KRITIKA. Artea

Eztabaida mahai gainean

Irene Holguinen Beste artxibo bat instalazioa, Uharte Zentroko Habitación 6+4 erakusketan. UHARTE ZENTROA.
2021eko martxoaren 2a
00:00
Entzun

'Habitación 6+4'.

Non: Iruñeko Uharte zentroan.Noiz arte: Apirilaren 18ra arte.

Egunotan, Uharte Arte Garaikidearen Zentroak Nafarroako Gobernuarekin batera sustatutako laguntzen emaitzak aztertzeko aukera izanen dugu Habitación: 6+4 erakusketan. Gai zehatz baten pean eraikitako komisariotza proiektuak askotarikoak izan daitezke. Bada, aniztasun horretan murgildurik litekeena da erakusketa bat hornitzen duten artelanen arteko lotura tematikoak proposamenari nolabaiteko osotasuna ematea. Hain zuzen, obren eta komisariotza proiektuaren irakurketa errazten duena.

Kasu honetan, Uharte Zentroan leku hartzen ari den Habitación: 6+4 erakusketa ez da parametro horietara egokitzen. Sei artista (Irene Holguin, Jose Castiella, Alvaro Gil, Xabier Barrio, Alberto Oderiz, Irati Urrestarazu) eta Protokolektibo taldearen instalazioak biltzen ditu. Alabaina, nahiz eta espazio berean egituratu, Uharte Zentroko erakusketa espazioaren tamaina handia kontuan harturik, lan bakoitzak bere txoko zehatza okupatzen du. Modu horretan, instalazio bakoitza nolabaiteko mikro-erakusketa bat bezala ulertzera bideratzen gaitu espazioak.

Hain zuzen, erakusketa egituratzen duten mikroespazioen artean aurkitu dezakegu Irene Holguinek sortutako artxiboa, Beste artxibo bat izena duena. Espazioan barneratu bezain pronto sumatzen da instalazioa: tiraderaz eta bitrinaz hornitutako mahai zabala. Horien barnean aldizkariak, komikiak, argazkiak, posterrak, liburuak... daude. Halatan, mahaira gerturatu ahala, bestelako artxiboaren edukiak haren berezitasunaz ohartaraziko gaitu, hegemonikoki emakumeen kontsumorako sortutako materialak baitira.

Holguinek hainbat urtez egindako ikerketa sakonaren etekinak dira mahaiaren gainean, azpian, barnean eta alboan ezarritako material guzti-guztiak. Halaber, materialak biltzen dituen euskarria bera ere nolabaiteko komisariotza proiektu konpaktu gisa ulertzea interesgarria suertatzen zait. Tiradera eta bitrinen txukuntzea estrategikoa izanik, artista berak aurkeztutako produktuen arteko kontraesanak, antzekotasunak eta desadostasunak erakusten saiatzen baita. Ondorioz, tiradera bat edo beste irekitzeak erakusketa tradizional batean espazioan mugitzearen zentzu berdina bereganatzen du.

Artxiboa biltzen duen mahaian maitasun erromantikoaren atzaparretan murgiltzen gaituzten fotonobelak, edertasun kanon zehatzei jarraitzeko pautak ematen dizkiguten aldizkariak eta emakumeen gorputzak sexualizatzen dituzten komikiak ditugu, besteak beste.

Era berean, materialak sortu ziren testuinguruak gaurkotasunetik aldentzen gaitu, 1960, 1970, 1980 eta 1990eko hamarkadetanegindako material grafikoak aurkezten baitzaizkigu bertan. Hain zuzen, feminitate eredu ofizialen eraldatzeak igortzen dituzte horiek, non frankismo garaiko emakumetasun eredu nazional-katolikoa urratu eta kontsumo-gizarteari lotutako bat sortzen den. Alegia, prozesu horretan, mahaia eztabaida gune bihurtzen da.

Eztabaida gune hura hiru ardatzen gainean sostengatzen da: egunerokotasuneko errealitatea, feminitate eredu zehatz bat sortzen duten erremintak eta irakurleekin konektatzen duten elementuak. Horien bidez, feminitate estereotipoak sortzen dira, zuzen-zuzenean geure egunerokotasunean txertatzen diren ereduak, alegia. Oso-oso onak diren subjektu femenino atseginegiak, maltzurrak diren emakume sexyak... Horiek dira, besteak beste, mahaiaren aurreko partea hornitzen duten material literarioetan topatuko ditugun ereduak.

Era berean, mahaiaren beste aldean, errealitatea zeharkatu eta subjektu femeninoei zuzendutako aldizkarietan sumatuko ditugu halakoak. Bada, bertan aurkeztutako materialak ez dira egun kontsumitzen diren ereduetatik aldetzen, askoren ekoizpena mantentzen baita: maitasun testak, horoskopoa, pertsonaia ezagunen bizitza zoragarriak kontatzen dituztenak...

Askotan, bestelako artxibo horietan topatzen diren materialak zuzen-zuzenean errefusatu egin dira.Ordea, beharrezkoa da horrelakoak mahai gainean jartzea eta feminitate eredu ezberdinekin lotutako produktuon ekarpenak eta kalteak aztertzea, horien existentzia ahaztu ez dadin. Hari horretatik tiraka, artxiboaren, ikerketaren eta fetixearen arteko lerro estuan mantentzen da Holguinen lana, non zentzuaren eta apetaren arteko muga urtzen den. Alabaina, ez al da artxiboen egituratzea parametro horien magalean eraikitzen?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.