KRITIKA. Erakusketa

Txalo zaparrada

Antoni Muntadasen erakusketa, Gasteizko Artiumen. DAVID AGUILAR / EFE.
2019ko urriaren 29a
00:00
Entzun

'Elkarrekiko loturak, interconexiones, interconnessioni'

Non: Gasteizko Artiumen.Noiz arte: 2020ko urtarrilaren 12ra arte.

Azken urte hauetan Artium museora inguratzen den orok du barrura sartu gabe aldi baterako proiektuetariko bat ikusteko aukera. Atzeko eraikineko fatxadetatik zintzilikaturiko pankarten bidez, site specific deituriko ekoizpenez, alegia, bertarako propio egindako proiektuez gozatzeko aukera. Grey Flag izenekoaz. Proiektu xumea da, baina eraginkorra eta erakargarria izan daitekeena bertatik pasieran dabilen edozeinentzat. Aste honetan joan naizenean, sarreraren albokoak eman dit bereziki atentzioa. Gorri-gorria, arrisku seinalea iradokiz, letra zuriekin eta handiz idatzirik: ERNE: HAUTEMATEAK PARTE HARTZEA BEHAR DU. Antoni Muntadasek, Euskal Herrian egiten duen lehen bakarkako erakusketara sartu aurretik, jada abisua eman digu. Ez sartu begiratzeko asmoz soilik, egileak hautematea eskatzen baitu. Ez sartu modu pasibo batez aretoetan ibiltzeko asmoz soilik, egileak parte hartze aktiboa eskatzen baitu.

Ez pentsa, hala ere, gorputzaren atalekin modu fisiko batez elkar eragiteko lanak izango direnik erakusketan. Parte hartze aktiboa, ideiei loturikoa, izan ohi da Muntadasen lanetan, pentsamendu kritikoaren suspertzeari loturikoa, hain zuzen ere. Garai ezberdinetako lanak daude bertan, hasi 1970eko hamarkadatik eta gaur eguneraino luzatzen direnak. Erakusketaren titulua elkarrekiko loturak <> interconexiones <> interconnessioni da, eta horrek ere denbora tarte horri guztiari egiten dio erreferentzia, lanen artean egon daitezkeen lotura kontzeptualetan baino, haiek guztiak biltzen dituen nodoan jarriz fokua: artistarengan berarengan. Bestelako irakurketak ere ahalbidera ditzakeen arren —izan ere erakusketan dauden lan guztien artean ere hala nolako elkar loturak topatzea oso ariketa erraza baita—, Mark Wigley historiagileak artista definitzeko moduan oinarritu zirenkomisarioak: elkartrukerako eremu-sarea, bidaiari nomada.

Zenbat? Zeinentzat? Noiz? Non? Nola? Zergatik? Zer? Nor? Galdera zaparradak egiten du ongietorria. Erakusgai dagoen lehen proiektua da. Ikusleak hasiera-hasieratik aktibatzeko intentzioa erraz sumatzen da. Parez pare, 1970eko hamarkadan zehar egindako bere lehen lanen dokumentazioak kontsultatzeko aukera dago, bideoak ikusiz edo artxibagailu beltzetako plastikoak banan-banan aztertuz. Konturatu gabe, nire gorputza alde batera eta bestera mugitzen hasi zen, plastikoak pasatzearekin batera, bertako zirriborroak irakurtzearekin batera, erritmo bertsuan, erritmo lasaian. Ingurunea hautematearen inguruko lanak dira ikus daitezkeenak; usaimenaren bidezkoak, dastamenaren bidezkoak, ukimenaren bidezkoak, denetarikoak daude. Bizi dugun espazioarekiko hautemate kontziente baten bilaketa dirudi, bilaketa sentsoriala. Eta gorputzak mugimenduan jarraitzen zuen. Eta ahapeka kantatzen ere hasi nintzelakoan nago uneren batean.

Ondoko gelatik zetorren musika: La televisión proiektutik. Atmosfera bereziko gela da. Estetikoki ederra, erakargarria, intentsua eta katigatzen duena, baina, era berean, kontzeptualki ere kritika interesgarria planteatzen duena. Mass mediek egiten duten informazioaren trataeraz eta informazio hori kontsumitzeko dugun moduaren inguruko gogoetaz ari da. Hala ere, ez da erakusketan gai hori jorratzen duen bakarra. Ezinezkoa litzateke proiektu guztiak aipatzea segidan, nahiz eta merezimendu faltagatik ez izan. Hauturik egokiena bertaratu eta ikustea da, dudarik gabe.

Boterearen erabilera ezberdinak eta horiekiko gogoeta kritikoak dira hurrenez hurren topatzen direnak, eta proiektu gehienen helburua hiritarren jokabidea erregulatzeko erabiltzen diren mekanismoen azterketa dela dirudi. Zer pentsatua ematen dute.

Erakusketatik irteteko, teloi beltz bat igaro behar da, eta bisitaria inguratzen duen pantaila hirukoitzeko instalazio batetik irteten den txalo zaparrada handi batek egiten du agurra. Azken proiektua da. Erakusketak berak merezitako amaiera izan liteke txalo zaparradarena. Baina maisutasunez, hasieran eraikineko hormatik zintzilik ikusitako mezuaren beste bertsio bat da ondorengoa. Bertsio ironikoa inondik ere. Eta erakusketaren hasiera partean ikusitako La televisión lanarekin ere uztartzen dena inondik ere. Gu gara bertan irudikaturik agertzen garenak. Hipokrisia handiz sofan eseri eta telebistari begira gaudenak. Txilen, Bolivian edo Bartzelonan gertatzen ari denaren aurrean, eserita gaudenak. Txalo zaparrada guretzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.