Ospakizun kutsuko programazioa taxutu du Donostiako Kursaalak

Azaroan izango den 20. urteurreneko galaz gain, dozena bat kontzertu antolatu dituzte denboraldi berrirako. Hurrengo urteko zenbait ikuskizunetarako sarrerak ere salgai jarri dituzte dagoeneko

Omara Portuondo Donostian ariko da urriaren 30ean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Miren Garate.
2019ko irailaren 10a
00:00
Entzun
20 urte betetzen ditu aurten Donostiako Kursaalak, eta iragarrita zegoen jada azaroaren 28an gala bat izango zela urteurrena ospatzeko, «eraikineko jarduera kulturala ordezkatzen» duten artistekin. Besteak beste, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Orfeoi Gaztea, Juan Jose Ocon zuzendaria, Lucia Lacarra dantzaria, Elena Sancho Pereg sopranoa, eta Izaro, Mikel Erentxun eta Eñaut Elorrieta abeslariak ariko dira. Ekitaldi hori nabarmentzen da Kursaal Eszenaren denboraldi berriko programazioan, baina beste dozena bat kontzertu ere antolatu dituzte udazkenerako.

Urriaren 19an izango da horietatik aurrena; hain zuzen, Musika Familian programaren barruan, dibertsitate sexualaren gaia landuko du Aske Fundazioak prestatutako komedia musikalak. Iragarritako azkenak, aldiz, 2020ko urtarrilean izango dira, Javier Camarena abeslari lirikoaren errezitala (urtarrilak 23) eta Madrilgo Los Secretos taldearen kontzertua (urtarrilak 31), hain zuzen.

Tartean, Geneva Camerata orkestraren (urriak 27), Hanburgoko NDR Elbphilharmonieren (azaroak 12), Martha Argerichen (azaroak 23) eta Concerto Kolnorkestraren (abenduak 14) kontzertuek osatuko dute musika klasikoko eskaintza. Halaber, Omara Portuondo musikaria (urriak 30), Vetusta Morla taldea (azaroak 2) eta Ludovico Einaudi pianista (azaroak 4) ere ariko dira.

Nahiz eta udazkeneko denboraldia oraindik ez den hasi, ondorengoa ere prestatzen ari da Kursaal Eszena, eta zenbait ikuskizun iragarri ditu dagoeneko: Opus Lirica konpainiak Mozarten Don Giovanni taularatuko du otsailaren 21ean eta 22an, eta Amaral taldeak kontzertua emango du martxoaren 12an, Salto al color diskoa aurkezteko. Bi ikuskizun horietarako sarrerak salgai daude dagoeneko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.