KRITIKA. Artea

Behin-behineko piezak

Mabi Revueltaren instalazioetako bat, Azkuna zentroan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
2021eko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun

Mabi Revuelta. 'Akromatika. Partida hilezkorra'.

Non: Bilboko Azkuna zentroan.Noiz arte: Apirilaren 11ra arte.

Artista baten atzera begirakoa lantzeak haren lanaren inguruko ikerketa sakona bideratzea suposatzen du. Halatan, erakusketa egituratzeko erak askotarikoak izan daitezke: kronologikoak, tematikoak... Ildo honetan barrena, Azkuna zentroak biltzen duen Akromatika. Partida Hilezkorra erakusketak Mabi Revueltaren lanaren inguruko bestelako ikuskera bat eskaintzen digu. Proposamenak artistaren lanaren berrikusketa lantzen du, batik bat. Revueltaren lanaren birpentsatze hori uztartzen den jokoan, erakusketaren egituratzeak rol erabakigarria jorratzen du, xakearen iruditeria baitu ardatz. Esaterako, erakusgai dena xake partida baten atalen arabera definitzen da, hirutan zehazki: irekiera, joko-erdia eta partida amaiera. Oraingoan, beraz, biltzen gaituenatmosfera xake taula bihurtzen da, eta taularen gainean jartzen garenak partida horren behin-behineko piezak izanen gara.

Ibilbidea zirkularra da, eta espazioan egiten ditugun mugimenduen bitartez estrategia bat edo beste jorratuko ditugu. Era berean, egituratze biribil hori modu kronologikoan ordenatzen dela kontuan izanik, partida bilakatu den bisita hori hasieratik edota amaieratik hasteko aukera izanen dugu. Eta prozesu horretan, askotariko euskarriak topatuko ditugu: eskultura, ehungintza, publikazioak, pinturak edota ikus-entzunezkoak.

Partida hastera doa. Hasierak jokoaren irekierari lotutako espazioan kokatzen gaitu, eta, murgiltzean, espazio osoa biltzen duen instalazio leunak bezain zorrotzak harrapatuko gaitu. Zeramikaz eginiko piezak gehitzen dira bertan, forma eta tamaina ezberdinekoak: borobilak, zorrotzak, handiagoak, txikiagoak, figuratiboak, abstraktuak...

Forma, altuera eta tamaina ugariko zeramikaz eginiko obra hori da, hain zuzen, erakusketaren helburua islatzen duen artelana. Izan ere, artistak aurreko hamarkadan egindako lan baten berrikuspena baita instalazioa, alegia, gaurkotasunera ekarritako eta berrinterpretatutako pieza eskultorikoa. Bada, aurretik esan bezala, berrikuspenaren ardatza xakearen ezaugarri eta geruza guztiak izanen dira, eta, modu horretan, hurrengo espazioak zuzen-zuzenean jokoaren tripetan barneratzeko prestatzen gaitu. Irekiera atzean utzi, eta erritmoa geldotzen doa.

Aurrera egin ahala, nolabaiteko agertoki batekin egiten dugu topo. Bertara gerturatzen garen heinean, idulki karratu horrek erakusketaren leitmotiv-ari erreferentzia zuzena egiten diola egiaztatuko dugu: xake taula da. Halako kutsu espektral bat sumatzen da; mamuak balira bezala, tamaina errealeko gizaki formako piezak aurkezten baitzaizkigu taulan.

Halatan, hondoko espazio ilunean soinu bat sumatuko dugu. Beraz, soinuak erakarrita, hurrengo espazioan sartu, eta jokoaren mamian gaudela sentituko du gure gorputzak. Tamaina handiko bi pantaila ditugu, bata bestearen kontra kokatuta. Pareta ezberdinetara begiratzen duten pantailok, ikuspuntu ezberdinetik, momentu berean gertatzen ari den istorio bat kontatzen dute. Erakusketari izena ematen dion istorioa da: Partida hilezkorra.

Pantailaren alde batean xake taularen agertokia dago, eta piezak, mugimendu dotoreen bidez leku bat edo beste hartzen duten dantzariak. Kontrara, filma zeharkatu eta atzeko pantaila begiratzen dugun momentuan, piezen mugimenduak definitzen dituen pertsona aurkeztuko zaigu: Marcel Duchamp. Baina, oraingoan, aktorea emakumea da. Artista frantsesaren rola hartzen duena emakumezkoa izateak badu ikuskera kritikoa, interesgarria baita abangoardiako emakume askoren lanaz jabetu den norbaiten identitatea emakume batek bere gain hartzea.

Honela, partidaren tripak atzean utziz, amaierarantz gerturatzen gara; gerturatzen garen heinean, erakusketaren erritmoa guztiz bizkortzen da. Azkeneko espazioan, Revueltaren lanaren atzera begirakoa gauzatzen da; 1990eko hamarkadatik gaur arte egindako ekoizpen artistiko askotarikoak ditugu. Denboran egindako bidaian barrena, pausoz pauso, azken piezara ailegatuko gara, hain zuzen, partidaren amaiera iragartzen duen xake taulara.

Erakusketan egituratze didaktikoa arnasten da, Revueltak askotan artea eta hezkuntza uztartzen baititu. Hala ere, murruetan edota idulkietan ezarritako pieza goratuen kutsu ludikoa ikusmenaren bidez dastatu dezakegu soilik. Artelanak jolas bihurtzen dira, eta espazioan murgiltzen garenok jolas haren partaide.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.