KRITIKA. Artea

Gerturatze prozesuak

Miguel Alejosen Gasteizko erakusketaren irudi bat. RAUL BOGAJO / FOKU.
2021eko otsailaren 16a
00:00
Entzun

Miguel Alejos. 'Espacio de aproximación (Hurbilketa espazioa)'

Lekua: Montehermoso kulturunea, Gasteiz. Noiz arte: Martxoaren 7ra arte.

Zerbaitetara gerturatzeko graduak askotarikoak izan daitezke. Gaur egungo egoera kontuan izanik, zerbaitetara, nonbaitera edo norbaitengana gerturatzeko ereduak eraldatu egin direla esan genezake, espazio birtualek fisikotasunari leku handia hartu baitiote. Hain zuzen, gerturatze horren aukera eta prozedura askotarikoetan kokatzen gaitu Miguel Alejosek Gasteizeko Montehermoso Kulturunean egituratutako mostran. Izan ere, erakusketaren tituluak berak islatzen duen moduan—Espacio de aproximación (Hurbilketa espazioa)—, berau egituratzen den espazioan objektu, pertsona, irudi edota espazioetara gerturatzeak izan ditzaken esanahiak konposatzen dira.

Hurbilketa espazioa erakusketa EHUko Arte Ederren fakultateak Montehermosorekin elkarlanean proposatutako erakusketa-deialdiaren barruan kokatzen da. Fakultateko ikasleen proiektuak kulturuneko Jovellanos espazioan erakusteko aukera ematen duen deialdiaren barruan, alegia.

Erakusketa gelara gerturatzeko bidea mostran aurkeztuko zaigunaren nolabaiteko prestaketa prozesu baten moduan ulertzea interesgarria egiten zait. Mostrara ailegatzeko hainbat solairu egin behar ditugulako beherantz, eta beheranzko bide horretan murruak estutzen baitira. Honela, beraz, inguratzen gaituen espazioarekiko gerturatzea ezinbestekoa da. Eta, hain zuzen, estutzen doazen korridore luzeen amaieran, gela batera ailegatzen gara, Hurbilketa espaziora.

Estutze horren ostean, mostrak bilduko du gure gorputza. Erakusketa espazio bakar batean egituratzen da, eta horrek aukera ematen du Alejosen lanekiko perspektiba interesgarria izateko. Izan ere, euskarriak ikus-entzunezkoak dira gehienbat, eta horiek gelaren murru zuriak blaitzen dituzte. Gunearen hiru murruetan, behin eta berriz tartekatzen, aldatzen edo gainjartzen diren euskarriok espazioari zentzu bat edo beste ematen diote.

Era berean, kontuan hartzekoa da gela horretan sartzen garen momentuaren arabera bideo bat edo beste ikusiko dugula, eta hortaz, esperientziak askotarikoak izan daitezkeela. Ildo honetan, espaziora gerturatzen garen heinean, ahotsak entzun ditzakegu, edo ez; Bad Gyalen kontzertu batekin egin dezakegu topo, edo gela ilun eta huts batean barneratu.

Bertan murgildu eta espazioarekin kontaktua izan ahala, proiektoreen bidez sortzen den perspektiba-jolasaz ohar gaitezke. Sarrera alboan ezarritakoan, esaterako, lehenik film bat agertzen da, baina bere trama agertu ordez, kameraren mugimenduek beste norabait garamatzate. Loreen lehen planoak errepikatzen dira etengabe. Mugimendu horiei jarraikiz, bertara gerturatzen garenean, proiekzioa aldatu egiten da. Gerturatze prozesu horretan geure gorputzaren itzalak proiekzioa zeharkatzen baitu, honela, filmaren parte bihurtuz. Moztutako loreak eta geure gorputzaren ingeradak bat egiten dute.

Gerturatze hori itxurazkoa da, ezin baititugu loreak eta espazioa ukitu. Alabaina, ikus-entzunezkoak ez ezik, gerturatze prozesu horretan loreontziak izanen ditugu espazioaren izkina batean. Nolabait, bidimentsionaltasunetik aterata erreal bihurtzen dira loreak, haiengana gerturatu gaitezke, ukitu edo usaindu ditzakegu...

Loreontzien alboko proiekziorantz gerturatu eta aurrean kokatzerakoan, erritmoak geldotzen doazela sumatu daiteke. Izan ere, bertarako gerturatzea bestelakoa baita; zuria da hasiera batean, baina tonalitateak aldatuz doaz, kolore leunak eta lauak dira. Eta prozesu horretan testurak sumatzen dira, azkenik, gerturatzearen poderioz, pixelatzen direnak. Pintura baten detaileak izan daitezke?

Ezjakintasun horretan murgildurik, beste pantaila batera bideratzen gaitu espazioak, zeinetan antzoki dotore baten lanpara erraldoirantz gerturatzen gaituen grabatzen ari den kamerak. Bat-batean, jendetza iragartzen duten soinuek blaitzen dute espazioa. Antzoki dotorearen irudia guztiz aldatzen da, eta Bad Gyalen kontzertuan kokatzen gaitu espazioak. Irudien arteko gerturatze horrek antzokiaren eta kontzertuaren nolabaiteko fusioa sorrarazten du, zeinetan geure buruari galdetzen diogun: Eta reggaetona opera barruan egongo balitz? Zergatik ez?

Hurbiltze prozesu horretan, ereduak askotarikoak izan daitezkeela erakusten digu Alejosen mostrak. Bada, instalazioaren koordinazioak eta sinkronizazioak zehazten digu ibilbidea, alde batetik, eta gerturatze prozesu horretan jarraitu beharreko pautak, bestetik. Espazioak aurkezten dizkigun euskarriek pertzepzioei men egiten diete, eta ikusmena da prozesu horren pautak zehazten dituen zentzumena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.