Albistea entzun

KRITIKA. Artea

Gainazalen irakurketak

Katinka Bockek erakusketan jarri duen lanetako bat.
Katinka Bockek erakusketan jarri duen lanetako bat. CEBRIAN GALERIA Tamaina handiagoan ikusi

Garazi Ansa -

2021eko abenduak 7

'Segment With Unknown Radius'

Artista: Katinka Bock. Lekua: Donostiako Cibrian galeria. Noiz arte: 2022ko otsailaren 12ra arte.

Komisarioek eta museoetako zuzendariek erakusketetarako artisten zerrendak burutzean maiz pentsatzen duten kontua izan ohi da ea artista horien lanak gertuko testuinguruan aspaldi edo inoiz erakutsiak izan ote diren —bereziki, atzerriko artistei dagokienez—. Logikoa izan daiteke joera hau; bestela beti artista berberen proiektuak eta lan berdintsuak ikusteko arriskua legokeelako, eta gauza berriak eta freskoak ikustea denontzat delako atsegina eta aberasgarria. Dena den, ez da beti erraza izaten beste hiriburuetara biltzea bertako espazioetako erakusketa guztiak ikusi ahal izateko. Eta kasu honetan, adibidez, hori dela-eta eskertu dut Donostiako Cibrian galerian proposatzen duten Katinka Bock artistaren banakako erakusketa. Orain dela hilabete gutxi gorabehera itxi zen Artiumen egin zioten bakarkakoa, eta hura ikusteko aukerarik ez nuen izan. Donostiakoak, Segment With Unknown Radius izenekoak, txikiagoa eta aurreko erakusketaren parte izan ez ziren piezez egituratuak, eskuera egonik, bere lana ezagutzeko aukera eman dit.

Itsasoa, animaliak, intxaurrak, geruzak, gainazalak, espazioak eta lekuak. Katinka Bockek Artiumeko erakusketaren harira eta dirudienez pandemiak eraginda, egonaldi bat baino gehiago egin zuen Euskal Herrian, eta Donostia eta Pasaia inguruetan sarri ibili zen. Maiz, testuinguru, espazio, leku, lurralde eta ingurunearekin zuzenean lotutako proiektuak egiten ditu artistak, eta, Euskal Herriaren kasuan, bai Artiumen bai Cibrian galerian —honako hau aurrekoaren jarraipentzat uler daitekeela esan baitaiteke— euskal kostaldeari eta itsasoari begira jarri da. Erakusketari hasiera ematen dioten For Your Eyes eta Stereo Island lanek iradokitzen duten moduan, betaurrekoak janzten laguntzen digu Bockek, eskura eta gertukoak ditugun material, izaki, gizaki eta elementu naturalek gainazal ezberdinetan eta guregan uzten dituzten aztarna horiei arretaz begiratzeko. Kasu honetan, hemengo aztarnei: kresalak metalaren gainean sortzen dituen degradaziozko marka ederrak, edo oihalezko geruzen gainetan eguzki izpien zuzeneko proiekzioek sortzen dituzten kolore jateak. Horrelakoxeak dira aztarnak.

Gainazal hauek —zahartzat jotzen direnak, edo hondatutzat, zikintzat bestela—, balio gehituko objektu gisara aurkezten zaizkigu aretoan. Beraien gainazaletan denboraren igarotzea izkiriatuta duten objektuak dira, leku eta testuinguru zehatz bati lotuta daudenak, eta leku eta une haiez hitz egiten digutenak. Memoriadun gainazalak dira guztiak, sentsazioak eta esperientziak transmititzen dituztenak. Bizia duten gainazalak dira; izaera organikoa dutenak.

Dena den, objektu hauen izaera organikoa ez da ez erabatekoa, ez eta totala ere. Objektuek hartzen dituzten forma geometrikoez mugatuta daude; lerro zuzen eta izaera industrialeko material distiratsuek errealitatean izan dezaketen funtzio eta berezko espazio horretatik kanporatzen dituzte, eta esanahi eta interpretazio posible gehigarriak erantsi.

Artistak gogoko du esparru ezberdinei dagozkien elementuen lotura eta elkarketa hauek egitea, eta jolas hau espazioan bertan ere aplikatzen du. Maiz erakusketa aretoak errealitatearekiko erabat espazio isolatuak izaten dira; haietan barneratzean kanpoko espazioarekiko erlazioa zeharo eteten da, eta irudikapenari edo errepresentazioari dagokion bestelako espazio batean barneratzen dira bisitariak. Bockek, ordea, bi espazio hauen arteko mugak lausotzea lortzen du Einsich bewegt instalazioaren bidez: aretoko hormen gainazaletatik abiatuta, zulo bikoitz bat ireki du, eta nolabaiteko pasadizo espazial bat sortu. Bertan burua sartu, eta galeriaren eskaparatearen bidez kanpoko kalea ikusten da.

Mugimendu, lotura, elkarketa hauek guztiek egoki funtziona dezaten, ordea, beharrezkoa da oreka eta balantza zuzena topatzea. Eta, hain zuzen ere, hori gogorarazten digun pieza da galeriaren zentroan kokatzen dena: Le navigateur, baleei uretan oreka mantentzen eta orientatzen laguntzen dien belarriaren barnean kokatutako hezurrean inspiratutako eskultura.

Pena erakusketari buruzko argitalpen eta eskuorriak soilik ingelesez eta gazteleraz zeudela eskuragarri. Euskararen Eguna berriki igaro den honetan, ezin aipatu gabe utzi.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Laura Mora, <em>Los reyes del mundo</em> filmeko zuzendaria (eskuinean), filmeko lantaldeko kideekin, atzo, Kursaaleko amaiera galan. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

'Los reyes del mundo'-k irabazi du Urrezko Maskorra

Ainhoa Sarasola-Mikel Lizarralde

Laura Mora zuzendari kolonbiarrak bere herrialdeko bost gazteren istorioarekin eskuratu du jaialdiko sari nagusia. Genki Kawamura japoniarrarentzat izan da Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra

Neil Jordan zinemagilea, Diane Kruger eta Liam Neeson aktoreekin, <em>Marlowe</em> filma aurkezteko agerraldian, atzo, Donostiako Zinemaldian. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Detektibearen itzal luzea

Ainhoa Sarasola

Neil Jordanen 'Marlowe' filmaren lehiaz kanpoko emanaldiak itxi du Zinemaldia. Liam Neesonek egin du Philiph Marlowe detektibearena, eta Diane Krugerrek Clare Cavendish haren bezeroarena

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...