KRITIKA. Artea

Badaude motiboak

Malus Arbide, Bilboko La Tallerreko erakusketan. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
2021eko martxoaren 23a
00:00
Entzun

Malus Arbide. 'Index'

Non: La Taller, Bilbo.Noiz arte: Apirilaren 2ra arte.

Grabatuan oinarritutako tailerra eta galeria da La Taller. Hala ere, ez du grabatu tailer tradizionalekiko zerikusi handirik. Teknika jakin honetan erabat zentratu ordez, grabatuaren inguruan biltzen ahal diren aberastasun maila ezberdin eta pentsaezinak zabaltzen dituen arte tailer gisa defini daiteke egokiago. Beti dute zerbait berria erakusteko, ezustekoren bat izango dena, ezberdina, askotan beste inon topatuko ez dena. Hibridazioekin oso maiz jokatzen dute, emaitza ezin interesgarriagoak lortuz. Oraingoan, ehungintzarekin ez ezik, diseinuarekin ere hasi dira dantzan. Emaitza, Malus Arbideren Index erakusketa da.

Espazioa bera txikia denez, ez dira inoiz objektu asko izaten erakusgai, baina hori ez da inolaz ere eragozpena izaten, ez eta kasu honetan ere. Alderantziz. Artelanak beren indibidualtasunean ikusteko zailtasuna dakar espazioaren txikitasunak, eta, beraz, instalazioari nahitaez garrantzi berezia eman behar zaio. Eta hori Maite Martinez de Arenaza La Talerreko zuzendariak ezin hobeto daki, eta ezin hobeto darama praktikara. Erakusketa bakoitzean La Talerreko espazioa eraldatzeko magia suertatzen da, erakusketa bakoitzarekin espazioaren hautematea erabat eraldatzen delako proiektu berrien beharren arabera. Eta kasu honetan ere hala gertatu da.

La Tallerreko atea gurutzatu eta eskailerak jaisten hasita, bisitariak ez du grabatu tailer batean sartzen ari denaren sentsaziorik, baizik eta ehungintza tailer batean. Ezkerreko aldeko hormatik zintzilik, diagonal luze bat osatuz eta egitura zilindrikoetan sostengaturik, hainbat metrotako oihalak agurtzen du bertaratzen dena. Eskuinera begiratuz, berriz, tailerreko erakusleihoa balitz bezala, eta bertan sortutako emaitzen gisara, hainbat alkandora daude, kolore dirdiratsu eta bizikoak, ate joka dugun udaberriari deika ariko balira bezala.

Atea gurutzatu orduko, argi uzten du erakusketak kasu honetan grabatuaren eta diseinuaren arteko hibridazioan sartzera goazela. Baina hibridazioaren azken emaitzak soilik aurkeztu beharrean, Arbideren prozesuaren erakustaldiaren erdian kokatzen du erakusketak bisitaria. Errotazio sistema dirudien instalazioan hasi, eta alkandoren taxutzean amaitzen dena: ehungintza, pintura, grabatua, baliabide digitalak eta artisauzkoak; guztiak nahasten diren ibilbide konplexuan. Joan-etorri hainbatetan oinarritutakoa da, emaitzak aberastuz, eta hainbatetan prozesuan bertan sortutako objektuak ere, prozesu huts izan beharrean, emaitzen parte bilakatzen dira.

Errotazio sistemako oihala ez da oihal hutsa. Artistak bere ordenagailuan dituen diseinuen artxiboen kopia da bertan ikus daitekeena: karpetaz karpeta, 1998tik 2016ra bitartean burutu dituen pattern-etako bakoitza. Oihala alde batetik bestera arakatzea Arbideren ekoizpenaren unibertsoaren oinarrian murgiltzearen parekoa da. Denetariko motiboak ikusten dira: egurraren imitazioa, zeloaren irudiak, lerroak, puntuak, formula matematikoak... milaka aldiz errepikatuta haien izaera material eta funtzionalarekiko bereizi eta pattern dekoratibo bilakatuak; lan egiteko material estetiko.

Baina prozesua hor amaitzetik urrun dago oraindik. Izan ere, nahiz eta lehenengo zatian modu digitalean lan egiten duen —jada 1990eko hamarkadan hasi zen modu honetan lanean—, ondoren motibo horiek eskuetara dakartza. Zenbaitetan haiek oihaletan inprimatu, eta gainean, zuzenean esku hartzen du, serigrafia edo pinturarekin, eta besteetan, berriz, motibo horietatik abiatutako emaitza plastikoak sortzen ditu, eta berregin; irudi matematikoak irudi organiko eder bilakatuz. Eta azken hauek berriz ere pattern bilakatu, eta, pattern ezberdinen arteko collageen bidez, alkandora bilakatuko diren azken oihalak sortzen ditu. Ia magikoa dirudi.

Ehungintza oraindik ere artearen munduarekiko disidentetzat jotzen da, eta are gehiago diseinuarekin nahasi eta, gainera, emaitzak merkaturatzen direnean —artelanen merkaturik ez balego bezala—. Hori dela eta, modu honetako sorkuntza lan eta prozesuak ikustea ez da batere erraza oraindik, ez museo, ez eta galerietan ere, tamalez. Tarteka gauzatzen diren horrelako iniziatibek, ordea, arrotz ditugun munduetara leiho bat irekitzeko balio dute; eta azaleratzen dute ez daudela artearen esparrutik ikusarazi diguten bezain urrun. Are gehiago, badela garaia eta badirela jada nahiko motibo eta arrazoi praktika profesional hauek ere haren barruan ulertzen hasteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.