Musika korronte anitz eta gurutzatuak ekarriko ditu Atlantikaldiak

Musika eta kultur topagune bilakatuko da Errenteria irailaren 20tik 23ra. Nneka, Bebe, Esne Beltza, 47Soul, eta Manez eta Kobreak, Aiace eta Duo BAVI izango dira agertoki nagusian, besteak beste

Pauline eta Juliette, Olatz Salvador eta Thierry Biskari, atzo, Atlantikaldiaren aurkezpen ekitaldian, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Gorka Erostarbe Leunda.
2018ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Musika jaialdi bat da, baina ez da soilik musika jaialdi bat. Atlantikaldia «kultura topagune» bat da oroz gain, antolatzaileek eta Errenteriako (Gipuzkoa) arduradunek behin eta berriro azaldu izan dutenez. Aurtengo aldia irailaren 20tik 23ra egingo da, eta Itsas Korronteak du izenburu. Honela azaldu du aurtengoaren filosofia Julen Mendoza Errenteriako alkateak: «Itsas korronteek izaera ezberdinak dituzte, aldakorrak dira, norabide asko dituzte, eraldaketan eta eraldatzen dihardute, elkartu eta banatu egiten dira, gurutzatu egiten dira, mugarik ez dute ezagutzen, mugimendua eta joerak irudikatzen dituzte... baina denak itsaso beraren zati dira eta Atlantikaldiak ere itsaso horretan eragin nahi du».

Ohikoa denez, jaialdia bi zutabetan oinarrituko da: kultur topagunea eta musika jaialdia. Kultur topagune den aldetik, «kulturen arteko trukeak ahalbidetuko ditu herriko zein kanpoko eragileen arteko elkarlana bultzatuz». Musika jaialdia ere izango da, baina « ez edonolakoa», antolatzaileen hitzetan: «Kanpotik etorritako eta bertako artisten arteko elkarlanetik sortutako kontzertu berezi eta bakarrak eskainiko baitira».

Taldeen arteko elkarlana

Oiartzun ibaiaren inguruan egingo da jaialdia, iaz Itsas Topaleku izenarekin sortutako hainbat gune berezitan. Agertoki nagusia Lehendakari Agirre plazan dagoen Itsasargi Nagusian egongo da, eta musika izango da gune horretan ia erabateko protagonista. Oholtza horren gainean ariko dira kartelburu modura izendatu dituztenak: Nneka, Bebe, Esne Beltza eta 47Soul.

Nneka musikari eta kantari nigeriarra afro-soularen ordezkari nabarmenetako bat da; igbo hizkuntzan, nigeriar pidgin hizkuntzan nahiz ingelesez kantatzen du. Irailaren 22an ariko da, larunbatarekin. Egun horretan ariko dira Serrulla (Iñigo Serrulla) musikari donostiarra, Hakima Flissi aljeriar sustraiak dituen musikari bilbotarra, eta Bebe kantari espainiarra. Festari amaiera DJ Makalak emango dio.

Esne Beltza taldea disko berria prestatzen ari da, eta kantu berrietako batzuk lehen aldiz emango ditu Atlantikaldian, antolatzaileek azaldu dutenez. Irailaren 21ean ariko da, ostiralarekin. Haien aurretik izango da emanaldi berezienetako bat. 47Soul Palestinako eta Jordaniako kidez osaturiko musika taldea da, Shamstep mugimenduaren ikurretako bat: Sham herrietako (Palestina, Jordania, Siria, Libano) mendeetako kaleko musika tradizionala erritmo elektronikoekin nahasten dute funkaren, hip-hoparen eta rockaren eraginpean. Atlantikaldian «emanaldi dantzagarri eta indartsua» egingo dutela iragarri dute, eta, gainera, La Basu hip-hok kantari etxebarriatarraren (Bizkaia) kolaborazioa izango dute.

Ez da izango Euskal Herriko eta kanpoko taldeen arteko elkarlan bakarra. Thierry Biskarik gidatzen duen Manez eta Kobreak taldea Aiace Brasilgo kantariarekin (lengoaia kaletarra, jazz eta pop-rock ukituekin) eta herrialde bereko Duo BAVIrekin ariko da Atlantikaldian, irailaren 20an, ostegunarekin. Aurrez elkarrekin egonaldi artistikoa egin dute guztiek.

Formatu txikiko kontzertuetan ere islatu nahi izan dituzte artisten arteko elkarlan eta elkarrizketa horiek. Keu Agirretxea ondarroarrak (Bizkaia) eta Pablo Novoa galiziarrak jaialdirako espresuki prestaturiko emanaldia egingo dute herriko plazan, irailaren 21ean. Gainera, besteak beste, Olatz Salvador, Pauline eta Juliette eta DZ DJ izango dira jaialdian, baita zenbait tailer, erakusketa eta bestelako kontu ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.