KRITIKA. Artea

Loturak

2018ko urriaren 2a
00:00
Entzun

Rosa Barba.'Drawn by the Pulse'

Non: Tabakalera, Donostia. Noiz arte: Urriaren 14ra arte.

Erakusketa baterako propio ekoiztutako lana ikusteak betiere irrika berezia sorrarazten du ikuslearengan. Baina arrisku puntu bat ere sorrarazten du bestaldean, lehen aldiz erakutsi eta arrakastatsua izango den edo ez deneko zalantza, espazioan bertan ongi funtzionatuko ote duenekoa. Tabakalerako azken erakusketa honetako protagonista nagusia, erakusketari berari ere titulua ematerainokoa, ekoizpen berriko lan bat da: Drawn by the Pulse. Eta dena esan beharra dago, kasu honetan, Rosa Barba artistak arriskua hartu izanak benetan merezi izan du.

Tabakalerako aretoak ilunpean daude; gelak argitzeko bonbillarik ez da erabili beharrik izan ia. Proiekzioak dira erakusketako piezen ardatz: film-proiekzioak, baina baita argi-proiekzioak ere.

Hala ere, gaur egungo teknologia berriek eskaintzen duten pelikula aretoetako isiltasunik ez da bertan. Argi fokuen eta iluntasunaren arteko jolasean, aretoetan sartzearekin batera erritmo bat aditzen da, nahi eta nahi ez bisitaria iraganera eramaten eta erakartzen duena. Soinuak erakusketarako propio ekoiztutako piezara garamatza. Film-proiekzioa baino gehiago, film-instalazioa edo film-eskultura izan daitekeena. Proiektatzen den irudiak berak baino gehiago, irudia proiektatzen duen makinak hartzen baitu piezaren nagusitasuna. 35 milimetroko film baten proiekzio analogikoa da, zeinetan pelikula bera argi kaxa batetik pasatzen baita proiektatua izan aurretik,baita proiektatua izan ondoren ere, lauzpabost lerro paralelo osatuz zeluloidearekin. Benetan zoragarria da makinaren trakatraka-k inguratzen zaituelarik kaxako argipean irudiak igarotzen ikustea. Poesia bisuala, abstrakziorantz jotzen duena. Estetikoki ederra da.

Ez dira Sistiagaren moduan pintura markez eginak, nahiz eta norbaitek halakorik pentsa lezakeen. Izarrak dira. Distira ezberdinetako izarren irudiak dira oro har; argazkiak. Azken puntako teknologiaren bitartez gizakiak naturarekin erlazionatzeko erabilitako makinez eginikoak. Teknika analogiko zaharrak eta punta-puntakoak nahasirik. Biak ala biak inguruan duguna irudi bihurtu eta behatzeko, aztertzeko erabiltzen ditugunak gizakiok. Gizakia eta natura harremantzeko tresneriak. Erakusketako ildo nagusietako bat izan daiteke hau, ildo ia ikusezina: ezagutza; ezagutza hori lortzeko, bermatzeko eta mantentzeko erabiltzen diren metodologia eta mekanismoak —filmak, artxiboak, idatziak, memoriak—; eta gizakiaren eta naturaren arteko harremana eta horrek sortzen dituen testuinguru, eragin, lotura eta egoera ezberdinak. Izan fikzioa, izan errealitatea.

Beste ildoa, berriz, zinemaren lengoaiarena berarena da, edo, zehatzago esanda, proiekzioarena. Argiaren pultsioarekin eta horrek sortzen dituen erritmoekin jolastuz, proiekzio mota ezberdinak baitira artistak planteatzen dituenak. Ohikoenak irudien proiekzioak dira, baina irudirik gabeko film laburrik ere bada. Filtro gainean zulatutako testuak dira, argi zuri baten bidez paretan eta lurrean irakur daitezkeenak. Tamainaz ikaragarriak izanik, ikusleari bertako istorioaren ildoa modu jarraitu batean segitzea oztopatzen diote, irakurlearen posizio aldaketa espazialak behartuz. Nahitaez, zatika eta espazioan perspektiba ezberdinetatik ikusi eta irakurri beharrekoak dira, pausu guneak sortuz eta linealtasunak ezabatuz. Haren hainbat filmetan ere halakorik sumatzen da.

Orain urte batzuk, Tabakaleraren irekierako apustua ikus-entzunezkoen inguruko erakusketa bat aurkeztea izan zen, bertan jorratuko zen bidea nolabait jada aurreratuz. Elias Kerejeta zinema eskolaren irekierarekin eta erakusketa honekin, etxearen ildo nagusiak are gehiago markatuz eta zehaztuz doaz. Interesgarria inondik ere, baina inolaz ere ez zenbait politikarik erakutsi nahi digutena. Alegia, Tabakalera Donostiako arte garaikideei dagokien instituzio nagusia dela, gainontzeko guztiak, eta bereziki Koldo Mitxelena ordezkatzen dituena (hala ez denean). Izan ere, Tabakalera beste gauza bat da, izenak berak dioenez: Kultura Garaikidearen Zentroa (eta ez Arte Garaikidearen Zentroa soilik). Donostiako beste instituzioekiko osagarri bikaina da, elkarlanean aritzeko, loturak bermatzeko, eta sare artistikoa birsortzeko, baina inolaz ere ez da izan ez izango beste instituzioen ordezkaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.