KRITIKA. Artea

Irudien irakurleak

Memoriaren inguruko obra ugari dira erakusketan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
2021eko maiatzaren 11
00:00
Entzun

Ana Teresa Ortega

Izenburua:Iragana eta oraina, memoria eta haren eraikuntza. Lekua: Nafarroako Unibertsitateko museoa.Noiz arte: Urriaren 10era arte.

Iragana eta oraina, memoria eta haren eraikuntza da Ana Teresa Ortega argazkilariak Nafarroako Unibertsitateko Museoan aurkeztutako mostraren izena. Atzera begirako erakusketa da hura, eta Valentziako (Herrialde Katalanak) artistak 90eko hamarkadatik egunera arte egindako ekoizpen artistikoak aurkezten dizkigu.Nahiz eta aurkeztutako artelanak garai ezberdinetakoak izan, mostrak ardatz zehatz bat jarraitzen du, zeinak frankismoaren eta memoria historikoaren inguruko hausnarketa egitera gonbidatzen gaituen.

Hari horretatik tiraka, memoria, historia eta kultura bisualaren arteko uztartzea gauzatzen da museoaren zorupean kokatua dagoen erakusketa espazioan. Hain zuzen, horiek dira Ortegaren lan ildo nagusiak, artxibo edota elkarrizketen bitartez egindako ikerketetatik abiatzen baita. Bertan azaleratutako edukiak ikusizko adierazpen artistiko izatera pasatzen dira: argazkiak, ikus-entzunezkoak... betiere, kutsu eskultoriko baten pean sortuak dira obrak.

Memoria, historia eta irudiak oinarrian egonik, kronologikoa den ibilbidea sailka egituratzen da. Alegia, sail bakoitza erakusketa espazioaren guneetara egokitzen da. Honela, osotara gai zehatzak jorratzen dituzten bederatzi mikro-espazio aurkeztuko zaizkigu geletan zehar aurrera egin ahala: Erbesteko irudiak, Oroimenaren lorategiak, Pentsalariak, Isildutako kartografiak... alabaina, nahiz eta komisariotza lanak aipatutako sailkatzea gauzatu, badira guztiz definituak ez dauden atalak. Eta horrek nolabaiteko desoreka sortarazten du mostraren egituran, artelanekiko perspektiba galtzeko arriskua baitago.

Erakusketa aretoaren atarian kokatutako Foto-eskultura seriea da Ortegaren mostrak aurkezten duen lehenengo espazioa. Artistaren hastapenetako ekoizpen artistikoa dugu hori, hain zuzen, hark eskulturarekiko duen lotura baieztatzen diguna. Argazkiek bolumena hartzen dute, eta euskarriak irudiak bezainbesteko garrantzia bereganatzen du.Honela, argazkiei zentzu bat edo beste ematen diete euskarriek.

Deigarria da, esaterako, lehenengo espazio horretako zoruan ezarritako eskultura, hilkutxa baten forma ekartzen baitu gogora. Halaber, barnera begiratzen dugun momentuan, erreferentzia zuzena dela baieztatuko digu hondoa hornitzen duen argazkiak. Bertan, lur gainean amildutako gorpu baten zapatak azaleratzen baitira.

Argazkilaritzaren eta materia eskultorikoaren arteko tentsio hori mantentzen da Erbesteko irudiak izeneko sailean ere. Gerra garaian erbesteratutako hainbat pertsonaren irudiak hedatzen dira hor; argazki soil izateari uzten diote, eta psikologiaz beteriko erreminta eraginkor bihurtzen dira. Irudiekin batera, soinu bat sumatzen dugu: itsasoa. Material, euskarri eta irudien bateratzeak egoera latz horrek sortzen duen barne hausnarketa egitera bideratzen gaitu.

Erakusketaren espazio handiena hartzen du Isildutako kartografiak atalak. Zezen plazak, eskolak, lantegiak, mendi tontorrak... Argazki seriea biltzen duen espazioan barneratzen garenean, hamarnaka irudi biltzen dituen instalazio xumea aurkezten zaigu. Baina, irudiok eta haien kartelak arretaz aztertzen hasten garen momentuan, argazki haien ezkutuko memoriak zeharkatuko gaitu. Karteletan agertzen diren izenak eta datak 1936-1975 urteen artean kokatzen baitira. Egungo eszena kostunbrista horiek zerbait ezkutatzen dutela igorriko digu artistak: kontzentrazio esparruak, kartzelak, presoek eraikitako espazio publikoak...

Halaber, mostraren hurrengo espazioetan argazkiaren eta irudiaren irakurketaren inguruko hausnarketak indartzen dira, eta euskarrien inguruko lanketak bigarren planora pasatzen dira.

Eta trantsizio horretan barrena, Liburutegia izeneko espazioan eskalak eraldatzen dira guztiz, espazio karratuaren hormak betetzen baitituzte bi proiekzio erraldoik. Batean, liburu baten barnealdea dugu, eta bestean liburutegi baten apalak. Eta erdian horien arteko elkarrizketa oztopatzen duen aldamio bat agertzen zaigu memoriaren berreraikitzeari dei egiten. Liburuek eta idatziek memoriaren bizirautea bermatzen baitute.

Honela, hurrengo espazioek ildo horri eusten diote, betiere idazkera eta irudien uztartzea eginez, memoriaren eraikitzeari egiten baitiote dei. Prozesu horretan memoria, historia eta irudien irakurle aktibo bihurtzen gara. Eta, honela, gaur eta orain iraganean ezkutuan mantendutako historiaren jarraipena bermatzen dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.