunaren baitako boterea eta kontrol politiken inguruko gaiak —izan sozialak, militarrak, konbentzionalak edo bestelakoak—, plazaratzearen beharra aldarrikatu nahiko nuke, haien inguruko gogoetak, pentsamenduak eta hausnarketa kritikoak bultzatzearena; maiz, hain naturalizatutzat jotzen dugun hori zalantzan jartzeko, eta beste ikuspuntu batzuetatik heltzeko aukera eskaintzen baitu erakusketak. Horrekin gelditzen naiz ororen gainetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.