KRITIKA. Artea

Ezohiko bidaia

Aita Labururen buruaren bisita eta anatomia erakusketa. JON URBE / FOKU.
2019ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun

'Aita Labururen buruaren bisitaeta anatomia'

Non: San Telmo museoa, Donostia. Noiz arte: Otsailaren 24ra arte.

Goiz batez, zein erakusketa bisitatu pentsatzen eta ikertzen ari nintzela Interneten, San Telmoko webgunera sartu nintzen, aldi baterako erakusketen eremura, eta publizitate gehien izaten ari diren Gorputza asmatzen. Biluziak, anatomia, pasioak eta Arrikrutzeko lehoia erakusketen artean, Oier Etxeberriaren izenburu bitxiko proiektua ikusi nuen: Aita Labururen buruaren bisita eta anatomia.

Antropologiari buruzko erakusketa bat izango al zen? Ez nuen argi. Esplikazioak irakurri aurretik, irudiei begira gelditu nintzen. Maite Zabaletak diseinatutako erakusketa liburuxkaren azalean animalia bat agertzen zen, igel bat. Gorantz begira. Zuri-beltzean. Nire ikusmira areagotzen zihoan momentuz momentu. Ez, hura ez zen antropologiari buruzko erakusketa... Webgunean beste argazki batzuk ere bazeuden. Sugandila batenak ziruditenak alde batetik. Sugandila ere gora begira, hilda igual. Zientziari buruzko erakusketa izan zitekeen? Elizgizon zientzialariren batena? Baina argazkiak ikusten jarraitu, eta gutxienez XX. mende hasierakoa zirudien argazki bilduma bat ikusi nuen, eta alboan, berriz, zuri-beltzeko bi filmen proiekzioa. Erakusketa historikoa izango da? Deus ere argi izan gabe, zalantzaz eta kuriositatez beterik joan nintzen erakusketa bisitatzera.

San Telmoko laborategian dago kokatuta. Nahiz eta tamainaz erakusketa txikia izan, eta erakusketa historikoetako kutsua ere baduen aretoak, aurrez ikusitako argazkietatik susmatzen nuen moduan —besteak beste erakusketa guztia dokumentu historikoz osaturikoa baita, ez soilik film eta argazkiz, baizik eta baita audio eta dokumentu idatziz ere—, kontzeptualki maila ezberdinetako irakurketak ahalbidetzen dituen erakusketa erabat konplexuarekin topo egin nuen.

Hiru eremu bereizten dira. Sarrera gunean, testu nagusia, bisitariek har dezaketen A3 tamainako orrialdea, Aita Laburuk idatzitako liburuz osatutako bitrina bat, eta grabaturiko filmen zerrenda, besteak beste. Bigarren gunean, berriz, sarrerako gunean zerrendaturik zeuden filmen proiekzioak eta bi audio entzun zitezkeen, bakoitza aretoko alde batean. Eta, azkenik, azken eremuan, argazki eta idatzizko dokumentazio askotarikoak.

Esandakoa kontuan harturik, lehen irakurketa mailak XIX. mende amaierako elizgizon teologo, antropologo eta medikuaren ideia eta jardueretara garamatza; besteak beste, ikusezina den hori (eremu anitzetan, hala nola sendatzeko teknikak edo agerraldiak) zientifikoki, alegia, enpirikoki, iruzurra edo benetakoa den frogatzeko egindako ahaleginetara, eta batez ere Elizari eta fedeari lotutako zenbait gertaeraren espektakularizazioaren aurka egindako borroketara.

Bigarren mailara, berriz, erakusketako sarreran dagoen A3ak garamatza. Bertan, hasieran ia ulertezina den irudi bat ikusten da alde batean; bestean, berriz, testu bat. Irudiari kontzientziaz begiratuta soilik ikus daiteke erakusketa aretoaren planoa haren oinarrian, eta gainetik, berriz, lerro organikoagoak. Testua irakurrita ez dago dudarik. Planoaren gainean giza burua dago irudikatuta; hain zuzen ere, Aita Labururena. Honela bada, eta testuak dioen bezala, Francisco de Quevedok Richelieu Kardinalaren burua bisitatzeko proposamena egiten zuen moduan, Oier Etxeberriak literalki Aita Labururen burura garamatza (sarrerako eremua, burmuina; filmak, begiak; audioak, belarriak; eta bestelako dokumentazioa, sudurra eta ahoa). Baina ez soilik ohiz kanpoko pertsonaia hori ezagutzeko asmoarekin, baizik eta Quevedok proposatu bezala, haren garaiko gorputz politikora hurbiltzeko ideiarekin. Eta testuinguru horretan uler daitezke Aita Laburuk guztia behin eta berriz arrazionalizatu eta zientifikoki frogatzeko egindako saiakerak. Hain zuzen ere, positibismoa eta ikusgarritasunaren ustezko egiantzekotasuna eta neutraltasuna baitziren garai hartan gizartean onarturik zeuden ezagutzaren oinarriak.

Eta horrek hirugarren maila batera garamatza: ideia horiek guztiak orainaldiarekin lotzera. Izan ere, egungo gizartearen zimenduak XIX. mendean eta urte haietan garatu zen positibismoan finkatu baitziren.

Honela, erakusketa, Aita Labururen irudia aitzakiatzat hartuta, egungo gizartearen oinarrien inguruko hausnarketa sakona bultzatzeko XIX. mendera egiten den begirada antropologiko, teologiko eta zientifiko gisara uler daiteke, egungo zenbait egoera eta gertaera ulertzeko gakoak eta hariak eskaintzen dituena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.