KRITIKA. Artea

Arroztasuna ezbaian

L'Intrus erakusketa, Donostiako Tabakaleran. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
2018ko abenduaren 11
00:00
Entzun

'L'Intrus'

Noiz arte: 2019ko otsailaren 3ra arte. Non: Donostiako Tabakaleran.

Arteak eta erakusketek eskaintzen duten aukeretako bat gai ezberdinak gizarteratzeko aukera da. Interes, jakin-min edo gogoeta ezberdinak plazan aurkeztuz, eztabaida publikoaren zati bilakatzeko aukera, besteak beste. Askotan, ikusleen artean aurrez inolako interesik izango ez zuen gai batekiko interesa pitz dezakete, edo, are gehiago, gai hori aurretik inolaz ere okurritu izan ez zitzaien ikuspuntu baten bidez ulertzeko aukera berma dezakete; hain zuzen ere, gai edo hausnarketa horietara begirada arrotz baten bidez hurbiltzeko aukera eman dezakete, nahiz eta gaiak berak egunerokoan presente senti ditzakegunak edo egunerokoan gorpuzten direnak izan. Tabakalerak aurkezten duen L'Intrus erakusketak horixe bera eskaintzen digu: gori-gori dagoen egungo gai batekiko, hain zuzen ere migrazioaren auziarekiko, bestelako inguratze bat.

Esan daiteke erakusketa Tabakalerako 2017ko komisariotza egonaldian Natasha Marie Llorens komisario eta idazleak egindako ikerketa baten emaitza dela. Zehazkiago esanda, Jean-Luc Nancyren L'Intrus entseguan oinarrituta —hortik erakusketaren izenburua ere—, Llorensek immigrantearen irudira hurbildu nahi izan du arrotzaren kontzeptua, berau modu fisiko batez ulertuta betiere. Nancyk, haren entseguan, hari egindako bihotz transplante bati buruz hitz egiten du; hau da, beste batena izandako eta bere gorputzean sartuko duten elementu fisiko arrotzari buruz. Nahiz eta hasiera batean oso abiapuntu sinplea iruditu, konplexutasunez beterikoa da, eta Llorensek oso modu interesgarrian metaforatzat hartu du egungo gizartean gatazka handia sortzen ari den migrazioaren fenomeno hori, ia norberaren gorpuztetik bertatik ulertzeko moduan planteatuz.

Erakusketaren planteamenduan erabat asmatu izateko gakoetariko bat zera da: migrazioaren arazoa bera arrotza den horren behin betiko etorreran dagoela; hain zuzen ere, gure gizartean ohikoak ez diren elementu edo gorputz berrien etorreran, zeintzuek aurretiazko ordena erosoa eralda dezaketen. Baina nor ez da izan inoiz arrotz? Nor ez da inoiz joan berarekin zer ikusirik ez duen testuinguru batera lanera edo oporretara bederen? Horixe planteatzen dute, modu batez, Chelsea Knightek eta Shane Aslan Selzerrek Lonely Planet bideoan, Chirripo mendixkan eta Costa Ricako Osa penintsulan bidaiatzen ari direnean. Pantailaren beste aldeko Anna Lopez Lunaren Sous le manteau bideoan, berriz, justu aurkako gertaera bat atzitzen da; alegia, norbere etxean arrotz sentiarazi edo hartzearena, hizkuntza ezberdin baten erabilera hutsagatik. Hala eta guztiz ere, lan honen aspektu interesgarriena da arroztasun hori modu negatibo batean planteatu beharrean, aukera gisara planteatzen dela. Izan ere, bideoko protagonistek arroztasun hori nahita bilatu izan dutela aitortzen dute, inork ulertzen ez dielarik askatasuna, intimitatea lortzeko eta kontrola ekiditeko tresna gisa.

Erakusketako lehen aretoko inpresio atsegina, ordea, lausotu egiten da bigarren aretoan sartzean, pixka bat bederen. Atea igaro, eta Elizabeth Tubergenen eskultura ikaragarriak egiten du harrera. Elementu erabat arrotz eta inbaditzaile gisara hautematen da. Errefuxiatuen eremuetako arkitektura efimeroa ekar dezake gogora, eraikitzeko erabilitako materialak direla eta, baina sentsazio hori materialen kolore beltz monokromotiko perfektuak deuseztatzen du segidan. Halere, barneratzeko gonbita egiten du, hain zuzen ere beste bi lanentzat kubo beltz lanak egiten baititu egiturak. Bietatik Omar Mismarren proiektua azpimarratuko nuke, batez ere, ikus daitekeen bideoaren bidez artistak arrotza den hori etsaitzat edo areriotzat hartu beharrean zalantzan ipintzen baitu, Ameriketako Estatu Batuetako arma saltzaile batzuen interbentzioaren bidez.

Eskulturatik at, aretoko beste lanen eta aurrekoen arteko loturak bermatzea, berriz, zail egiten da. Arroztasunaren kontzeptuari baino arroztasuna gorpuzteari interesa eman nahiagatik agian, gorpuzte fisiko ezberdinak irudikatu nahi izatearen sentsazio hutsa hautematen da, erakusketan planteatzen den gai mardulera ekarpen handirik egin gabe. Eta modu horretan, besteak beste, Nadia Barkate eta Jumana Mannaren lanei izatez duten interesa urriarazten zaie. Horretan, Tubergenen eskultura monumentalaren presentziak zerikusia izan dezake.

Proiektuaren gauzatzea, ordea, erakusketa hutsetik harago, ekintza paralelo ugariz horniturikoa da, proiekzio zikloen edo performanceen bidez. Tamalez, horietara bertaratzeko aukerarik ez dut izan, eta agian jarduera horien ezagutza falta egon da proiektuaren osotasuna sumatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.