Noiz sortua: 2019-12-10 00:30:00

KRITIKA. Artea

Afektuetatik

Irudi pixelatuak dira Marta Zelaiaren proposamenaren oinarrietako bat.
Irudi pixelatuak dira Marta Zelaiaren proposamenaren oinarrietako bat. LA TALLER Tamaina handiagoan ikusi

Garazi Ansa -

2019ko abenduak 10

Marta Zelaia

Erakusketa: Iturrigardenea. Lekua: Bilboko La Taller. Noiz arte: Abenduaren 23ra arte.

Maite Martinez de Arenazaren gidaritzapeko La Taller espazio goxoa, erosoa, irekia eta gertukoa izateaz gain, tarteka bertaratzeko erreferentziazko gunea da. Beti izaten baita inor edo ezer interesgarririk atea pasatu eta eskailerak jaistean; maiz, aurretik espero ere egin gabe, behin ere kale egiten ez duten artelan eta erakusketak tarteko direla. Ohiturari muzin egin gabe, ildo beretik jarraitzen du azken hilabete hauetan aurkezten ari diren Marta Zelaiaren Iturrigardenea proiektuak ere.

Hiru objektuz, hiru artelanez osaturikoa da. Sinplea irudi dezake, txikia. Zenbakiek agintzen duten gizarte honetan, hutsala. Espektakulutik ere ez du ezer, ez dago inolako efektu berezirik, ezta handikeriarik ere. Baina nahiz eta ikusleak liluratzeko asmoak eta estrategia guztiak aparte utzita egindako proiektua izan, txundigarria da, era berean, emaitza.

Esan daiteke Zelaiak lanean diharduen Big Master izeneko proiektu handiago baten bigarren zatia dela erakusketa. Lehena, Sokatira, aurreko urtean Bilboko Rekalde aretoan aurkeztu zuen. Estetikan jarraikortasuna nabaritzen da: irudi pixelatuaren erabilerak —lauki txikietan deskonposatutako gainazalaren bidezkoa—, zehaztasunak ezabatu, eta, lausotasunak ahalbidetzen duen anonimotasunari esker, eszena unibertsalak lortzen ditu.

Brodatua erabili zuen lehengai gisara Rekaldeko erakusketan; hemen, aldiz, arkatzezko margoak, azulejuak eta zura. Ez dira material ikusgarriak, ez eta tradizionalki goi mailako arte teknikatzat jo izan direnak ere, baina horrek guztiak balio gehigarria igortzen dio proiektuari. Horien hautaketa, teknika horien aldeko aldarrikapena izateaz gain, artistarentzat atxikita duten balio sinbolikoari baitagokio. Eta lotura estetikoaz gain, balio horretan datza Big Master proiektuaren barruan egindako lanak lotzen dituen zilbor hestea. Arkatzezko margoak, azulejuak eta zura. Material xumeak dira, etxekoak, eta inondik ere etxekotasunera garamatzatenak: txikitako margoetara, sukaldeko hormetara eta beheko suaren alboan egoten zen aulki baxura. Materialen bidez iraganera egiten du bidaia Zelaiak, Iturrigardeneara, eta haren familiaren etxera. Denboraz hitz egiten du, pasatutako denboraz, askorentzat gertukoa izan daitekeen iragan hartaz, baina nostalgia kutsurik gabe, orainalditik, ia etorkizunera begira, eta bereziki afektuetatik.

Identitatearen inguruko hausnarketa sakona ere planteatzen da, era berean, erakusketan; familiari, etxeari eta lurrari loturikoa. Forma, material eta tekniketan bistaratzen dena, eta errotikoa dena. Tradizionalki euskal identitatearekin lotu izan diren forma abstraktu eta ustez unibertsalak ziren haiek alboratuz. Harria, metal eta egur sendoak baztertuz, eta, norberaren zintzotasunetik abiatuta eta publikoki biluztearen prozesuaren emaitza hauskorra plazaratuz. Harremanetan eta loturetan — afektuetan hein batean— oinarrituriko identitatea.

Egurrezko aulki baxua, denborarekin jasotako kargari ezin eutsirik, hormaren babesa eta euskarria behar duelarik zutunik mantentzeko, tronu bilakatu du artistak. Objektu preziatu eta sakratua. Haren gainean esertzen zen hura eta esertzen den hori babestuz, eta printze, printzesa, errege edo erreginaren pareko ipiniz. Tronuan ez da edonor esertzen.

Sakratutzat har daitekeen bigarren pieza, berriz, serigrafia bidez eginiko triptikoaren zatiak lotzen dituen urrezko espirala litzateke. Ez materialak berak duen balioagatik, baizik eta, berriz ere, artistak hura lortzeko eginiko eraldatze prozesuagatik. Urtu eta azken forma jaso aurretik, belaunaldiz belaunaldi amek alabei igorritako eraztun eta lepokoak baitziren horiek. Belaunaldien arteko bandak, familiaren pisua eta loturak sinbolikoki gauzatzen eta estutzen dituztenak. Geure identitatearen lekuko eta sustraien itsasgarriak. Eta artelanean bertan ere funtzio bera betetzen jarraitzen dutenak.

Zelaiak, erakusketa honen bidez, memoria, iragandako denbora eta geure identitatearen nolakotasun eta sortze prozesuen inguruko hausnarketara joateko aukera eskaintzen duen atea irekitzen digu. Ezin atarian gelditu. Goazen barrura.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan COVID-19 gaitzak ez du inor hil du Euskal Herrian, eta hamasei positibo atzeman dituzte PCR probekin. Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Herritarrak paseoan, konfinamendua arintzeko lehen fasean ©Jon Urbe / Foku

Beste hamalau positibo eta hiru hildako jakinarazi dituzte Hego Euskal Herrian

Irati Urdalleta Lete

Murgak iragarri du neurriak areagotzea pentsatzen ari direla azken egunetan festa giroan ikusi diren jende pilaketak «mantenduz eta orokortuz» gero.

Irungo bizilagun batek grabatutako bideoaren irudi bat. ©

Santano: «Asteartean gertatutakoa salbuespena izan da, eta, zoritxarrez, irudi mediatiko bilakatu da»

Bidasoko Hitza

Ekainaren 30ean Irungo Legia kaleko hiru tabernetan gertatutakoaren gainean aritu berri da Jose Antonio Santano alkatea. Ehunka lagunek bete zuten kalea, inongo distantzia eta maskararik gabe, eta tokian bertan grabatutako bideo batek hautsak harrotu ditu.
Irungo bizilagun batek grabatutako bideoaren irudi bat.

Produktibitatea

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna