KRITIKA. Artea

Hitza. Irudia. Poesia.

Gasteizko erakusketan ikusgai dauden piezetako bat.
Gasteizko erakusketan ikusgai dauden piezetako bat. RAUL BOGAJO / FOKU

Garazi Ansa -

2018ko irailak 18

'Brossa Poesia'

Non: Artium museoan, Gasteizen. Noiz arte: Irailaren 23ra arte.

Hitzak maiz ahotsarekin lotzen ditugu, ahozkotasunarekin, soinuarekin eta entzumenarekin. Hitzarekin eta hitzekin hamaika joko eta jolas ere egin daitezke, txisteak, asmakizunak, aho-korapiloak, bertsoak eta poesia. Izan ere, zer da poesia hitzen sintaxi, semantika eta pragmatikarekin sortzen den hala-nolako jolasa ez bada? Eta hau materia gabekoa izan daiteke, ahoz egiten baldin bada, soinuaren bidez, baina jolasak materiadunak ere izan daitezke. Noski —inork pentsa dezake—, hori baino ezer nabarmenagorik? Hitzak paper baten gainean idatz genitzake, eta horra hor jolasaren materializazioa. Baina hitzak, eta haien sintaxi, semantika eta pragmatikaren inguruko jolasak, orri baten gainean soilik materializatu al daitezke? Joan Brossa poeta kataluniarraren inguruan Artiumen egin den banako erakusketan argi ikus daiteke ezetz.

Hitzen botere nagusia haien semantikan eta pragmatikan zegoela argi ikusi zuen Brossak gazte-gaztetatik, eta pixkanaka semantikek irudi bat irudikatzen duten horretan —edo agian alderantziz, semantikak irudiak ordezkatzen dituzten horretan—, Brossaren poesia ekoizpenean ere hitzek orrietatik jauzi egin zuten ikus-arteetarantz. Antzerkigintza, ekintza eta magiaren espektakulu, okultismo eta misterioarekin jolasean ibili zen etengabean, batez ere ikusten ez denaren eta ikusten denaren arteko balantzan. Dau al Set abangoardia talde kataluniarraren partaide ere izan zen, bere izaera errebelde eta apurtzailea pixkanaka geroz eta ageriago utziz.

Gerraostean gailendu zen erregimenaren menpeko gizarte burgesaren arauen aurkakotzat zuen bere burua, eta, horretan, gizarte horren barruan onartuak izan zitezkeen arau guztiak apurtzeari ekin zion, hitzaren sintaxi, semantika eta pragmatikatik hasita. Poesiaren arauak apurtuz, poesia berritzailea sortu zuen objektuen sorkuntzara eta antzerkira hurbilduz. Hala, interesgarria da Brossaren ekoizpen eta garapenak nola eraman zuen une berean artearen testuinguru anglosaxoian garatu zen kontzeptualismoaren kontrako norabidera. Kontzeptualismoa iruditik hitzera zihoan bitartean, Brossak hitzetik irudira egin baitzuen jauzi —horretan jauzirik egon baldin badago, behintzat—.

Hala eta guztiz ere, bere garaian Brossaren ikusteko modu eta sentsibilitatearekiko —alegia estetikarekiko— hurbil jarduten zuten beste zenbait poeta ere izan ziren, erakusketan argi aurkezten den moduan. Hego Amerikan Nicanor Parra; eta Europan, Marcel Marien -Belgikan- eta Hamilton Finlay testuinguru anglosaxoian —Eskozian-. Eta erakusketako ariketarik interesgarriena agian hemen datza. Izan ere, Brossaren ekoizpena etengabean bere jaioterriari lotu izan zaio orain artean, Kataluniako gerraostearen barruan irakurri izan delarik. Honela, literatura konparatuan egin ohi den ariketa bera erakustaretora ekarriz, alegia, egile ezberdinen lanak aurrez aurre ipiniz, Brossaren lanari irakurketa berritzailea ematea lortu dute komisarioek, freskoagoa, garai bereko testuinguru ezberdinen artean eman zitezkeen konexioak, poesiaren bidez, hitzaren semantikaren bidez, azaleratuz.

Erakusketan, hala ere, beste bi zati gehiago ere antzeman daitezke, baina, oro har, irakurketa edo ibilbide genealogikoa da planteatzen dena. Bisitariak aukera du Gerra Zibilaren garaian Brossak egindako lehen ekoizpenetatik abiatu, eta bere azken urteetako ekoizpenetarainoko bidaia egiteko. Batez ere bere ekoizpenari hertsiki loturiko testuinguru eta eragin ezberdinekiko loturak planteatzen dira bertan. Maiz, hala ere, loturak gehiegizkoak egiten dira —bisita soil baterako behintzat—, informazio metaketa ikaragarria baita aretoetako horma eta bitrinetan topa daitekeena: izan pinturak, liburuak, argazkiak, bideoak, filmak edo eskuizkribuak. Begi-bistakoa da erakusketaren komisarietariko bat, Teresa Grandasekin batera, Pedro G. Romero izan dela.

Hitzaren eta irudiaren arteko lotura agerikoa dela ematen badu ere, badirudi, batez ere artearen esparruan, hitza beti alboratua edo txoko batean utzia izan ohi dela. Hitza ia inoiz ere ez edo oso gutxitan lotzen da arte kategoriarekin, are gutxiago erakusketa edo museoekin. Arte produkzioa, ordea, maiz lotzen dugun irudi-ekoizpena baino esparru askoz ere aberatsagoa eta zabalagoa da, eta erakusketa honek aberastasun horren lagintxo bat begi-bistaratzeko balio izan du behintzat.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna