KRITIKA. Artea

Iritsi da garaia

90 berriak erakusketa, Donostiako San Telmo museoan. JON URBE / FOKU.
2023ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun

'90 berriak'

Non: San Telmo museoan, Donostian.Noiz arte: Ekainaren 4ra arte.

Garai jakin baten historizazioa egin nahi baldin bada, horretarako beti distantzia behar dela azpimarratu izan da. Distantziak, ustezko objektibotasun kutsua emateaz gain, iraganera beste begi, perspektiba eta hedadura batekin begiratzeko aukera eskaini ohi duelako. Orain dela urte batzuk hasi zitzaion begirada kritikoz begiratzen iragandako 1980ko hamarkada hari, eta, orain, berriz, hurrengo hamarkadan arreta jartzeko garaia iritsi dela dirudi: 30 urteko tartea nahikoa ote da, bada, atzera begira hasteko?

Neroni 30 urte pasatxokoa naiz, eta halako gauzak irakurtzea bertigo pixka bat ematen hasia zait, nire bizitza propioa historizatzeko aukera baita hein batean mahai gaineratzen dena, zahartzaroaren ajeak pixkanaka begi-bistaratzen hasiz. Dena den, emozioak eta ilusioak ere badakartza eskutik helduta. Haur izandako garai haiei beste begirada batez begiratzeko aukera eskaintzen baitu, eta garai haietan nik nire gorputzean bizitako esperientziak beste gorputzek bizitako esperientziekin osatzeko aukera ematen baitu; agian, nire memoriei beste ulermen gainazal bat gehituz.

Beraz, bertigo, ilusio eta emozioen nahasketan barneratuta nengoela joan nintzen San Telmo museoan erakusgai dagoen 90 berriak mostra ikustera: Oraindik ere haur nintzen hartan, zer egiten zen artearen esparru hartan, ni enteratu ere egin ez nintzela? Ideiaren bat banuen, praktikaren batzuk ezagutzen nituen, noski, baina lan gehienak katalogo eskasetako irudien bidez nituen ikusiak, eta ezagutzen ez nuenetik asko zegoen irudikapena nuen. Eta horrekiko kuriositatea gailentzen hasi zitzaidan denaren gainetik, eta hala iritsi nintzen erakusketaren atarira ere.

Bilduma iragartzen duen kartel handiak ez ezik, beste bi elementuk ere osatzen dute espazio hau. Batetik, halako kronograma bat dago, letra nahiko txikiekin egina; letra askokoa, gehiegizkoa. 90eko hamarkada hartako zurrunbiloa irudikatzen du, zalantzarik gabe, eta ondoren erakusketan datorrena iragarri ere bai, nolabait behintzat. Zaila izan behar du horri guztiari ordena jakin eta ulergarri bat ematea erakusketa batek eskaintzen dituen tresnekin; eta zailtasun horiek espazioan, ondoren ere, antzeman egiten dira. Bestetik, Ruiz de Infantek egindako bideo baten proiekzio probokatzailea dago: «Espántame». «Cómeme». «Redímeme». «Suicídame». «Dómame». Barnera sartu naiz.

Erakusketa ordena ia kronologiko batean antolatua dago, alde batetik: 1990eko hamarkadako lehen urteekin ematen zaio hasiera, eta 2000ko hamarkadako azken urteak biltzen dira azken aretoan. Eta ordena kronologiko hau, era berean, askotariko arte ekoizpenak garatu eta bultzatu zituzten hainbat espazio eta instituziotan egituratu da. 1990eko hamarkada, maiz, Artelekuren presentzia erabatekoaren atzean ezkutatu da, eta erakusketak, bederen, atzean uzten du hori. Behin ere entzun gabeko izen, espazio eta artisten kolektiboak ezagutzeko aukera izan dut: Zelai Azpi, Rederia, La Percha galeria, El Gallinero... Baita artearen historiografiatik kanpo gelditutako proiektuak eta egiteko eta egoteko bestelako moduak ikustekoa ere. Asko, nigandik ezin gertuago gauzatutakoak. Nork esango zidan!

Era berean,ordea, hainbeste izen berrik nahasmen sentsazioa sortzen dute aretoan, guztia behar den bezala kokatzeko eta ulertzeko arazoez gain. Eta ulermenean ez du laguntzen zenbait lanek haiei zegokien espazioetatik ihes egiteak —adibidez, bideogintzari dagokion lekuan Belen Morenoren piezak egoteak—, ezta testuinguru haiei ez zegozkien garai kronologikoetako lanak tartekatzeak edo definitu gabeko zonak egoteak ere. Izan dut sentsazioa zenbait puntutan gehiegi esan eta erakutsi nahi izateko asmoa ere bazegoela, agian.

Dena den, erakusketak aditzera ematen duena da 1990eko hamarkadari begirada kritikoa egiteko beharra dagoela; eta egon badirela urte luzez kalitate eskaseko katalogoetako argazkietan bizi izan diren artelanak eta berriz ere aretoetara eramateko beharra dutenak lizunak jan aurretik —literala izan daitekeena zenbait kasutan—. 1990eko hamarkada hartako iruditeria konplexu hura guztia astintzeke dago, eta badirudi horretarako garaia iritsi dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.